46 parte hartzaile izango ditu XV. Andatzatik Aiara Igoerak

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 18a, 09:55

Bihar jokatuko da lasterketaren aurtengo edizioa. Entrenamendu txandak 14:30ean hasiko dituzte Andatzan. Joseba Iraola da txapela irabazteko faboritoa.

Aian hasi dira dagoeneko motorrak berotzen: bihar, eguerditik aurrera, Andatzatik Aiara Igoeraren hamabosgarren edizioa jokatuko da. Proba puntuagarria izango da Mendiko Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako. 

Antolatzaileek herenegun arratsaldean aurkeztu zuten lasterketa, eta agerraldian izan ziren Jorge del Cid Lagun Artea Eskuderiako arduraduna, Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidentea, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea, Gorka Eizmendi pilotua eta Arkaitz Iruretagoiena Andatza auzoko ordezkaria eta lasterketaren antolatzailea. 

Del Cidek azpimarratu zuenez, aurten 46 parte hartzaile izango ditu igoerak, eta haren hitzetan, «pozgarria da» punta-puntako pilotuekin osatutako zerrenda osatu izana. Parte hartzaileen artean izango da Joseba Iraola Espainiako eta Euskadiko txapelduna, eta bera da "faborito nagusia", antolatzaileen esanetan. Nova NP01 auto modernoarekin arituko da txofertzan.  Iraolak aurkari izango ditu, besteak beste, Abel Lombardo, Garikoitz Flores, Arkaitz Ordoki edota Aitor Manso gaztea. 

Eizmendi, gogotsu
Turismoen kategorian, garaipena lortzeko borrokan jardungo dute Beñat Poblacionek, Bruno Schererrek eta Gorka Eizmendik, beste askoren artean. 

Eizmendi «amorratzen» dago "etxeko lasterketari" hasiera emateko. "Aiako igoerak ibilbide elegantea du, oso lasterketa ederra da. Hasierako tartean, behekaldean, badira gune oso azkarrak, eta goian, polikiago ibili behar izaten dugu, errebuelta handi eta ikusgarriak daudelako", eman zuen aditzera. 

Eizmendik Skoda Fabia R5 autoarekin parte hartuko du proban. Zehaztu zuenez, ez da igoeretarako bereziki pentsatutako autoa, baina ondo ibiltzeko aukera izatea espero du: "Hasiera batean, gure ibilgailuak rallyetarako ezaugarri espezifikoak ditu, eta Aiakoa bezalako igoera baterako beste auto batzuk egokiagoak izan daitezke. Hala ere, ibilbidea oso ondo ezagutzen dugunez, abantaila pixka bat eman diezaguke horrek, eta lehiakorrak izatea espero dugu", mintzatu zen baikor. 

Goizetik martxan
Lasterketa eguerdian hasiko den arren, goizeko lehen ordutik motorrak martxan izango dira. 09:30ean egiaztatze teknikoak egingo zaizkie autoei Aiako plazan, 12:30era arte. Bitarte horretan, auto guztiek indarrean dauden segurtasun neurriak betetzen dituztela ziurtatuko dute antolakuntzaren komisarioek. 

Eguerdian, 13:00etatik aurrera, errepidea itxiko da, eta lehen entrenamenduak 14:30ean hasiko dituzte. Antolakuntzak azaldu duenez, Aia aldera jende asko hurreratzen bada, litekeena da errepidea lehenago ixtea ere. 
Parte hartzaile bakoitzak lau bider egin beharko du lau kilometroko ibilbidea. Aurreneko biak entrenamenduak izango dira, eta ondorengo biak lehiaketaren barrukoak. Bi txanda ofizial horietako denbora onena izango da igoerako sailkapen ofizialerako balioko duena. Horrez gain, bi txanda ofizial horietako denborek balioko dute Mendiko Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako. 

Aurreikuspenen arabera, sari banaketa zazpiak aldera egingo dute, Andatzan. Aurreko urteetako irabazleen artean, Iraolak ezarritakoa da marka onena. 1:42:51 denboran egin zuen ibilbidea pilotuak, 126 kilometro orduko bataz besteko abiaduran. 

Errespetuz jokatzeko deia
Arkaitz Iruretagoiena antolatzailearen hitzetan, probak "lan handia" du atzean. Antolatzaileen menpe ez dauden faktore batzuk daudela ere azpimarratu zuen, eta errespetuz jokatzeko deia egin zion jendeari. "Gu saiatzen gara gauzak ahalik eta ondoen egiten, baina ezin dugu kontrolatu lasterketaren aurreko egunetan gertatzen dena. Horregatik, jendeari eskatzen diogu baserritarren terrenoak errespetatzeko eta antolakuntzak esandakoei kasu egiteko", adierazi zuen. 

Ildo berean, lasterketaren egunean ere errespetuz ibiltzeko eskatu zien jarraitzaileei. "Proba ikusi nahi duten jarraitzaileak jar daitezela toki seguruetan, kokaleku altuetan, eta komisarioei kasu egin mesedez. Kontu pixka batekin ibiliz gero, lasterketa ederraz gozatzeko aukera izango dugu; eguraldi ona iragarri dute, gainera", adierazi zuen pozarren.   

Nekane Arrizabalaga alkateak ere pozik egin zuen hitzartzea. Osasun krisiaren egoera orokorrak hobera egin izanari egin zion erreferentzia, eta gustura agertu zen, proba berriro egiteko aukera izango delako aurten: "Arkaitzek egin duen bezala, errespetuz jokatzeko eskatu nahi diet probara hurreratuko diren ikusleei, eta kasu egiteko antolakuntzak emandako jarraibideei. Bi urte gogor pasatu ondoren, benetan pozgarria da berriro igoeraren aurkezpena egiteko hemen elkartu izana, eta seguru nago lasterketa eta egun polit batez gozatzeko aukera izango dugula".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!