Xabier Alberdik joan den astean emandako hitzaldia ikusgai dago sarean

Karkara 2022ko mar. 1a, 14:26

Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean hitzaldia eman zuen lehengo astean Alberdik Arraunetxen. Udalak, agindu bezala, bideoz jaso zuen saioa, eta orain ikusgai jarri dute herritarrentzat. Gauza bera egingo dute Errioa, gure nortasuna zikloaren baitako mintzaldi guztiekin, horiek egiten doazen heinean.

Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sorta abiatzeko, Xabier Alberdi Lonbide Historian doktore eta Itsas Museoko zuzendariak hitzaldia eskaini zuen joan zen astean Arraunetxen. Guztira bost hitzaldi antolatu ditu udalak, hilabeteko azken asteazkenetan, eta lehen saioan XVI. mendeko herriaren egoera aztertu zuen Alberdik, galdera bati erantzunez: zergatik nabarmendu ziren oriotarrak itsasoan, eta batez ere, Ternuako balea-arrantzan?

Izan ere, ezagutzen diren Ipar Amerikako lehen dokumentuen artean daude bi arrantzale oriotarren testamentuak: Joanes de Etxaniz eta Juan Martinez de Larrume itsasgizonenak. Baina, zergatik eman ditu horrenbeste marinel trebe Gipuzkoako kostaldeko herri txiki batek?

Erantzunaren bila, Orio herriaren sorreraino jo du Alberdik, eta burdinaren ekoizpenak eta salerosketak herriaren garapenean izandako eragina azaldu du. Hain zuzen ere, hiribildua eskatu eta Donostiatik banatzeko arrazoi nagusietako bat zen burdinaren merkataritzatik eratorritako zergak Orioko Udalak kudeatzeko eskumena lortzea.

Eta zerga-bilketa hartan ezarri ziren udalerriaren mugak. Gatazkak izan ziren bizilagunekin, hitzaldian entzun daitekeen modura; Aiako jauntxoekin, batez ere, burdinolak errio bazterrean zeudelako, eta interes ekonomikoak tarteko, auzitan bukatu ohi zuten liskarrek, baita errioko arrantzari lotutakoek ere.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!