Udaltzaingoaren bulego berria egokitzen ari da udala

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 19a, 10:14

Eusko Gudari kaleko 54. zenbakian dagoen lokala egokitzen ari dira Udaltzaingoarentzat. Udalak lau hilabeteko obrak aurreikusten ditu, eta uda amaieran ireki nahi du bulego berria.

Udaltzaingoaren bulegoa Herriko Plazatik Eusko Gudarien kalera lekualdatzeko lanak egiten ari da udala. Hain zuzen ere,  Eusko Gudari kaleko 54. zenbakian dagoen lokala egokitzen ari dira, urte askoan Indar Gym gimnasioaren egoitza izan zena eta hogei urtez itxita egon den lokala.

Aldaketaren helburua herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea dela adierazi du udaka. Horregatik, egoitza berria handiagoa izango da, eta Udaltzaingoak ematen dituen zerbitzuetara egokitutako azpiegitura izango du: harrera-gune handiagoa, bilerak egiteko gela pribatuak, udaltzainburuaren bulegoa… Erabiltzaileei dagokienez, espazioa mugikortasun unibertsala bermatzeko egokituko da, eta langileentzako aldagelak, komunak, officea eta lan tresnentzako biltegia ere izango ditu.

Energiaren eraginkortasunaren ikuspegitik, guztiz isolatuta egongo da eta oso kontsumo txikia izango du. Udalak lau hilabeteko obrak aurreikusten ditu, eta uda amaieran ireki nahi du bulego berria. Gainera, udaletxeko eraikinean libre geratuko den espazioa aprobetxatuz, berregituraketa egingo da.

Lanek irauten duten bitartean, Eusko Gudari kaletik arretaz gidatzeko eskatu die udalak herritarrei, 54. zenbakiaren parean dagoen zebra bidean abiadura mantsotzeko, sustorik ez izateko.