Heriotzak tabu izateari utz diezaion

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 11a, 10:05

Datozen asteetan heriotzaren inguruko hainbat jarduera gauzatuko dituzte , heriotza bizitzaren parte den prozesu naturaltzat hartzen ikasteko helburuarekin. Jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira, baina bertaratu nahi dutenak aurrez izena eman beharko dute 613 02 36 18 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita.

Bihotzetik Tolosako elkarteak koordinatuta eta Gipuzkoako gainontzeko komunitate errukitsuen elkarteen laguntzarekin (ZainBizi elkartea tartean), Bihotzetik Elkarrekin Eraiki ekimeneko hainbat hitzordu izango dira  datozen hilabeteetan: hitzaldiak, mahai inguruak, film emanaldiak eta abar.

Gipuzkoan, komunitate errukitsuen sei elkarte daude gaur egun: ZainBizi, Zarautz Herri Zaintzailea, Hondarribiko eta Irungo Bidasoa Zurekin, Donostiako Bidegin, Elgoibarko Almaur eta Tolosako Bihotzetik. Elkarte horiek dauden gainontzeko udalerrietan ere izango dira ekimeneko hitzorduak. Udalak, Adinberrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartuko dute ekimenean, kolaboratzaile gisa.   

Gaur egungo gizartean heriotzaren gaia tabua dela uste dute ekimenaren antolatzaileek, eta horrek ezinezko egiten duela bizitzaren parte den prozesu naturaltzat hartzea. "Maite dugun pertsona baten heriotzagatik mina sentitzea zerbait naturala da, baina gure gizartean, sarritan, min hori sufrimendu bihurtzen da, depresio, frustrazio, erru sentipen, hutsune, motibazio falta, segurtasun falta... Ez baikaude prestatuta heriotzari aurre egiteko; areago, ezta heriotzaz hitz egiteko ere". Hori dela eta, bizitzako azken uneak, dolua eta galerak naturalizatzeko eta humanizatzeko helburuarekin, Bihotzetik Elkarrekin Eraiki ekimena jarri dute martxan.

Jarduera guztiak irekiak eta doakoak izango dira, baina bertaratu nahi dutenak aurrez izena eman beharko dute 613 02 36 18 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita.

Egitaraua:

  • Martxoak 15, asteartea. Zineforuma: Despedidas filma eta solasaldia, Amaia Gozategik gidatuta. Salatxo aretoan, 18:00etan.
  • Martxoak 28, astelehena. Hitzaldia: Iñaki Peña zainketa aringarrietako medikuak heriotza duina izango du hizpide. Arraunetxen, 19:00etan.
  • Apirilak 11, astelehena. Hitzaldia: Doluaren prozesu naturalaz hitz egingo du Izaskun Andonegi Bidegin elkarteko adituak. Kultur etxean, 18:30ean.
  • Maiatzak 12, osteguna. Hitzaldia: Bizitzen ikasi, hiltzen ikasi hitzaldia emango du Belen Capapek. Salatxo aretoan, 18:30ean.
  • Maiatzak 26, osteguna. Hitzaldia: Montse Perez Bidasoa ospitaleko medikuak heriotza aurreko uneez jardungo du. Kultur etxean, 18:30ean.
  • Ekainak 2, osteguna. Tailerra: Azken nahien ziurtagiriari buruzko saio parte hartzailea, Bihotzetik elkarteko kideen eskutik. Salatxo aretoan, 18:30ean.
  • Ekainak 14, asteartea. Hitzaldia: Dolutik bizitzara hitzaldia emango dute Almaur elkarteko Iñaki Arregik eta Belen Capapek. Salatxo aretoan, 18:30ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!