Udane Ostolazak irabazi du gazteen mailako Emakumeen Harri-jasotze Txapelketa Aroa Sanchezen aurka

Julene Frantzesena 2022ko mar. 7a, 10:10

Atzo eguerdian Azpeitian jokatu ziren Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finalak, eta gazteen mailan bi oriotarrek neurtu zituzten indarrak.

Ezustekorik ez zen izan atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finaletan, eta txapeletako bat Oriora etorri zen,  gazteetan Emakumeen Harri-jasotze Txapelketako finala Udane Ostolazak irabazi baitzuen. Aurkari beste oriotar bat izan zuen: Aroa Sanchez. 56 eta 48 altxaldi egin zituzten, hurrenez hurren.

Zarautzera ere joan zen txapelen bat: Mikel Lopetegi Urra-k irabazi zuen, izan ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa. Bestalde, Julen Alberdi, Txikia V.a azkoitiarrak eta Suharri Rodriguezek irabazi zuen Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa, Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa, eta Karmele Gisasola, Zelai III.ak Emakumeen Harri-jasotze Txapelketa.

Eguerdian jokatu zituzten finalak, 12:00etan hasita, eta harmailetan dozenaka zale zirela. Kirolariek ez zuten hutsik egin; izan ere, lehia ederra osatu zuten.

Hainbat txapelketa elkarren jarraian

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan lau bikote aritu ziren nor baino nor. Hainbat enbor ebaki behar izan zituzten kirolariek, eta denborarik onena Txikia V.ak eta Suharri Rodriguezek lortu zuten, lanak 25 minutu eta 55 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu ziren Ugaitz Mugertza, Mugertza II.a eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundotan bukatuta, eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia izan ziren (28:07). Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia, Basozabal izan ziren, lanak egiteko 30 minutu eta 56 segundo behar izan baitzituzten.

Emakumeen Txapelketan bi bikote aritu ziren nor baino nor: Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Laiene Pikabea eta Irati Astondoa izan zituzten aurrez aurre. Bi lan egin behar izan zituen bikote bakoitzak, eta horiek bukatzen aurrenak Sorondo eta Arruti izan ziren; 11 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten. Pikabeak eta Astondoak, ostera, 13 minutu eta 04 segundotan bukatu zituzten lanok.

Hirugarren final bat ere jokatu zuten atzo Azpeitian. Hain zuzen ere, Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala ere izan zen. Mikel Lopetegi, Urra, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola lehiatu ziren, eta lan guztiak eginda, Urra gailendu zen. Zarauztarrak 77 jasoaldi egin zizkien zilindro zaharrari, kubikoari eta bolari. Telleriak, berriz, 68 altxaldi egin zituen, eta Olaizola zarauztarrak, 63.

Bestalde, eta herri kirol jaialdia borobiltzeko, Emakumeen Harri-jasotze Txapelketako finala jokatu zuten sei kirolarik, hiru mailatan banatuta. Maila nagusiko finala Zelai III.ak irabazi zuen, indarrak Lucia Orberen kontra neurtuta; 61 eta 56 jasoaldi egin zituzten bi kirolari horiek, hurrenez hurren. Berrien mailan, berriz, Lur Errekondo nagusitu zen, eta Lierni Osa zarauztarra izan zen azpitxapelduna; horiek 66 eta 56 jasoaldi egin zizkieten harriei.

(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!