'Desertuan Behatxuloa' saiakera liburua plazaratu du Anjel Lertxundik

Lertxundi, bere azken lana esku artean duela. (Alberdania)

Idazkera "gogorra" erabili du Lertxundik bere azken lanean, "begietara begiratzen duena".

Ostiralean aurkeztu zuen Anjel Lertxundi idazle oriotarrak bere azken lana: Desertuan behatxuloa saiakera liburua. Alberdania argitaletxearekin plazaratu du liburu berria, eta aurkezpenean izan ziren bertako Jorge Gimenez Bech eta Juan Kruz Igerabide idazlea, azken lan hau sortzen bidelagun izan duena.

Bertan azaldu zutenez, Lertxundiren azken lanean "agerian geratzen da idazlea". Gai sakonak lantzen ditu, irakurlea etxeko sukalderaino gonbidatuta. "Ni"-a oso prestent dagoela ere azaldu zuten aurkezpenean eta, besteak beste, erlijioari eta botereari buruzko gogoetak uztartzen ditu. Idazkera "gogorra" darabil Lertxundik bere azken lanean Igerabideren arabera, "begietara begiratzen duena".

Idazleak azaldu zuen pandemiaren aurretik hasita zegoela lan honekin, baina etenaldi espero gabeko hura ondo etorri zitzaiola "haria egiteko". Jakinarazi zuenez, testuak idazteak adinako nekea eragin dio lan honetan horiek antolatzeak. Hiru kapituluz dago osatuta saiakera, eta Lertxundi ahalegindu da horien arteko konexioak osatzen. Hiru kapituluek kontatzen dutena ezberdina izanagatik, jokabideak eta erabilitako teknikak batzen ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!