Balea, Senpereko aintziratik gertu

Karkara 2022ko mar. 29a, 11:00

Bi urteko etenaren ostean, igandean Hatsaren Poesia eguna ospatu zuten Senpereko aintziratik gertu. Besteren artean, 120 olerki sorta laburrez osatutako liburua aurkeztu zuten, egileetako asko bertan zirela; eta haien artean zen Marisa Arruabarrena Elizalde olerkari oriotarra ere.

Igandean, balea agertu zen Senpereko aintziratik gertu. Eguerdian hasita, Senpereko Larraldea baserrian 2022ko Hatsaren Poesia eguna ospatu zuten hainbat olerkarik eta olerkizalek. Pandemiagatik bi urtez bertan behera utzi ondoren, herenegun, Hatsa elkarteak antolatuta, egile bana duten 120 olerki sorta laburrez osatutako liburua aurkeztu zuten, egileetako asko bertan zirela. Haien artean zen Marisa Arruabarrena Elizalde olerkari oriotarra.

Marisaren bost poesia labur dakartza 2022ko olerki bildumak: Egunak argitzen duen bakoitzean, Maitearen minak, Galdetuz aurkitzen da badatorrena, Ortzimugaraino; eta, Nereari, nire adiskideari. Senpereko baserriko festa egunak osagai asko izan zituen: liburuaren aurkezpena, aperitifa, zizka mizken bazkaria, testuen irakurketa, pintura bilduma baten erakusketa, kantu emanaldia, eta liburuen banaketa, opari moduan.

Liburuekin batera, izan zen balearen irudiak banatu zituenik ere: Arruabarrenak berak eskuz egindako balearen hemezortzi irudi banatu zituen, oparitzat. Era horretan, hasiera eman zion, sinbolikoki, aurtengo Balearen Egunari, Senpereko aintziratik gertu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!