Asteburuko bi partidak irabazi ditu OBB taldeak

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 4a, 09:00
Orioko Bate Bizkorrak taldea, Dridma taldearen aurkako partidetako batean (Argazkia: OBB).

Etxean jokatu du Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko zazpigarren jardunaldia, Dridma talde madrildarraren aurka. 9-2 eta 6-4 irabazi dituzte partidak oriotarrek.

Mendibeltz zelaian jokatu du OBB Orioko Bate Bizkorrak taldeak Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko zazpigarren jardunaldia Dridma talde madrildarraren aurka, eta bi garaipenekin amaitu du asteburua. Izan ere, 9-2 eta 6-4 gailendu dira oriotarrak.

Aurreneko partidan, bi taldeek karrerak sartu zituztela eta partida oso berdinduta egon zela azaldu du OBBk. "Partida osoan zehar aurretik joan arren, seigarren sarreran oriotarrek euren bateak atera zituzten, 5 karrera sartuz".

Asteburuan Mendibeltzen jokatu dituzte partidak (Argazkia: OBB).

Bigarren partidan, berriz, Orioko neskek markagailua ireki zuten lehen sarreran, eta pixkanaka karrerak batuz joan ziren. Hala ere, OBBk kontatu du bosgarren sarreran Dridmakoek partida berdintzea lortu zutela, eta oriotarrek berdinketa hautsi behar izan zutela "zazpigarren sarreran Amane Erkiziak bultzatutako bi karrerarekin".

Jokalarien artean, beste izen bat ere aipatu du taldeak: "Aipatzeko da Igone Etxeberriaren lan bikaina goman eta erasoan".

Datorren asteburuan Kanarietan jokatuko dute, Capitalinos taldearen aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!