Irisgarritasuna aztertzeko saio irekia izango da hilaren 31n

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 27a, 10:00

Martxoan zehar herriko erakunde, elkarte, klub eta gizarte-erakunderekin nahiz norbanakoekin bildu dira. Saio irekian parte hartzera gonbidatu dituzte, halaber, gaian interesa duten herritarrak. 

"Herriaren diseinu inklusiboa" garatzea helburu hartuta, irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Orioko Udala. Martxoan zehar hainbat erakunde, elkarte, klub eta gizarte-erakunderekin biltzen ari dira, eta datorren asterako, hilak 31, gaian interesa duen edonori zabaldutako hitzordua jarri dute. 

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean osatzen ari dira irisgarritasun-plan berria. Dena den, gogorarazi dute Orioko Udalak hogei urtetik gora daramatzala irisgarritasunarekin lotutako aldaketak proposatzen: "2001ean, 2011n eta 2018an irisgarritasun-plan bana egin ziren, eta haien bidez proposatutako egokitzapenek erabat aldatu dute udalerriaren diseinua. Hala, herriko irisgarritasun-maila nabarmen hobetu da". Herriaren diseinu inklusiboa garatu nahi dute, desgaitasun fisikoa, bisuala, entzumenekoa eta kognitiboa duten pertsonek oztoporik gabeko espazioez gozatzeko aukera izan dezaten.

Hiru saio

Lehen saio irekia ostegunean egingo dute, 18:30ean Kultur etxean. Aurrez izena eman beharko da, 635 75 13 39 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita. Gaia lantzeko beste bi bilera ireki ere izango dira datozen hilabetetan, baina oraindik ez dituzte iragarri bilera horiek noiz eta non izango diren. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!