Valentziatik, garaipenik gabe

Aitziber Arzallus 2022ko api. 13a, 12:21

Fenix taldearen kontra jokatutako bi partidak galdu zituzten oriotarrek. Hurrengo aurkaria Bartzelonako Sant Boi taldea izango dute, bi asteburu barru.

Asteburuan OBB Orioko Bate Bizkorrak taldea Valentzian (Herrialde Katalanak) izan da ligako bosgarren jardunaldia jokatzen. Fenix taldea izan du aurkari, aurkari gogorra gainera, eta oriotarrek ezin izan dute jokatutako bi partidetako bat bera ere irabazi.

Lehendabiziko partidan, etxeko taldea erasoan ondo hasi zen, eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuen lehendabiziko puntua erdietsita. Oriotarrek ahaleginak egin zituzten, eta hainbat puntu lortu ere bai, baina ez valentziarrak gainditzeko behar adina. Horrela, 6 eta 3 bukatu zuten lehen neurketa.

Bigarren partida hobeto hasi zuen OBBk, eta beretzat izan zen lehendabiziko puntua, Maialen Pisonen eskutik. Baina oriotarrek hainbat huts egin eta haiei etekina ateratzen jakin zuten etxekoek, eta horrela, aurrena partida berdintzea eta gero markagailuan aurretik jartzea lortu zuen Fenixek. Bukaerako emaitza, 3 eta 2 etxekoen alde.

OBBk garaipenik eskuratu ez zuen arren, Blanca Lopezek nabarmentzeko moduko lana egin zuen erasoan.

Datorren asteburuan ligako partidarik ez dute jokatuko oriotarrek, atsedena tokatzen zaielako. Hurrengo partida, beraz, bi asteburu barru jokatuko dute Bartzelonako Sant Boi taldearen aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!