Jokin Bellido bigarren, Azkoitia-Azpeitia lasterketaren proba laburrean

Ane Olaizola eta Anartz Izagirre 2022ko mar. 28a, 11:43
Jokin Bellido, artxiboko irudian.

Hiru urteko etenaren ostean, larunbat arratsaldean jokatu zuten Azkoita-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX. edizioa, eta albiste esanguratsuenetariko bat Caroline Jebet keniarrak eman zuen, nesken sailkapenean lehen postua erdiesteaz gain probaren marka hautsi baitzuen. Mutilen sailkapen orokorrean lehen sailkatua, berriz, Maxwell Kortek izan zen. Jokin Bellido bigarren sailkatu zen proba motzean.

Aupa! leloarekin iritsi zen larunbatean hiru urteren ostean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXIX. edizioa, eta eguraldi bikaina lagun, giro ederra izan zen Azkoitian hasi eta Azpeitian amaitu zen lasterketan. Maratoi erdiak, bero handiaz gain, bi izen handi utzi zituen: Maxwell Kortek mutilen sailkapen nagusian eta Caroline Jebet nesken sailkapenean. Kortekek ordubete eta 44 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, eta ugandarrak oso gertu ibili zuen helmugan John Ewoi Kametho bigarren sailkatua, hamahiru segundoko aldea soilik atera baitzion. Apur bat beranduago iritsi zen Abegnego Cheruiyot; hark egindako denbora 01:01:05 izan zen. Nesken sailkapenean, berriz, nagusi izan zen Caroline Jebet, eta, gainera, orain arte ezarritako marka hautsi zuen Keniako atletak —01:07:57 denbora egin du—. Bigarren sailkatua, berriz, Anchinalu Genaneh izan zen (01:08:53), eta, hirugarrena, Aynadis Tadesse (01:09:29).

Era beran, Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu zen larunbatean, eta mutilen sailkapenean Imanol Larrañaga azkoitiarra izan zen jaun eta jabe. 01:09:40 izan zen hark egin duen denbora, eta ia bi minutu geroago heldu zen bigarren Guillermo Vahl bigarren sailkatua (01:11:21). Larrañagak, gainera, beteranoetan lehen postua erdietsi zuen, eta proba amaitu zuen lehen azkoitiarra ere izan zen; beraz, hiru izendapen politsikoratu zituen proban. Nesken Gipuzkoako Txapelketan, bestalde, Eva Esnaola izan zen garailea (01:35:55), eta Alazne Mujika bigarrena (01:42:08). Beteranoetan nesken sailkapenean, berriz, Maria Isabel Sixto gailendu zen, 01:24:52 denbora eginda.

Proba motza ere bai

Maratoi erdia hasi aurretik, ordea, ohiko proba motzean parte hartu zuten korrikalariak abiatu ziren Azkoititik, 16:15ean, eta mutilen sailkapenean Imanol Rojo tolosarra izan zen jaun eta jabe (00:26:07). Gertu ibili zituen Jokin Bellido oriotarra (00:26:42) eta Iñigo Garcia iruindarra ere (00:27:00). Nesken sailkapenean, berriz, marka hautsita erakustaldi bikaina eskaini zuen Eneritz Aramendik (00:33:30). Bigarren postua ere Azpeitian gelditu zen, Uxue Ortega izan baitzen heltzen hurrena (00:35:28). Hirugarren, berriz, Maria Tatiana Mujikak lortu zuen (00:36:24).

Honako lotura honetan kontsulta daiteke maratoi erdiko sailkapen orokorra, eta beste honetan, proba motzarena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!