Neskek ez dute barkatu

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 19a, 19:30

Oriaren XXVIII. Traineru Jaitsieran jokoan zeuden bi banderetatik bat etxean gelditu da, Orioko neskak izan baitira denetan azkarrenak. Mutilek ere lan txukuna egin dute, baina sailkapeneko laugarren lekuan bukatu dute lehia, eta bandera Bermeora joan da. Gainontzean, jaitsierak giro bikaina sortu du herrian, eta ehunka izan dira arratsaldea erriora begira pasatu duten herritarrak.

Gaur arratsaldean jokatu dute Oriaren XXVIII. Traineru Jaitsiera. Ohi bezala, jende ugari erakarri du hitzorduak, eta ehunka izan dira errioaren alboetan eta herrira sartzeko zubian arratsaldepasa egin duten herritarrak. Eguna borobiltzeko, etxean gelditu da jokoan zeuden bi banderetako bat, Orioko emakumeak nagusi izan baitira. Gizonezkoena, ostera, Bermeora joan da. Oriotarrek lan txukuna egin dute, baina sailkapeneko laugarren postuan bukatu dute lehia.

Bilboko traineru inklusiboa izan da jaitsierari hasiera eman diona, 16:30ean puntuan. Haren atzetik irten dira Herrialde Katalanetatik etorritako zortzi llagut, jubenilen bost traineru eta beteranoen 22. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako hamazazpi traineruk egin dute arraun, eta gizonezkoetan, 26 ontzi atera dira. Azken horiek Mapiletik irten dira eta errioan behera 6.000 metroko ibilbidea egin dute; beste guztiak Saikolatik irten dira, eta 4.000 metro egin dituzte.

Oriok absolutuen mailan bakarrik lehiatu du. Nesketan, traineru bakarra uretaratu du, bandera irabazi duena hain zuzen. 14 minutu 59,75 segundo behar izan dituzte 4.000 metro egiteko, bigarren egin duen Tolosako traineruak baino 17,63 segundo gutxiago.

Mutiletan, bi ontzi atera dituzte etxekoek. Lehen taldeak 20 minutu eta 44,84 segundo behar izan ditu Orian behera 6.000 metroko ibilbidea egiteko, denborarik onena egin duen Bermeok baino 24,88 segundo gehiago. Bigarren taldeak, berriz, sailkapeneko 11. lekuan bukatu du lehia. 21 minutu eta 33,87 segundo behar izan ditu helmugara iristeko, Bermeok baino minutu eta 13,91 segundo gehiago. 

Eskualdeko ontzi ugari

Eskualdeko taldeei dagokionez, Zumaiak, Getariak eta Zarautzek ere parte hartu dute jaitsieran. Zumaiak ontzi bana atera du kategoria bakoitzean, llagut-etan izan ezik. Jubeniletan, bostetik laugarren egin dute; beteranoetan, 22tik bosgarren; absolutu mailako emakumeen ontziak zortzigarren postuan bukatu du lehia, lanak bukatzeko oriotarrek baino minutu eta 6,22 segundo gehiago erabilita; eta gizonek hamahirugarren postuan amaitu dute, Bermeorengantik minutu eta 21,95 segundora.

Zarautzek ere ordezkaritza zabala izan du jaitsieran. Batetik, Zarautz Arraun Elkarteak bi ontzi atera dira, absolutuen mailako neskena eta mutilena. Neskek sailkapeneko hamargarren lekuan bukatu dute, oriotarrengandik minutu eta 33,46 segundora; mutilek, berriz, bederatzigarren lekuan, bermeotarrengandik minutu eta 8,80 segundora. Horrez gain, gizonezkoen beste ontzi bat ere uretaratu dute getariarrekin erdi bana, eta horiek hamabigarren egin dute, irabazleengandik minutu eta 21,13 segundora.

Bestetik, Zarauzko arraunlari beteranoek —ez dira Zarautz Arraun Elkartekoak— bi traineru atera dituzte, Badok 13 izenarekin. Garaipenik ez dute lortu, kategoria horretan Chapela ontzia izan baita azkarrena, 4.000 metroak 15 minutu 9,43 segundoan eginda; baina hirugarren postua zarauztarrentzat izan da. Irabazleek baino 25,09 segundo behar izan dituzte jaitsiera gauzatzeko. Beteranoen bigarren trainerua, berriz, hemezortzigarren lekuan sailkatu da, txapeldunengandik 3 minutu eta 36,68 segundora. 

Azkenik, aipatzekoa Getariako mutilen traineru nagusiak egin duen lana. Sei kilometro egiteko 21 minutu eta 7,70 segundo erabilita, haiena izan da arratsaldeko seigarren jaitsierarik azkarrena. Bermeotarrengatik 47,74 segundora bukatu dute, eta Orioko lehen taldearengandik 22,86 segundora. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!