Hamar urtean "salto bat" emateko helburua du udalaren Euskara Planak

Iñigo Gaiton 2022ko api. 7a, 11:15
Udalaren ekimenez eta AEKren laguntzaz, errefortzu eskolak hartzen dituzte herriko 42 ikaslek. (Orioko Udala)

Orioko Udalak 2033. urtea bitartean euskara arloan izango dituen lehentasunak zehaztu ditu herritarrekin batera. 89 jarduerarekin osatu dute ekintza plana.

Orioko Udalak joan den astean plazaratu zuen datozen hamar urteetarako Orioko Euskara Plana, martxoko udalbatzarrean aho batez onarpena eman ondoren. Udaleko Euskara Zerbitzuak zehaztu du "salto bat egiteko garaia" dela euskara arloan, eta xede horrekin ondu dute dokumentua, egungo testuinguruaren garrantziak bultzatuta: "Datozen hamar urteak klabeak izango dira euskararen norabidea zehazteko, bai Euskal Herrian, baita Orion ere".

Euskararen normalizazioan aurrerapen handiak egin diren arren, egungo errealitateak erronka berriak planteatzen dituela esaten da txostenean; hala nola "aldaketa demografikoen eraginari buelta ematea, oriotar berrien hizkuntza integrazioa, ikastetxeek ikasle batzuk euskaldun aktibo bihurtzeko dituzten zailtasunei aurre egitea edota erabilerari eusteko arazoei aterabidea bilatzea, bereziki eremu informaletan".

Aipatutako erronkez gain, beste hainbati ere egiten die erreferentzia planak, eta horiei guztiei erantzuteko xedearekin abiatu zuten planaren lanketa iazko udazkenean herriko norbanako eta eragileekin batera, eta neguan jarraipena eman zitzaion hausnarketa prozesuari. Arloka banatuta egin zuten parte hartze prozesua: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa.

Ekintza plan sendoa

Hausnarketa prozesuan zehar, eragiteko premioa dagoen hiru eremu identifikatu zituzten denen artean: hizkuntzaren eta hizkuntza joeren transmisioa haurrei, kirol mundua euskalduntzea eta herritar euskaldunen sentsibilizazioa eta motibazioa lantzea.

Hala, Euskara Planaren biltzen duen dokumentua arloka antolatu dute, 11 atal desberdinetan: Familia bidezko transmisioa, Irakaskuntza, Euskalduntze-alfabetatzea, Administrazioa, Arlo sozioekonomikoa, Aisialdia, Kirola, Kulturgintza, Corpus-plangintza, Hedabideak eta IKTak eta Sentsibilizazioa eta Motibazioa. Atal bakoitzaren egoera aztertu ondoren, helburuak eta aurreikusitako jarduerak zehazten dira txostenean.

Lehen arloari lotuta, etxean euskara erabiltzen duten gurasoen portzentajea handitzea da xedeetako bat. Besteak beste, Haur Berrien Ongietorria antolatu nahi dute urtero hizkuntzaren gaiari garrantzia eman xedez, eta etxeko erabilerari buruzko datuak sistematikoki jaso nahi dituzte, bi urtetik behin, ikastetxeen laguntzarekin.

Hezkuntza arloan, udalak azpimarratu du hezkuntza eragileen jarrera euskara indartzen jarraitzearen aldekoa dela "erabat". Hala, lanean segituko dute haurren arteko euskararen erabilera informala %90tik gora kokatzeko eta gurasoen euskararen ezagutza indizea eta erabilera indizeak handitzeko. Bestalde, udalak Hezkuntza Mahaia sortzeko borondatea duela ikusita, mahai horretan euskara sustatzeko lana egitea ere aurreikusten da.

Euskaldunen alfabetatzeari dagokionez, udalak azpimarratzen du Orioko Euskaltegia "erreferente" bilakatu dela azken urteotan, 2015ean Udalak Orioko euskalduntze-alfabetatzea indartzeko apustu estrategikoa egin zuenetik. Ikasle kopurua hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa denez, Euskaltegiari toki egokiagoa topatu nahi diote. Etorkinak euskarara hurbiltzeko programak diseinatu eta garatzeko jarduerak ere aurreikusten dituzte.

Kirola, aisialdia, kultura...

Arlo sozioekonomikoaren atalean aipatzen denez, lan munduan euskararen erabilera handitzea "erronka handia" da Oriorentzat, eta udalarentzat, daukan pisu estrategikoagatik, etorkizuneko lan ildo garrantzitsuenetako bat izan behar du. "Nagusiki, horrek esan nahi du turismoan eta merkataritzan eragin behar dugula", azpimarratu dute.

Ildo horretan, Merkataritza Euskaraz programa indartu eta sistematizatu nahi dute, arloko jende guztiak izan dezan udalak ematen duen laguntzaren berri.

Haurren aisialdiaren eremuan, Txurrumuskiko begiraleei prestakuntza eskaini nahi diete, hizkuntzaren erabilera sustatzeko xedearekin.

Kirol esparruan, badira bi berritasun: kiroldegia euskararen arnasgune funtzional bihurtzeko lanketa jarri nahi da abian kanpoko aholkularitza baten bidez. Horrez gain, sentsibilizazio-kanpaina indartsu bat egingo da Orioko kirol munduko erreferente euskaldunekin, kirol munduan euskaraz egiteko joera indartzeko.

Kulturgintza alorrean, euskarazko Wikipedian Oriori buruzko artikuluak gehitzeko lantaldea osatu nahi du udalak, baita irakurle kluba abian jarri ere, literaturazaletasuna sustatzeko.

Arlo digitalean, lantalde bat sortu eta teknologia berrien bidez egin daitezkeen jarduerak aztertu eta abian jarri nahi dira: euskarazko bideo laburren lehiaketa, TikTok lehiaketa...

Txostenaren azken atala sentsibilizazioari eta motibazioari lotutakoa da, eta azpimarra egiten zaio euskara balio positiboekin eta modernitatearekin lotzeko ekimenak garatzeak duen garrantziari. Atal berean zehazten denez, udalak eskuartean du herrian euskara talde bat sortzeko lanketa abiatzeko ideia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!