Jon Mujika: "Datorren astera arte geldirik egongo garela aurreikusten dugu"

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 22a, 15:27

Gaur bilera egin dute Gipuzkoako baxurako flotak, garraiolarien greba dela eta, zer egin erabakitzeko, eta lehorrean geratzea erabaki zuten. Bihar berriro bilduko dira. Jon Mujika kofradiako presidenteak zer egoeratan dauden azaldu du.

Bigarren astez jarraian, lehorrean jarraitzen duzue baxurako arrantzaleok. Zer hitz egin duzue gaur goizean egindako bileran?

Ez dago nobedaderik. Kamioilarien greban aldaketarik izan ez denez, guk ere lehorrean geratzea erabaki dugu. Ondarroan eta Pasaian ari dira lanean arrastako eta pintxoko arrantzontzi batzuk, baina gutxi direlako. Gipuzkoako eta Bizkaiko flota osoa berdeletara aterako bagina, ez legoke modurik harrapatutako guztia kamioiekin mugitzeko, ia denak geldirik daudelako. Bihar beste bilera bat egingo dugu, baina zaila ikusten dut aste honetan arazoari konponbideren bat bilatzea.

Zein elkartu zarete?

Gipuzkoako lau kofradietako (Hondarribia, Pasaia, Orio eta Getaria) ordezkariak. Elkarlanean dihardugu Bizkaikoekin, eta Kantabria, Asturias eta Galiziako arrantzaleekin ere hitz egiten dugu. Guztion artean hartzen ditugu erabakiak, eta denok errespetatzen ditugu. 

Garraiolarien greba da lehorrean geratzera behartu zaituzten arrazoi nagusia. Horrez gain, arrantzontzien gasolioaren prezioak ere badu eragina erabakian?

Eragina badu, baina ez horrenbeste; garraiolariak martxan baleude, itsasora aterako ginateke, zalantzarik gabe.

Berdelaren kosteran egunak galtzen ari zarete. Geldialdiak nola eragiten dio zuen urteko lanari?

Berdelaren kostera garrantzitsua da guretzat: batetik, kiloa nahiko ondo ordaintzen da, eta bapore bakoitzak aukera du 100.000 kilo harrapatzeko. Bestalde, berdela azkar pasatzen den arraina da; mendebaldera jotzen du ohartzerako, eta garaian harrapatzen ez bada akabo, ahaztu hurrengo urtera arte. Hilabete-edo irauten du normalean berdelaren kosterak, eta dagoeneko astebete galdu dugu. 

Espero gabe etorri den arazo baten aurrean zaudetela kontuan izanik, zer giro dago zuen artean?

Ziurgabetasuna da nagusi, eta egia esan, sentitzen dugu ez dakigula oso ondo egoerari nola aurre egin behar diogun. Gugatik itsasora aterako ginateke, baina garraiolarien menpe gaude.

Baikorra al zara aurrera begira? Ba al duzu arazoari konponbidea bilatuko diozuen itxaropena? 

Baikorra izan beharra dago, ez da beste erremediorik. Espero dut datorren astelehenera bitartean konponbideren bat bilatzea, bestela mundua geratuko da martxa honetan. Ez da erraza izango aste honetan zerbait mugitzea, baina ea datorren astean itsasora ateratzen garen.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!