Orioko Udalak behin betiko kargugabetu du Mikel Izquierdo kirol teknikaria

Aitziber Arzallus 2022ko api. 1a, 14:06

Kontrol sistemari iruzur egiteagatik eta eguneko lanorduen barruan, justifikatu gabe, lanpostutik alde egiteagatik, lau urteko kargugabetze zigorra betetzen ari zen uneotan. Abenduan, ordea, beste espediente bat ireki zion udalak, udal funtzionario lanpostuarekin bateraezina den jarduera pribatua izateagatik. Hori frogatutzat eman dutenez, udalean zuen kirol teknikari postua betirako galduko du Izquierdok. Anuska Esnal alkateak berak eman zuen horren guztiaren berri, atzoko udalbatzarrean.

Mikel Izquierdo ez da gehiago Orioko Udaleko kirol teknikaria izango. Udal funtzionario lanpostuarekin bateraezina den jarduera pribatu bat zuen zantzuak hartuta, udalak diziplina espedientea zabaldu zion joan den abenduan. Orain, arau hauste oso larri hori frogatutzat emanda, langileari ezarri beharreko zigor proposamena helarazi dio kasuaren instruktoreak udalari: funtzionarioaren behin betiko separazioa zerbitzutik.

Atzoko udalbatzarreko bosgarren puntuan jorratu zuten gaia, eta Jon Carrera idazkariak beharrezko azalpen teknikoak eman ostean, alkateak hartu zuen hitza. "Gaur, Orioko Udalak agur esaten dio hogei urtez Orioko kirol teknikaria izan denari. Agurra ez dator ate handitik, agurra ez dator esker onez, zigor baten ondorioz datorrelako, eta kasu honetan, funtzionario batek izan dezakeen zigorrik handiena da: zerbitzutik behin betiko separatzea". 

Herritarrek azalpenak merezi dituztela irudituta, Esnalek hamar urte jo zuen atzera azalpen horiek ematen hasteko, hain zuzen ere, 2011-2015 agintaldira, EH Bilduko Beñat Solaberrieta alkate izan zen garaira. Esnalek atzo kontatutakoaren arabera, Solaberrieta izan zen Izquierdoren jardunean arau hauste zantzuak ikusi zituen aurrena, eta horregatik, espediente bat zabaldu zion. 

Espediente bat irekitzen denean, instruktore bat eta idazkari bat izendatu behar izaten dira dagokion ikerketa, azterketa eta ebazpena egin ditzaten, eta kasu hartan, "objektibotasunaren ikur bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zitzaion eskumena, eta hark eraman zuen prozedura". Esnalek zehaztu zuen Solaberrietak 2015eko apirilaren 23an ireki zuela espediente hura, eta Aitor Leturiondo eta Josune Aldabe izendatu zituela kasuko instruktore eta idazkari. 

Urte hartako ekainaren 4an, EAJk irabazi zituen udal hauteskundeak, eta Joxe Angel Zalduak hartu zuen Orioko alkatetza. Udal Gobernua aldatuagatik, baina, espedienteagatik abiatutako prozedurak aurrera jarraitu zuen, eta urte hartako urriaren 15ean, Zalduari iritsi zitzaion horren emaitza: udal teknikari horri hamabost eguneko zigorra jartzeko ebazpen proposamena, alegia. Esnalen arabera, "ebazpen proposamen hori exekutatzea alkatetzari dagokio, baina 2015-2019 agintaldian ez zuen exekutatu, eta horrela, nik alkatetza hartu baino bi hilabete lehenago, 2019ko martxoaren 20an, EAJk, Joxe Angel Zaldua buru zela, espediente hura iraungitzat eman zuen eta artxibatzeko agindu. Beraz, nik alkatetza hartu nuenerako, espediente hori iraungita zegoen". Hori horrela, EAJko kideengana zuzendu zen alkatea: "Gustatuko litzaidake jakitea zergatik gertatu zen hori. Izan ere, inpunitate hori guztia eta orain aurrera eraman dugun prozedura hau guztia ezin daiteke ulertu, ez badugu aurretik gertatutako hori guztia kontatzen". 

Kontaketarekin jarraitu zuen alkateak. Azaldu zuen nola 2019an EH Bilduk hauteskundeak irabazi eta alkatetza hartu zuen, eta nola hilabeteak aurrera joan ahala, onartezinak diren portaera batzuk ikusi zituzten. "Horren ondorioz, espediente bat irekitzeko dekretua zabaldu nuen, eta Jon Karrera eta Jabier Zabaleta izendatu nituen kasu horren instruktore eta idazkari". 

Urtebeteko lanaren ostean, pasa den irailean eman zuen Esnalek lehengo espedientearen berri. "Lehengo espediente horretan kirol teknikariari lau urteko zigorra eskatu genion bi arau hauste larrirengatik: bat, kontrol sistemari iruzur egitea; eta bestea, eguneko lanorduen barruan, justifikatu gabe, lanpostutik alde egiteagatik. Lau urteko zigorra ezarri genion eta gero berak aukera zeukan, nahi izanez gero, epaitegira joateko eta han helegitea jartzeko. Ez zuen aukera hori baliatu; beraz, irmo bihurtu zen erabakia, eta beraz, lau urteko zigorra betetzen ari da une honetan". 

Beste espediente bat

Baina, horretaz gain, 2021eko abenduan udalak beste espediente bat ireki ziola adierazi zuen Esnalek, udal funtzionario lanpostuarekin bateraezina den jarduera pribatua izateagatik, "gutxienez, orain dela zazpi urtetik". Alkatearen arabera, "kirol teknikariak idatziz onartu ditu dekretu horretan azaltzen zaizkion egitate guztiak, eta bizkortasuna eta diskrezioa eskatu dizkio udalari, seguru asko hariari tiraka hasten bagara, jende gehiago zikinduko delako kasu honetan". Eta EAJko kideengana zuzendu zen berriz ere: "Jakin nahi nuke zergatik gertatu den hau guzti hau eta zergatik zazpi urte luze hauetan, honen guztiaren zantzuak izanda, zergatik ez den ezer egin".

Esnalek nabarmendu zuen bera izan dela lehen alkatea, eta Oriokoa lehen udala, horrelako erabaki bat hartzen. "Irailean zorion mezuak jaso nituen, eta egia esan, oso esker onez jaso nituen, hilabete zailak eta gogorrak izan direlako, baina min txiki bat ere gelditu zitzaidan barruan, eta hori nahi nuke adierazi, uste dudalako nire lanaren parte dela; eta nire lana egiteagatik zorionak jasotzeak sortzen ditu emozio kontrajarriak. Batez ere daukadana da mina eta amorru pixka bat, kontu honekin jende askok pasatu duelako gaizki, eta, batez ere, herriak asko galdu duelako, hogei urtez eduki dugulako teknikari bat ez duena kirola loratu gehiegi eta hori pairatu dutelako herriak eta herriko kirol eragileek. Eta horrez gain, udalgintzan ere asko galdu dugulako, herritarren aurrean galdu dugulako gardentasunean eta zintzotasunean; horregatik daukat pena".

Jarraian, EAJko Lourdes Salsamendik hartu zuen hitza. "Gure partetik babesa izan duzu eta zorionak eman zaizkizu lana ondo egin duzulako, baina azalpenak eskatu dituzu, eta ni momentu honetan ez naiz gai azalpen horiek emateko. Azalpenak eman behar baditut ondo informatuta eta prestatuta emango ditut", adierazi zuen, alkateari zuzenduz. Dena dela, Solaberrietak abiatutako prozeduraren eta oraingoaren artean aldeak egon direla esan zuen. "Oker ez banago, lehengo prozedura hura ez zen modu egokienean eman komunikatiboki behintzat, eta etxe honetako langileek idatzi bat ere egin zuten hori adierazteko". Eta horrez gain, alderdia albo batera utzita, bere iritzi pertsonala mahai gaineratu zuen: "Uste dut Jonek (idazkaria) gai honi buruz eman dituen azalpenekin nahikoa dela, eta ez zela beharrezkoa zaurian gatza botatzea". 

Azalpen gehiago behar izatera, onena Joxe Angel Zalduari eskatzea litzatekeela adierazi zuen Salsamendik: "Seguru asko prest egongo litzateke etortzeko, baina ez zait iruditzen gai honek gehiagorako ematen duenik".

Haren ostean, berriz ere Esnalek hartu zuen hitza, eta EAJren jarrera kritikatzeko baliatu zuen. "Langileak defentsarako eskubidea izan du, eta hori baliatu izan duenean, EH Bilduren partetik jazarpen politikoa jasan duela esan du. Horrek asko amorrarazten nau, frogatu diren egitate guztietan ez dagoelako ezer politikarekin zerikusia duenik; hemen ari gara hitz egiten funtzio publikoko langileek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruz. Ez dakit zer arrazoi egon daitezkeen espediente baten instruktoreak proposatutako zigorra alkate batek, kasu honetan EAJko alkate batek, ez betearazteko, baina horrez gain, alderdi horretako ordezkariek langile horrekin kafeak hartu eta aisialdia konpartitzen badute, sortzen da hau: langile horrek pentsatzea EH Bildu dagoenean jipoitu egiten dutela; EAJ dagoenean, babestu. Beraz, argi utzi nahi nuke, kontu honetan ez dagoela siglarik, hau ez dela jazarpen politiko bat; hemen kontua da langile bat dagoela bere betebeharrak bete ez dituena, eta uste dut,  honetan guztian, EAJk erantzukizun handia daukala".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!