Iosu Esnaola: "Espero bezain ondo joan da elkartearen ohiko batzar nagusia"

Iñigo Gaiton 2022ko api. 4a, 16:15

Esnaola, erdian, Orio AEren zuzendaritzako Luis Atxega eta Nora Makazagarekin batera ostiralean (Iñigo Gaiton)

Orio Arraunketa Elkarteak urteko ohiko batzar nagusia egin zuen ostiralean kultur etxean. Aurreikusten zen modura, bazkideek onartu egin zituzten batzarrean landutako puntu guztiak.

Berrogei bat bazkide elkartu ditu aurten Orio AEren ohiko batzar nagusiak. Ostiral arratsaldean egin zuten bilera, eta KARKARAk Iosu Esnaola presidentearekin hitz egiteko aukera izan du, bilkuraren balorazioa egin dezan: "Ondo joan zen bilera, eta onartu beharreko puntu guztiei eman zitzaien onarpena", azaldu du. Iazko bilkurako aktari onarpena eman zioten bazkideek, baita elkarteak 2022rako aurkeztu duen aurrekontuari ere.

Ohi bezala, elkartearen martxaren eta berritasunen inguruko azalpenak emateko baliatu zuten bilkura zuzendaritzako kideek. Iazko kirol memoriaren nondik norakoak azaldu ostean, Esnaolak azaldu zuen aurten zaleentzako autobusak jarriko dituztela traineru estropadak ikustera joateko. "Oraingoz sei irteera egitea aurreikusten dugu, eta aurrenekoa Bilboko estropadetara izango da, uztailaren 2an", zehaztu du presidenteak. Autobuseko txartelek 12 euroko prezioa izango dute pertsonako. "Kotxean ez mugitzeagatik, kanpoko estropadak ikustera animatzen ez den jendea dago herrian, eta erraztasunak eman nahi dizkiegu jarraitzaile horiei, estropadez gozatzeko aukera izan dezaten", argitu du Esnaolak.

Esker oneko hitzak entrenatzaileentzat
Nesken traineruan entrenatzaile aldaketa izan da aurten, eta presidenteak aitortza egin nahi izan zion bazkideen aurrean Santi Zabaletak egindako lanari. "Baja inportantea izan da guretzat. Taldea utziko zuela esan zigunean pena handia hartu genuen. Lan ikaragarria egin du urte hauetan guztietan", mintzatu da Esnaola.

Ildo berean, balioan jarri du Patxi Francesek fitxaketa ere: "Hasieratik bera izan da gure aurreneko aukera Zabaletaren hutsunea betetzeko. Bazituen beste taldeen eskaintza hobeak, baina barruan duen sentimendu horiak bultzatuta hona etorri da. Ilusio handiarekin ari da lanean taldearekin, eta ikusten da egunerokoan gustura ari direla denak".

Zerbeza feria eta herriko estropadak
Arraun elkarteko zuzendaritzak emandako informazioaren arabera, aurten irailaren 23tik 25era bitartean egingo dute zerbeza feria. Gainera, 24an Nazioarteko Estropadez gozatzeko aukera izango da errioan.

Bestalde, uztailaren 15etik 17ra Bisiguaren Eguna ospatuko da plazan, eta asteburu horretarako traineru estropadak antolatu dituzte. 16an itsasoan jokatuko dira Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak, eta 17an, igandearekin, KAE ligako ontziek erlojupekoa egingo dute errioan. Plazan izango dituzte irteera eta helmuga puntuak, eta ziabogak emateko balizak Ortzaikan jarriko ditu antolakuntzak.