"Herriaren izaera indartzea da Biziberritze Planaren helburu nagusia"

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 24a, 11:55

Anuska Esnal alkateak azpimarratu duenez, udalak agintaldi honetan landu duen proiektu mamitsuenetakoa da Biziberritze Plana. 

Nondik sortu da Biziberritze Plana egiteko beharra?
Arrazoi desberdinek bultzatu gintuzten hausnarketa hau egitera. Alde batetik, Mutiozabal ontziola irekitzear zela sartu ginen Udal Gobernuan, baina ez genuen nahi, beste zenbaitetan gertatu izan den bezala, bizitzarik edo mamirik gabeko eraikin bat bihurtzea. Gainera, udalaren zenbait baliabidek kohesiorik gabe funtzionatzen zutela ikusi genuen, eta horri guztiari zentzu edo ipar komun bat eman beharra zegoela ikusi zen. Bestalde, herriko ostalaritza eta merkataritza sektoreak ere sarritan helarazi izan dio udalari herria hilik dagoenaren sentsazioa, eta ahots horri erantzun egoki bat bilatzeko nahia ere bagenuen. 

Horrez gain, herriaren identitateari lotutako behar bat ere identifikatu genuen. Hondartza zaharraren galerak (lehengo ingurune naturala, kanpin handia, han sortzen zen giroa) eta arrantzaren gainbeherak herritarren nortasunean haustura bat eragin zuten, eta hori berriro indartzeko helburuarekin hasi ginen lanean. 

Azaldutako guztiaren inguruko hausnarketa abiarazteko tresna izan nahi du Biziberritze Planak, herritarrak ahaldundu eta gure nortasuna indartzeko lanabesa. 

Herriaren ondare historiko eta kulturala jarri duzue planaren muinean. Iraganean izan ginen horrek zertarako balio behar digu etorkizunean?
Herritarren ongizatea da udalaren helburu nagusia, oriotarrrok ondo eta aske biziko garen herri bat izatea. Hori posible egiteko ekonomia zirkularra bultzatu behar dugu. Gure ondareari begiratzen badiogu, hori dugu irakaspen nagusia. Garai batean, ontziolek eta arrantzak herri guztia sostengatzen zuen. Bi jarduera horiek lotura zuzena zuten herriko baserri, denda edota tailerrekin, eta kanpotik etortzen ziren langileek ere herrian egiten zuten bizitza bere osotasunean. Mugimendu horrek guztiak ekonomia zirkular bat sortzen zuen, herritarren ongizatea bermatzea ahalbidetzen zuena. Ongizateaz gain, herri izaera ere ematen zion Oriori errioari lotutako jarduerak. 

Ikuspegi hori lausotu egin da urteekin, eta gizartearen eboluzioak norbere zilborrera begiratzera eraman gaitu; herrian, etxepean kontsumitzea denontzat ona dela ahaztu zaigu. Herri bezala, erronka handia da ekonomia zirkular hori berreskuratzea, eta Biziberritze Planak lagundu nahi du horretan. 

Askoren kezka dena plazaratu zuen herritar batek planaren aurkezpenean: Orio bizi-kalitatea duen herria da, lasai bizi gara herrian. Badago hori galtzeko beldurra. 
Guztiz ulerkorra egiten zait emozio hori, ingurura begiratu eta guretzat nahi ez ditugun egoerak ikusten ditugulako. Dena den, Orioko Udalak diru iturriak behar ditu herritarrei kalitatezko zerbitzu eta baliabideak eskaini ahal izateko, eta oreka hori aurkitzen asmatu behar dugu. Modu jasangarrian eta gure nortasuna errespetatuz, bisitariak erakarri behar ditugu, herritarren bizi kalitatea bermatzeko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide