Emakumeen Mahaia sortzeko aurreneko bilera egingo dute maiatzaren 12an

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 18a, 13:27

Ahalduntze Eskolak deitu du bilerara, eta bertako kideek dinamizatuko dute. Emakumeen Mahaia sortzea proposatu dute "emakumeen parte hartzea ezinbestekoa delako berdintasun politikak herritik eraiki ahal izateko". Berdintasun politiketan "eragin nahi duten" norbanako eta taldeetako ordezkariek har dezakete parte bileran.

Maitzaren 12an, osteguna, 18:00etan hitzordu garrantzitsua dute emakume oriotarrek. Izan ere, Emakume Mahaia osatzeko lehen bilera egingo da. Salatxo aretoan izango da saioa, Ahalduntze Eskolako Aizpea Esnaolak eta Eider Goiburuk dinamizatuta, eta berdintasun politiketan "eragin nahi duten" norbanako eta taldeetako ordezkariak deitu dituzte bilerara.

"Orion emakumeon Ahalduntze Eskola sortu zenetik, herriko emakume anitzen ahotsak entzun eta horien beharrak asetzeko hainbat ekimen eta udal politika bultzatzen aritu gara. Prozesu horretan, argi ikusi dugu emakumeon parte hartzea ezinbestekoa dela berdintasun politikak herritik eraiki ahal izateko". Horregatik proposatzen dute emakumeen mahai bat sortzea.

"Helburua udaleko berdintasun politiken norabidea hausnartzea eta udalean proposatzea da", gaineratu dute.