2022ko martxoaren 8a

"Militantzia kaleak morez betetzetik harago doa"

Jabi Gonzalez 2022ko mar. 8a, 14:22

Urola Kostan ia herri gehienetan daude erreferentziazko talde feministak. Orioko Xaltxerak da horietako bat.

Herriko emakume guztientzat erreferente izatea da tokian tokiko talde feministen helburu nagusietako bat. Erasoren bat gertatutakoan, esaterako, hura pairatu duen emakumea berehala hartuko duen, epaitu gabe entzungo duen eta, batez ere, babesa eskainiko dion gertuko talde ezaguna izatea. Nolanahi ere, erreferentzialtasun hori ez da erasoetara mugatzen, herrian parekotasuna benetan landu nahi duen ororentzat dute atea zabalik.

Urola Kostan herri ia guztietan dago erreferentziazko talde hori, bakoitzean bere izen propioarekin: Koordinadora Feminista Zarautzen, Basanderiek Azpeitian, Sostenipe Azkoitian –joan den astean desegin dela iragarri duena–, Xaltxerak Orion, Mariñak Getarian, Bargaztak Zestoan edota Zumaiako Mugimendu Feminista eta Malen Etxea Zumaian. Argitu beharra dago, era berean, aipaturikoak ez direla eskualdeko talde feminista bakarrak, izan ere, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista ere presente dago herri gehienetan, baita Zarautzen Morroxkak neska gazteen taldea eta Zarauzko Bilgune Feminista ere.
Talde horien guztien lana jarraitua da, urte osokoa.

Hau da, ez da mugatzen Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a bezalako egun seinalatuetan mobilizazioak antolatzera. Orioko Xaltxerak, adibidez, astero elkartzen da. Horrelaxe azaldu dute Miriam Garcia eta Mirari Arriola kideek. "Guk argi daukagu militantzia feminista Martxoaren 8an kaleak morez betetzetik harago doala. Gure asteroko jardunean beti ez ditugu kanpora begirako ekintzak lantzen, sarritan barrura begira aritzen gara gure barne lanketa propioak behar ditugulako. Esan bezala, militantziak iraunkorra behar du izan", zehaztu dute.

Halaber, militantzia hori aurrera eramateko modua desberdina da herriz herri, aipaturiko taldeetako bakoitzak bere lan dinamika duelako. Dena den, elkarren arteko gutxieneko koordinazioa ere badute, deialdi bateratuak egin izan dituztenean, kasu. Oriotarren arabera, guztiek helburu komunak dituzte eta hori da lotzen dituena, baina eguneroko jarduna nork bere aldetik eramaten du aurrera herriko kasuistika propioetan zentratuta eta elkarren berri askorik izan gabe. "Sareetatik jakiten dugu, batez ere, tokian-tokian antolatutako jardueren berri", esan du Miriam Garciak.

Etxeak eta eskolak

Militantzia hori aurrera eramateko bilgunea ere aldatzen da herriz herri. Orion, esaterako, talde feministak ez du espazio propiorik ezta topaketa puntu zehatzik ere; aldatu egiten dute. Urolako beste herri batzuetan, aldiz, emakumeen etxeetan aurkitu dituzte elkartzeko espazio horiek, baldin badituzte, noski.

Hala ere, ahalduntzea da emakumeen etxeetan nagusiki lantzen dena: sareak sortzeko topalekua izateaz gain, tailer eta askotariko hitzaldiak ere antolatzen dira bertan. Zentzu horretan, Orion udalak utzitako espazioetan ematen dituzte ahalduntze eskolak, Kultur Etxeko bulego batean gehienak.

Ahalduntze eskolak aipatuta, gero eta hedatuago daude eta ezinbestekoak dira feminismoaren ikuspegitik; izan ere, horietan egiten diren talde zein barne hausnarketei esker, eguneroko ohitura edota jarrera zapaltzaileak identifikatu dituzte eta kateak apurtzen hasi. Hori horrela, emakumeei tradizioz esleitu zaien eta gutxietsita egon den zaintzaile eginkizunari benetan duen balioa eman zaio, eta, borroka feministaren lehen lerrora eraman da. Horrez gain, orain arte erreparatu gabeko errealitateak azaleratzeko ere baliagarri dira eskolak, hala nola emakume etorkinen zapalkuntza bikoitza.

Hala eta guztiz ere, ahalduntzea ez da ikastaroetan soilik ematen. Xaltxerek zehaztu dutenez, militantzia feministaren baitan ere ematen da ahalduntze kolektiboa, ezinbestean. Elkar elikatzen dira. Dena den, beraien hitzetan militantzia eta ahalduntzea bereizi egin behar dira: "Militantziaren helburua ez da tailerrak antolatzea, baina ahalduntze eskolek ere ez dituzte manifestazioak antolatzen. Hori bai, bi kontzeptuak feminismoaren barruan kokatzen dira, eta beharrezkoak dira".

Berdintasun politikak

Urola Kostako herrien arteko alderaketa egiten hasita, ezin dira udalen berdintasun planak aipatu gabe utzi: Getarian aurtengo azarorako espero dute lehengoa; Orion, berriz, bigarrenarekin ari dira, eta Zumaian, laugarrena diseinatzeko prozesua abiatu berri dute. Berdintasun planek epe jakin bat izaten dute (agintaldiak bezalaxe, lau urtekoak dira ohikoenak), eta neurri multzo bat jasotzen dute gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu dadin. Horretarako, tokian tokiko egoeraren diagnostikoa egiten da lehenik, eta ateratako ondorioen arabera diseinatzen da plana. Zehaztu beharra dago, erakunde publikoetan barneko berdintasun planak derrigorrezkoak direla; orain aipagai ditugunak, ordea, herriari begira landutakoak dira.

Nolanahi ere, Xaltxerek diote halako neurriek ez dutela eraginik beren jardunean: "Guk ez diegu apenas erreparatzen instituzioetatik hartutako erabakiei. Berdintasun plan horiek garatzeko diagnostikoak egitean udalek ez dituzte herrian dauden hutsune guztiak jasotzen, agintean den alderdiaren ikuspegiaren araberakoak dira".

Udalen gainetik dauden erakunde handiagoek hartutako erabakiekin ere gauza bera gertatzen dela diote. "Legeak aldatu arren, emakumeen aurkako indarkeriak hor jarraitzen du. Teoria jakina da, baina praktikan ez da betetzen. Horregatik, kaletik aritzen gara gu, hor daude herritarrak eta iruditzen zaigu hori dela bide eraginkorra. Hain barneratuta dagoen pentsamoldea nekez aldatuko da testu bat berridatzita", azaldu du Arriolak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!