Ane Gilek irabazi du 'Orioko emakumeak irudikatuz' argazki lehiaketa

Iñigo Gaiton 2022ko api. 4a, 11:33

Gil-ek aurkeztutako argazkia izan da "lehiaketaren gaira ondoen egokitu dena", antolakuntzaren hitzetan. Ostiralean egin zuten sari banaketa, Orioko eta Aiako bost emakume ekintzaileren mahai-inguruaren ondoren.

Ahalduntze Eskolak antolatutako Orioko emakumeak irudikatuz argazki lehiaketak badu irabazlea: Ane Gil. Lehengo ostiralean jaso zuen saria Salatxo aretoan, eta antolakuntzak ekitaldian nabarmendu zuenez, Gil-en argazkia aukeratzeko arrazoi nagusietako bat izan da gaiarekin duen lotura. "Planteatu genuen gaiak zerikusia izan behar zuela Orioko emakumeekin eta Martxoak 8arekin, eta Gil-en argazkiak bete-betean bat egiten du horrekin", adierazi zuten.

Albiste honen azpialdean ikus daiteke saritu duten irudia. "Autopista azpian egindako argazkia da, herrian bertan, Xaltxerak talde feministak han mural bat egiten jardun zutenean. Herriko emakume bat ikus daiteke muralean lanean, baina aldi berean, beste efektu bat ere lortu du egileak: muraleko argazkietan herriko emakumeak ikus daitezke Martxoak 8ko ekintza desberdinetan. Hau da, argazki berak beste hainbat argazki barnebiltzen ditu, irudiari indar handia emanez", argitu zuten antolatzaileek. Horregatik guztiagatik eman diote saria Gil-en argazkiari. Irabazleak Orioko emakume ekintzaileek egindako produktu sorta bat jaso zuen sari modura.

Emakume ekintzaileen mahai-ingurua
Argazki lehiaketaren sari banaketa egin aurretik, Orio eta Aiako bost emakume ekintzailek mahai-ingurua egin zuten Salatxo aretoan bertan. Iratz Urkizu musikaria, Jesica Morales yoga irakaslea, Goiuri Unanue diseinatzaile eta jostuna, Miriam Garcia diseinatzaile grafiko eta sortzailea eta Gemma Serra artzain eta gaztagilea izan ziren saiora gonbidatuak.

Ahalduntze Eskolako arduradunek gidatu zuten mahai-ingurua, eta han elkartutako lagunek aukera izan zuten ekintzailetzaren argi-ilunak hobeto ezagutzeko. Haien buruak aurkeztu eta gero, Orion ekintzaile izateak zer suposatzen duen azaldu zuten aurrena. Ondoren, zaintzaren gaiak (norberarena, etxekoena, adineko pertsonena, bikotearena, seme-alabena...) pisu handia hartu zuen hitzartzeetan, publikotik egindako galdera baten harira: "Bateragarriak al dira ekintzailetza eta zaintza?". Amaitzeko, elkar saretu eta denen interesen alde batera lan egiteak duen garrantzia azpimarratu zuten.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!