Asteazkenean Maria Francisca Mas Rierak 'Escalantes' liburua aurkeztuko du Etxeluze gaztetxean

Aitziber Arzallus 2022ko api. 4a, 09:18

Maria Francisca Mas Riera, 'Escalantes' liburuaren egilea.

Udaberria loratzen izenburupuan, Etxeluze Asanbladak beste hainbat jarduera ere iragarri ditu datozen asteetarako; hala nola, energia burujabetzari buruzko hitzaldia, Gurean dokumentalaren emanaldia eta Pentsamendu Tailerra.    

Udaberria loratzen titulupean, Etxeluze Asanbladak dozenerdi bat jardueraz osatutako egitaraua prestatu du datozen asteetarako. Aurrenekoa etzi izango da, asteazkenean. Maria Francisca Mas Rierak Escalantes. Escalada desde el feminismo, narrativas y experiencias liburua aurkeztuko du, eta aurkezpenaren ostean, liburuaren egilearekin solasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 19:00etan hasiko da saioa.

Hogei emakume eskalatzaile eta haien bizipenak dira Escalantes lanaren ardatz. Eskaladaz hausnartzeko helburuarekin, kirol hori ikuspegi feministatik aztertu du idazleak, eta horren emaitza da liburuan jaso duena. Hainbat gai jorratu ditu: gorputza, eskaladaren onurak, eskalatzaileen irudikapena, mugak, amatasuna...

Udaberria loratzen egitarauaren baitako hurrengo jarduera Aste Santuko oporraldiaren osterako iragarri dute, apirilaren 28rako hain zuzen, eta energia burujabetzari buruzko hitzaldi bat izango da. Alazne Arruti Goiener energia kooperatibako kidea izango da hizlaria. 19:00etan hasiko da saioa.

Maiatzaren 11n, Gurean dokumentala emango dute gaztetxean. Ikus-entzunezko lan hori Askekintza Donostialdeko talde antiespezistak ondu zuen duela urte batzuk, Euskal Herriko festa askotan oraindik ere animaliak erabiltzen direla salatzeko eta gizartea horren inguruan hausnartzera bultzatzeko. 

Maiatzaren 12rako, berriz, Pentsamendu Tailerra antolatu dute.

Musikarik ere ez da faltako

Hitzaldiez eta dokumentalez gain, zuzeneko musika emanaldiek ere izango dute lekua Etxeluzeko agendan. Joan den larunbatean Odolaren Mintzoa eta Neona taldeek emandako kontzertuak eta gero, apirilaren 22rako iragarri dute hurrengo hitzordua. Egun horretan, Sodade eta Kurkuma nafarrak zuzenan ariko dira gaztetxean, 21:00etatik aurrera. Eta apirilaren 29an, etxeko bat: Intza.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide