Aulki mugikorreko estropadak jokatuko dira igandean errioan

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 24a, 13:18

12:00etatik aurrera jokatuko da Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako 4.jardunaldia.

Asteburu honetan ere, arraunzaleek izango dute zer gozatua errioan. Igandean, 12:00etatik aurrera, aulki mugikorreko estropadak ikusteko aukera izango da. Zehazki, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko 4.jardunaldia jokatuko dute estropalariek.

Bada berritasun bat igandera begira. Orain arte, estropada guztiak jaitsiera modalitatean egin dituzte, eta ontziak banaka-banaka atera izan dira, elkarren segidan. Hemendik aurrera, distantzia motzagoetan egingo dute arraunean estropalariek, eta aurkariak ondoan izango dituzte. Hau da, irteeratik, lerroz-lerro jarrita aterako dira ontziak.

Antolatzaileek bi ibilbide egokitu dituzte estropadetarako. Izan ere, seniorrek, jubenilek eta kadeteek 1.500 metro egingo dituzte arraunean, eta infantil eta beteranoek 1.000. Ibilbide luzeak Sarikola inguruan izango du irteera puntua, eta besteak Anibarko Portua eta Ortzaika artean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!