"Egun osoa libre izanda, non hobeto estropalariei laguntzen baino?"

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 5a, 13:00

BoluntOrioak, izar ikusezinak dokumentala estreinatuko dute gaur arratsaldean kultur etxean. Jose Antonio Gutierrezek astelehenean ikusi zuen filma arraun elkarteko beste hainbat lagunekin batera, eta kontentu atera zen proiekziotik. "Sekula ez zait gustatu argazki eta bideoetan agertzea, baina dokumental honek aitortza egiten dio elkartean laguntzen ibiltzen garenon lanari, eta pozgarria da hori argitara ateratzea".

Maiatzaren 2a, astelehena. Arratsean, jendea biltzen hasi zen Arraunetxeko areto nagusian: elkarteko arraunlariak, zuzendaritzako kideak, prestatzaileak, udal ordezkariak... Horiekin batera, elkartearen bueltan boluntario lanean urteak daramatzaten lagunak. Elkarrekin ikusi zuten dokumentalak aitortza egiten dio boluntarioek elkartean egiten duten lan eskergari, eta horietako zenbaitentzat arraroa izan zen haien burua aurrenekoz pantailan ikustea, istorio bateko protagonista modura.

Xabier Sukia Orio AEko komunikazio arduradunak eskaera bat egin zuen proiekzioa hasterako: "Dokumental honetan boluntario batzuen lekukotzak jasotzen dira, baina denok dakigu, hamarkadaz hamarkada, laguntzaile askoz gehiago ere izan direla elkartearen bueltan. Filmean ikusiko dituzuen lagunen ahotsaren bidez, falta diren guztiekin gogoratzea nahi genuke, haien guztien lanari ere aitortza egiteko".

40 urte laguntzen
Gaur gaurkoz, Jose Antonio Gutierrez (Orio,1947) da elkarteko boluntario zaharrenetako bat. "1981ean edo 1982an hasi nintzen estropalariei laguntzen, zalantza dut urtearekin. Iñaki Sarasua zen orduan presidentea. Urteak joan dira ordutik", gogoratu da. Aho-zapore ona laga zion BoluntOrioak, izar ikusezinak filmaren aurrestreinaldiak. "Baita inguruko lagunei ere", esan du pozarren.

Bere burua pantailan ikustera zihoala jakin arren, Gutierrezek ez zuen urduritasunik izan astelehenean. Bai, ordea, grabaketak egiten ibili zirenean: "Mondragon Unibertsitateko bi ikaslek egin dute filma, eta lehen elkarrizketa ez nuen gustura egin. Errepikatzeko aukera zegoela esan zidaten, eta bigarren egunean, haiek beharrean Sukiak elkarrizketatu ninduen. Harekin konfiantza giroan sentitu nintzen berehala, eta erosoago erantzun nituen galderak", ekarri du gogora.

Gutierrezi ilusio handia egin dio filmak haien lanari egiten dion aitortzak: "Egia esan, ni ez naiz nire lana besteei erakustearen aldekoa, sekula ez dut izan argazki edo bideoetan agertzeko gogorik. Hala ere, jakina baietz, ilusioa egin dit dokumental hau egin izanak. Lan handia egiten dugu, ia urte osoan izaten baita zeregina hemen, eta hori guztiari balioa eman izana ederra da".

Ezkutuko lana
Azken urteetan aldatzen joan den kirola izan arren, arraun mundua ez dago ulertzerik musutrukeko lanik gabe. Elkarte guztietan daude xentimorik kobratu gabe orduak eta orduak egiten dituzten laguntzaileak, eta Orioko elkarteak duen dimentsioa kontuan izanik, Arraunetxen esku asko behar izaten dira urte osoan zehar: ontzien eta arraunen mantenuarekin laguntzeko, txofertzarako, zuzendaritzako lanetarako, adin guztietako arraunlariei estropadetara laguntzeko... Zerrenda amaigabea da.

Gutierrez txofertzan jarduten da batez ere, eta azken lauzpabost urtean nesken trainerua ibili du atoian. "Lehen, gidabaimen berezia behar izaten zen atoian 750 kilo baino gehiago ibiltzeko, eta kamioilariez gain, jende gutxik zuen lizentzia hori. Nik banuenez, txaluparekin batera eta bestera ibiltzen hasi nintzen", dio garai zaharrak gogora ekarriz.

Istorioak, mila
Estropaden aitzakian, bidaia asko egitea tokatu zaio Gutierrezi. Beste laguntzaileekin batera pilatutako istorioak asko dira, eta gogora ekarri du Sevillara (Andaluzia, Espainia) bidean izandako istripua. "Behin ere ez zait gustatu atoian bi traineru batera eramatea, oso gutxitan ibili izan gara horrela. Urte batean, Hondarribikoek eskatu ziguten haien trainerua ere eramateko Sevillako estropadetara. Traineruak ontzi handiak dira, eta errepidean zoazela haize zurrunbiloak sortzen zaizkie barruan, abiaduragatik. Egun hartan Jose Luis Gozategi eta biok gindoazen furgonetan, eta haize ufaden ondorioez, kamioia bueltatu egin zen, atoiak egindako balantza batengatik".  Besoan min hartuta, bi aste egin zituen Burgosko erietxean, eta zauri latzak izan arren, ondo errekuperatzea lortu zuen.

Ezbeharra izanagatik, ez zion agur esan arraun elkarteko furgonetari. "Adinean aurrera goazen arren, ez zaigu osasunik falta, Jaungoikoari eskerrak, eta ahal dudan heinean, estropalariei laguntzen jarraituko dut", azaldu du indarrarekin. "65 urterekin hartu nuen erretiroa, eta ordutik libre dut egun osoa. Zer egin behar dut? Geldirik egon? Alde ederrean nago hemen, batzuei eta besteei laguntzen. Eguna konturatzerako joaten zait".

Arraunetxen neska-mutil gazteak sasoi betean ibiltzen dira egunero, eta haien gaztetasunari inbidiarik ba ote dion galdetu zaio Gutierrezi: "Bai, noski, gaztetasun hori... Nik aspaldi pasatu nuen! Hala ere, hiltzeko jaiotzen gara, eta gu ere bagoaz aurrera, hori onartu beharra dago. Niri gustatzen zaidana da gazteak kirola egiten ikustea, arraunean edo beste edozertan. Kirolak onura asko ditu, eta hemen ikusten dudanaren arabera, gazteek balio onak barneratzen dituzte arraunaren bitartez. Gainera, esango nuke sekula baino ume gehiago dabilela elkartean aurten, eta hori oso seinale ona da", mintzatu da baikor.  

Gutierrezena ahots bat da BoluntOrioak, izar ikusezinak dokumentalak jasotzen dituen beste zenbaiten artean. Gaur, 19:00etatik aurrera, gainontzeko boluntarioen lekukotzak entzuteko aukera izango da, Kultur Etxean egingo den proiekzioan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!