"Herriko ondarearen transmisioak gazteengana ailegatu behar du"

Iñigo Gaiton 2022ko api. 9a, 18:00

Donostiako Itsas Museoko zuzendaria eta Albaolako ikerketa arloko arduraduna da Xabier Alberdi. Euskal itsas ondarearen inguruan duen ezagutza zabala tarteko, bera izan da Biziberritze Planerako elkarrizketatu duten adituetako bat. 

Ondareak zertarako balio behar du etorkizunera begira?
Beste zenbait herritan ere badago galdera hori mahai gainean, eta hausnarketak egiten ari dira. Kostaldeko herrien ardatza izan da itsasoa, eta mendez mende, momentu beltzenetan ere aurrera egiteko aukera desberdinak eskaini dizkigu. 

Historian zehar, itsasoaren eta errioaren baliabideak modu askotara ustiatu dituzte oriotarrek, eta orain, aldaketa esanguratsu bat egon da, ustiapen modelo horietako batzuk ahitzen ari direlako: ontziolen jarduera eta arrantza, Orioren kasuan. Beste jarduera batzuek, aisialdi eta kirol arlokoek esate baterako, bizirik jarraitzen dute, eta herri guztiek ez dute zorte hori. Errioaren bueltan aukera berriak sor daitezke Oriorentzat, eta horiek balio behar dute herri bezala garatzen joateko. 

Ondarearen transmisioak haur eta gazteengana heldu behar duela azpimarratu izan duzu maiz, eta hori ez dela gertatzen, etena dagoela belaunaldien artean. 
Hemen ez dago sistematizatuta ondarearen transmisioa, ez hezkuntzan ezta beste esparruetan ere. Herrialde batzuek, berriz, bermatzen dute hori, eta gero nahi dugu haiekin lehiakorrak izan nazioartean. Mundu globalizatu eta lehiakor honetan aurrera egiteko, bereizgarriak izan behar ditu herrialde edo herri batek. Orioren kasuan, haur eta gaztetxoek jakin behar dute ez direla edonon jaio, mendeetako tradizioa duen toki batean baizik, eta horrek inspirazio bezala balio behar die etorkizunari beldurrik ez izateko. Historian aurrera egiteko gai izan den jende baten oinordekoak dira oriotarrak, eta horrek indar bat, bereizgarri bat eman behar die belaunaldi berriei. Garrantzitsua da haien artean kontzientzia hori piztea, baina ez dugu asmatzen transmisioa behar bezala egiten. Oso zaila da gazteengana iristea. 

Mutiozabal ontziolak aurten irekiko ditu ateak. Albaola eta Itsas Museoko martxa gertutik ezagututa, zer egin behar da Orion? 
Halako eraikinek giro bat sortzeko balio behar dute, funtsezkoa da bizi-bizirik egotea. Borroka eta lan handia egin beharko da Mutiozabalek martxa izan dezan. Halako zentroetan, iragana da lanerako materiala, baina etorkizunak izan behar du helburu nagusia. Ontziolatik pasatuko diren herritarrengan arrastoa utzi behar du, marka bat, jendeak sentitu behar du Mutiozabalek lotura duela bere izaerarekin. Horrez gain, ateak irekita izan beharko ditu, inguruko herri eta nazioarteko zentroekin saretzeko.  

Eta kanpora begira?
Gaur egun dena errelatoen bidez saltzen da, istorioak kontsumitzen ditugu, berdin auto bat edo Errioxako ardo botila bat erosterakoan. Mutiozabalek, eta orokorrean Orioren ondareak, errelato eder bat sortzeko balio behar du, bisitarientzat interesgarria izango den kontakizun bat.