Biziberritze Planak dakarrena

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 24a, 12:00

Agintaldi honetan ondutako proiektu estrategiko bat aurkeztu du udalak: Biziberritze Plana. Datozen urteetarako bide-orria izan nahi duen dokumentuak bi helburu nagusi ditu: batetik, herriaren izaera indartzen lagundu nahi du; eta bestetik, turistak herrira erakarri nahi ditu, baina modu jasangarrian.

Biziberritze Plana plazaratu zuen udalak otsailaren erdialdera, azken bizpahiru urteak egitasmoa ontzen eman eta gero. Arraunetxen egindako aurkezpenaren ondotik, herritarrek eskura dute ehundik gora orrialde dituen dokumentu mardula. Txostenean zehazten denez, planak helburu hau du: "Oriok etorkizunean izan beharko lukeenaren inguruko ikuspegi partekatua lortzea eta hori gauzatu ahal izateko proiektuak zehaztea". Bide horretan, erronka nagusi honi aurre egitea proposatzen dute: "Turismo eta ekonomia eredu jasangarri eta berritzaile baten lidergoa hartuz, merkatuan posizionatu behar du Oriok, herriko ekonomia suspertuko duen izaera bizi eta integratzaile eta euskalduna merkatuan balioan jarriz". 

Biziberritze Planak mahai gainean jartzen dituen beste erronken artean, herritarren ongizatea bermatzeak ere lehentasunezko tokia du: "Planak izaera integratzailea izan behar du, herritarren beharrak asetu eta horien ongizatea bermatu, bisitariak turismo jasangarri baten ikuspegitik erakarriz (...) Herritarrek plana sortzen lagundu eta bere egin behar dute". 

Laburbilduz, hurrengo urteetarako bide-orria izan nahi duen egitasmo honek bi xede nagusi ditu. Herritarren nortasuna indartzea litzateke lehena eta "lehentasuna duena", udaletik maiz errepikatu duten modura. Ildo horretan, azalpen hauek egin zituen Anuska Esnal alkateak urtarrileko udalbatzarrean, Biziberritze Plana aho batez onartu ondoren: "Hondartza zaharraren galerak haustura bat supostau zuen herriaren izaeran, eta ordutik, kokatu ezinik ibili gara, zer ginen eta zer garen definitzeko zailtasunekin. Gure nortasunarekin berriro konektatzen lagundu nahi du plan honek, herritarrei hauspoa eman nahi die, herriaz harro senti daitezen. Hori lortu eta gero kanpotarrak erakartzen baditugu, askoz hobe". 

Herriaren izaeran arrakalak eragin dituzten faktoreen artean, arrantzak izandako gainbehera ere kontuan hartu behar da, dokumentuan zehazten denez. 

Barrura begirako lanaz gain, planak badu kanpora proiektatutako xedea ere: turistak erakarri nahi dira Oriora, turismo politika jasangarrien bitartez. Bisitari kopurua areagotuz, indarra eman nahi zaio herriaren ekonomia zirkularrari, azken hamarkadetan sortutako desoreka bati aterabidea bilatzeko: arrantza indarra galtzen joan den heinean, zerbitzuen sektoreak —ostalaritza, merkataritza, turismoa— pisu handiagoa hartu du, eta sektore horretako negozio publiko eta pribatuen jarduera ekonomikoa areagotzeko beharra identifikatu dute, herriak diru-sarrerak izaten jarrai dezan. 

Turismo planetik Biziberritze Planera
Azken urteotan, udalak urrats bat baino gehiago egin ditu turismo alorra indartzeko xedearekin. Besteak beste, kanpineko zerbitzuak hobetzen joan dira, eta igerileku estaliaren lanak aurten hastea aurreikusten dute. Sailera baliabide gehiago bideratuz, turismo teknikari postua ere sortu zuten udalean, eta, ildo berean, neurrira egindako turismo plan baten beharra identifikatu zuten duela bizpahiru urte. Eskuartean proposamen desberdinak izan ondoren, bozketa egin eta Kultur Atelier komunikazio agentziak aurkeztutako proiektua aukeratu zuten. Hala, diagnosi faseari ekin eta 39 elkarrizketa egin zituzten, herriaren beharrak, indarguneak, erronkak eta abar identifikatzeko. Txostenean jasota dago elkarrizketatuen zerrenda. 

Iñigo Exposito herritarrak jardun du Biziberritze Plana sortzeko prozesuaren koordinazio lanetan. Haren hitzetan, elkarrizketa horiek egin ahala jabetu ziren turismo plan bat baino proiektu zabalagoa behar zuela Oriok: "Turismo arloko galderak egin eta herri barrura begirako beharrak ere azaldu ziren bildutako erantzunetan. Herriko sektore desberdinak —ekonomia, euskara, kultura, aisialdia...— indartuko dituen plan batera jauzia ematea erabaki zen orduan". 

Plana hiru zutaberen bueltan ontzea erabaki zuten: errioa, euskara eta jasangarritasuna. "Errioaren bueltan mugimendu handiagoa sortzeko beharra azpimarratu zuen elkarrizketatu batek baino gehiagok. Arrantzaren bidez, lehen herriko familia gehienek zuten loturaren bat ibaiarekin, eta ikusi dugunez, errioarekin harremana berriro estutzeko gogoa eta premia ditu herriak, aukera berriak sor daitezkeelako", zehaztu du Expositok. Diagnosi eta ikerketa lanaren ondoren, ekintza plana diseinatzeari ekin zioten planaren egileek, eta Biziberritze Planari lotutako ekintza sorta zabala egitea aurreikusten da datozen urteetan. Bukatu aurretik, Expositok azpimarra egin dio planaren izaera irekiari, herritarrek ekintzak edo ekarpenak egiteko aukera dutela gogora ekarriz.

 Aurkezpenean entzundakoak
Planaren aurkezpenean, herritarrek aukera izan zuten haien irudipenak adierazteko. "Herriaren norabidea markatuko duen plan bat behar zuen Oriok, eta gustura hartu dut plan hau. Erronka polita jartzen digu aurrean", azaldu zuen batek. Beste batek, bere ahotsean jarri zuen oriotar askoren kezka: "Orion lasai bizi gara. Bizi kalitatea dugu herrian, eta hala jarraitu nahi dugu, ondo bizitzen. Hori bermatu behar dugu aurrena, guk eta gure seme-alabek herrian bizitzeko aukera izatea. Turismoa erakartzea ondo dago, baina neurriz". 

Orioren izaera definitzeko ariketa egin nahi bada, Biziberritze Planaren hurrengo urratsetan hezkuntza eragileen presentzia bermatu behar dela ere aipatu zen solasaldian. Horrez gain, herritar beraren hitzetan, dokumentuak ez dio erreferentziarik egiten herriak azken urteotan izan duen immigrazioari, eta ezinbestean, hori ere kontuan izan behar dela azpimarratu zuen herriaren nortasuna berrasmatu nahi bada. Ekarpen horiek eta aurrerantzean sor daitezkeenak bilduta, plana era kolektiboan gorpuzten eta garatzen jarraitzea da herriak orain duen erronka handiena.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide