Balearen Eguna antolatzeko lanak hasi ditu udalak

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 29a, 12:50

Maiatzaren 14an izango da Balearen Eguna, eta bi deialdi egin ditu udalak: batetik, biharko, egitaraua prestatzeko bilera irekia antolatu du; eta bestetik, kartel lehiaketa jarri du martxan.

Maiatzaren 14an, larunbatez, Balearen Eguna ospatuko da herrian. Udalak aurreratu duenez, "aurtengoa berezia izango da", eta dagoeneko hasi ditu prestaketa lanak. Momentuz, bi deialdi egin ditu. Batetik, egitaraua prestatzeko, bilera irekia antolatu du bihar arratsalderako; 19:30erako jarri du hitzordua, Salatxo aretoan. Hain zuzen ere, herriko eragileei eta elkarteei egin die bilera horretara azaltzeko deia, "herria festa giroan murgiltzeko". Bestetik, Balearen Egunerako kartel lehiaketa antolatu du, aurrenekoz.

Lehiaketak bi kategoria izango ditu: gaztetxoena, 18 urtetik beherakoentzat, eta helduena, 18 urtetik gorakoentzat. Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela, eta horrez gain, 300 euroko eta 100 euroko diru sariak jasoko dituzte helduen eta gaztetxoen taldeetako irabazleek, hurrenez hurren. Dagoeneko zabalik da lanak aurkezteko epea, eta apirilaren 8ra arte egongo da horretarako aukera. Apirilaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.

Lehiaketaren oinarriak:

-Parte-hartzaileak. bi taldetan banatuko dira:

  • Helduen taldea: 18 urtetik gorakoak.
  • Gaztetxoen taldea: 18 urtez azpikoak.

-Lanaren ezaugarriak. Edozein kolore edo eratako lanak onartuko dira: argazkia, collagea, pintura, eta abar. Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du. Lanen neurriak honako hauek izan behar dute:

  • Helduen taldea: A3 neurriko formatu digitalizatu batean (PDF edo JPG formatuan, 300 ppp-ko bereizmenarekin) eta, hala nahi izanez gero, A3 neurriko euskarri fisikoan (62 x 88 cm-ko proportzioarekin).
  • Gaztetxoen taldea: A4 neurriko euskarri fisikoan (21 x 29,7 cm-ko orrialdean).

-Testua. Karteletan, derrigorrean azaldu beharko du "Balearen Eguna 2022. Maiatzak 14" testuak, norberak egokien ikusten duen moduan. Gaztetxoen taldean, parte-hartzaileen adinaren arabera, salbuespena egingo da.

-Originaltsuna. Lanak inoiz argitaratu gabeak izango dira.

-Aurkezpena.

  • Bertsio digitalean, posta elektronikoz, kultura@orio.eus helbidera bidalita. Gaia: Balearen Eguna. Kartel lehiaketa.
  • Bertsio fisikoan: Orioko Udaleko harreran, gutun azal batean sartuta.

-Epea. Lanak bidaltzeko azken eguna 2022ko apirilaren 8a izango da, 12:00etan.

-Egilearen datuak. Lanetan ez da egilearen daturik azalduko. Aparteko gutun azal batean (bertsio fisikoan aurkeztuz gero) edo posta elektronikoari atxikitako PDF artxibo batean (emailez bidaliz gero), ondorengo datuak zehaztuko dira: egilearen izen-abizenak, telefono zenbaki, posta elektronikoa, NAN zenbakia, kategoria (Helduena ala Gaztetxoena)

-Sariak. Helduen taldeko irabazlearena izango da 2022ko Balearen Eguneko kartela, eta, gainera, ondorengo diru-sariak banatuko dira:

  • Helduen taldeko irabazlearentzat: 300* €
  • Gaztetxoen taldeko irabazlearentzat: 100 €

*Sariei indarreko PFEZren kenketa egingo zaie.

-Gutxieneko kalitatea. Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate mailarik ez badute.

-Epaimahaia. Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute, eta haiek arduratuko dira bi taldeetako lanen artean irabazlea hautatzeaz. Honako irizpide hauek izango ditu kontuan: originaltasuna, estetika, ekitaldiarekiko harremana, koloreen aukeraketa, sormena eta diseinua.

-Irabazleak. Apirilaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.

-Bestelakoak. Saritutako lanak udalaren esku geldituko dira eta, argitaratzeko, ezagutarazteko eta abarretarako eskubide guztiak izango ditu. Lehiaketara aurkezteak Oinarriak goitik behera onartzea dakar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!