Sekretu bakarra, inurri lana

Aitziber Arzallus 2022ko api. 5a, 11:30

Eusko Gudarien kaleko Andu altzari dendak ia lau hamarkada daramatza zabalik. Ez da herriko negoziorik zaharrena, baina herritar askok hor ezagutu dute beti. Herrian emakume enpresaburu oso gutxi zeuden garaian, Juanita Lertxundi izan zen denda martxan jarri zuena. Haren semeak azaldu ditu nondik norakoak.

Herrian badira pertsiana behin betiko jaitsi berri duten negozioak, badira negozio berriak irekitzeko prestatzen ari diren lokalak, eta badira negozio mitikoak, 20-30 urteen bueltan dabiltzanentzat herriko paisaiaren parte direnak, beti hor ikusi izan dituztelako. Eusko Gudarien kaleko Andu altzari denda da horietako bat. Ez da herriko negoziorik zaharrena, baina badaramatza hamarkada batzuk martxan, eta herrian gertatu diren aldaketen lekuko izateaz gain, kontatzeko moduko historia du. 

Egun Joxe Mari Genovak (Orio, 1966) du barne diseinu eta dekorazio lanetarako estudioaren ardura, baina negozioa haren amak jarri zuen martxan, Juanita Lertxundik (Orio, 1942-2006), 80ko hamarkadaren erdialdera. Genovak azaldu ditu nondik norakoak: "Orain The Pass dagoen tokian altzari tailer bat geneukan; garai hartan, Muebles Lertxundi. Familiako lantegia zen, aitonak eta zenbait bazkidek irekia, neurrira egindako altzariak fabrikatzeko. Altzari klasikoak egiten zituzten, egur ona erabilita, eta ama ere han ibiltzen zen, batez ere bulegoko lanetan, baina baita bestelako lanetan ere".

Altzariak egin eta saldu, dena tailerrean bertan egiten zuten, eta gero, bazituzten jakineko bezero batzuk. "Gasteizen, Gernikan, Errioxan eta beste leku batzuetan bezeroak genituen, bezero oso onak, eta haiekin lan asko egiten genuen", jarraitu du Genovak. Juanitak, ordea, gehiago saltzeko modua ikusi zuen. "Altzariak herritarren bistan jarri behar zirela esaten zuen, erakutsi egin behar zirela, denen eskura jarri. Garai hartan biltegia geneukan hemen, eta denda jartzea erabaki zuen".  

Lantegian egindako altzariez gain, kanpokoak ere saltzen zituen dendan. "Herrialde Katalanetatik ekartzen zuen asko: Bartzelonatik, Tarragonatik, Valentziatik… Baina beti saiatzen zen hemen ingurukoei ere lekua egiten". Altzari klasikoekin hasi zen arren, laster ireki zizkien ateak beste estilo batzuei, modernoagoei, eta aurki hasi zen gaztetxoen gelak saltzen ere.

Altzarigintzarako tradizioa

Itsasoari eta arrantzari lotutako herria izanagatik, Orion beste lanbide batzuetarako joera ere egon dela esan du Genovak; besteren artean, arotz asko eta onak atera direla, eta altzarigintzarako tradizioa egon dela. "Pentsatzen dut erriberako arotzak izango zirela aurrena, eta pixkanaka, lehorreratzen joango zirela". Gogoan du, umea zela, herrian altzari fabrika ugari zeudela: "Lertxundiz gain, hor zeuden Arin y Embil, Leunda, Esnal, Aramendi…". Altzari dendak zabaltzen, berriz, geroxeago hasi zirela esan du. "Aurretik bazegoen bakarren bat, eta gure amak denda zabaldu garaian, besteren batzuk ere ausartu ziren". Dena dela, 80ko hamarkadaren erdialdera, artean emakume enpresaburu oso gutxi zeuden herrian. "Gure amak txantxetan esan ohi zuen bera bi aldiz engainatu zutela, etxean eta kanpoan, bietan lan egitea tokatzen zitzaiolako".

Amaz galdetuta, mirespenez hitz egiten du Genovak. "Gorputzez ez zen emakume handia; bai, ordea, izaera eta nortasun handikoa. Gizonezkoen artean mugitzen zen erabat, mundu oso maskulinoan; jasan beharko zituen bereak, baina errespetatuarazi egiten zen. Tailerrean erraz moldatzen zen, jende oso jatorra baitzegoen; obretan, zapaldua izan ez zedin, bazekien bere tokian egoten; eta gremioen artean maitatua zen, izaera tinkoa izan arren, oso langilea baitzen. Lider sena zuen, baina inurri bat zen, beti lanean. Denda jarri zuenean, berriz, askatu egin zen". 

Denda jarri eta gero, ikasteari ekin zion Lertxundik. "Tailerrean jardutetik gauza asko zekizkien, baina ez da gauza bera altzari bat diseinatzea eta etxebizitza baterako proiektu bat egitea. Horretaz jabetuta, gu nerabeak ginela, ikasten hasi zen ama. Egun guztia dendan pasatzen zuen, 19:00etatik 22:00etara Donostiara ikastera joaten zen, eta handik bueltan, etxekoak egin behar izaten zituen". 

Aldaketa handiko garaiak

Ikasketa haiek beste ate batzuk ireki zizkioten Lertxundiri, jendea hasi baitzitzaion etxebizitza goitik behera eraberritzeko eskatzen. "Artean eskuko telefonorik ez zegoen, eta pentsa zer izaten zen hura: gure etxean ohikoa zen 21:30ean eta 22:00etan ama telefonoz eskaiolistarekin edo igeltseroarekin telefonoz hizketan entzutea. Baina lanak egin egiten ziren".

Kanpora ere sarri joan behar izaten zuen, azoketara gehienbat. Hasieran, ahizpa batekin joaten zen, baina laster hasi zitzaion semea amari laguntzen. "Konturatu nintzen, dendan lan egin nahi banuen, prestatu beharra neukala, eta soldadutzatik bueltan, dekorazio ikasketak egiten hasi nintzen". 21 urterako amarekin ari zen eskuz esku, eta azoketara ere elkarrekin joaten ziren. "Emakume nekaezina zen, etorriko zenari tankera hartzeko gaitasun handia zeukan, eta gainera, ausarta zen. Zerbait deigarria ikusten bazuen, erosi egiten zuen, eta gehienetan, asmatu". Horretarako, begiak irekita eduki behar direla dio Genovak, "egiten duzuna gustatu egin behar zaizu, gustua eduki behar duzu, eta asko irakurri, denbora librean ere ordu asko eskaini". 

2006an hil zen Juanita Lertxundi, gazte, 63 urterekin, eta orduz geroztik, Genovak eusten dio negozioari. Eta amarenak aldaketa urteak izan baziren, semearenak ez dira izan gutxiagorako. Ikea eta antzerako denda handien etorrera, Internetarena, 2008ko krisialdia eta etxegintza sektorearen gainbehera, pandemia... Horiei guztiei aurre egin eta hor jarraitzen du oraindik, Eusko Gudarien kaleko bere txokoan. "Azken hamabost urteotan krisialdi etengabe batean bizi garen sentipenarekin, beti zerbaiti ihesi eta beti zerbaitek ihes egiten digulakoan, baina hemen jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu, inurri lanean". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!