Horiaren azpiko koloreak

Berria 2022ko ots. 20a, 16:00

Edith Uranga Orioko arraunlariak eta Rafa Gonzalez Txabarri Orioko arraun elkarteko prestatzaile fisikoak etxean ikusiko dute gaurko derbia. Sailkapenean gertu dauden eta "estilo ezberdinak" dituzten bi talderen arteko partida "lehiatua" espero dute. Iñaki Berasategi Berria egunkariko kazetariak egindako erreportajea da honakoa:

Entrenamendu arratsalde lasaia da Orioko Arraunetxen. Gaztetxoak ari dira uretaratzen arratsaldeko lehendabiziko orduetan, eta nesken talde nagusia izango da eguneko azken lan saioa egingo duten ontzietako bat. Hasi dira apurka-apurka taldeko kideak bertaratzen. Jertsearen azpitik Realeko kamiseta jantzita azaldu da hitzordura Edith Uranga arraunlaria (Orio, Gipuzkoa, 2001): Nerea Eizagirreren izena eta hamar zenbakia daramatza bizkarrean. Patxi Frances nesken taldeko entrenatzailea igaro da ondotik, eta zera esan dio bere arraunlariari: "Edith, erakutsi ondo kamiseta hori argazkietan, e!". Frances ere realzale petoa baita.

Mirotz-en bigarren entrenatzaile eta arraun elkarteko prestatzaile fisiko Rafa Gonzalez Txabarri (Orio, Gipuzkoa, 1966), aldiz, athleticzale sutsua da. Laktato testak egiten ari zaizkie zenbait arraunlariri. Lan horiek amaitu bezain pronto, Athleticen kamiseta zuri-gorria jantzi, eta uretaratzen ari den haurren ontzi baten parean egin dituzte argazkietako batzuk bi protagonistek. "Aupa Athletic!", esan dute ontzitik. Berehala erantzuna ontzitik bertatik: "Aupa Reala!". Frances berriro agertu da, eta txantxetan mintzatu zaio bere laguntzaileari: "Nola izan daiteke oriotar bat athleticzalea?".

Etxean ikusiko dute Urangak eta Gonzalez de Txabarrik derbia. "Bazkidea ez banaiz ere, modu batera edo bestea, partida guztietara edo ia guztietara joatea lortzen dut. Taldekide batekin joaten naiz. Azkeneko partida guztietan izan naiz", esan du Urangak. "Ezinezkoa zait partidak ikustera joatea. San Mamesera joatearen falta sumatzen dut. Gainera, edukiera murrizketekin are eta zailagoa izan da sarrerak lortzea. Pentsa zer polita zatekeen Real Madrilen eta Bartzelonaren aurkako garaipenak harmailan ikustea", dio Gonzalez Txabarrik.

Athleticzale baino realzale gehiago dago Orio herrian eta Orio arraun elkartean, baina Gonzalez Txabarrik dio badirela "baten batzuk2: «Duela urte batzuk, Orioko athleticzaleak bildu ziren, eta jende dezente elkartu ginen. Nire adinekoak eta zaharragoak diren oriotar asko Athleticekoak dira, inguruko jokalari batzuk Athleticen aritu zirelako: Argote, Iribar abizeneko bat... Garai hartan, Realak ez zeukan orain Gipuzkoa osoa biltzeko daukan indarra eta gaitasuna. Athletic zen orduko talde indartsua. Nire alabak ere Athleticekoak dira». Urangaren etxean txuri-urdinak dira, ia guztiak: "Txikitatik gara realzaleak. Egia da aita athleticzalea dela, baina kontra egiteagatik-edo izango da".

Derbia aztertzen hasita, neurketa "parekatua" espero dute biek ala biek. "Bi joko estilo oso desberdinen arteko partida izango da". Baietz egin du buruarekin Gonzalez Txabarrik. "Realak baloia edukitzea maite du; Athleticek, ordea, joko askoz ere fisikoagoa dauka", erantsi du prestatzaileak.

Irakurri erreportajea osorik Berria-ren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide