Joseba Altuna oriotarrak Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko du larunbatean

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 11a, 14:00

Txapelketaren hamabigarren edizioa da aurtengoa, eta azken partidak, iaz bezala, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dituzte, 10:00etan hasita. Altunak hasiera batean finalerako txartelik eskuratu ez bazuen ere, parte hartzeko aukera suertatu zaio, Leire Esnal zumaiarrak uko egin diolako finala lehiatzeari.

Bigarren urtez jarraian, Zumaiako Aitzuri frontoiak hartuko ditu Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketako finalak. Datorren larunbatean, hilaren 14an, jokatuko dira txapelketaren hamabigarren edizioko azken partidak, goizeko 10:00etatik aurrera, Zumaiako frontoi luzean.

Aitzuri frontoian bertan egindako agerraldi batekin aurkeztu zituzten atzo, asteartea, datorren larunbateko finalak. Ander Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidente Blanca Arangurenek, Gipuzkoako Esku Pilota Federazioko kide Juan Carlos Etxeberriak, eta Zumaiako Udaleko zinegotzi Maider Alberdik hartu zuten parte ekitaldian. Finalak jokatuko dituzten hamabi pilotariak ere bertan izan ziren; tartean, Zarauzko taldeko partaidea den Joseba Altuna oriotarra. Gonbidatu berezi bat ere izan zuten Zumaiako frontoian: Oinatz Bengoetxea, eta pilotari finalistek egindako lana txalotu zuen.

Pilota egokituko txapelketa honen iazko edizioa osasun egoerak baldintzatu bazuen aurtengoan normaltasun osoz jokatu dutela azaldu zuten agerraldian. Parte hartzea ere inoiz baino handiagoa izan dela goraipatu zuten. Guztira, 25 pilotarik parte hartu dute bi federazioek elkarlanean antolatutako txapelketan. "Iaz izandako neurri zorrotzik gabe, aurtengo publikoa ere izan dugu harmailetan", adierazi zuten, eta eskerrak eman zizkieten urtarriletik hona txapelketako partidak hartu dituzten udalei. Txapelketa urtarrilean hasi zuten Amasa-Villabonan eta Zumaian bukatuko dute, eta tarteko jardunaldiak Donostiako Añorga auzoan, Asteasun, Idiazabalen, Errenterian eta Zestoan egin dituzte.

Aurtengo txapelketa "bizitzara bueltatzea" bezala izan dela nabarmendu zuten. Ildo beretik, "denen poza eskertzekoa" dela azaldu zuen Etxeberriak, eta horrek aurrera jarraitzeko bultzada ematen diela. Federazioetako bi kideek emakumeen parte hartzean gabezia sumatzen dutela gaineratu zuten, baina zentzu horretan berrikuntzak egon daitezkeela aipatu zuen Etxeberriak, Euskal Herriko Esku Pilota Federazioarekin heldutako akordioari esker.

Gizarteratzerako orduan pilotak duen garrantzia azpimarratu zuen Agirrek; Alberdik, berriz, datozen urteotan ere ateak zabalik aurkituko dituztela esan zien, eta Zumaiako Udalak bidelagun izaten jarraituko duela gaineratu zuen.

Bi kategoria, hiru partida

Bi kategoriatan jokatu dute pilota egokituko txapelketa: adimen urritasuna dutenek teniseko paleta modalitatean, eta gurpildun aulkian ibiltzen direnek gomazko paletan.

Hiru izango dira larunbatean jokatuko dituzten partidak: lehenengoan, teniseko paletan, multzo gorrian, Lander Ortega eta Xabier Villar bikotea Lorea Iribar eta Ibai Gomezen aurka ariko dira; bigarren partidan, gomazko paletan, German Elkorok eta Asier Navaridasek Manu Quesada eta Beñat Lizaso izango dituzte aurkari; eta hirugarrenean, teniseko paletan baina multzo urdinean, Joseba Altunak eta Eneko Sagarmendik osatutako bikoteak Iraitz Huegun eta Haritz Lertxundiren aurka neurtuko ditu indarrak. Berez, Leire Esnal zumaiarra finalera sailkatu zen, baina egun berean Realaren futbol egokituko taldearekin partida du Malagan (Espainia), eta finalean jokatzeari uko egin behar izan dio. Altunak jokatuko du zumaiarraren ordez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!