Gutuna: "Balea moilan, komunak putzutan"

Karkara 2022ko mai. 16a, 12:35

Herritar batek gutuna bidali du KARKARAren erredakziora. Salatu duenez, Balearen Egunerako jarritako bi komun ikusi zituen atzo itsasoan, Oriotik Donostiara bitarteko itsas eremuan.

Azpialdean irakur daiteke osorik herritar batek KARKARAren erredakziora bidalitako gutuna:

"Atzo, motorra hartu eta Oriotik Donostia aldera abiatu nintzen itsasoz, eguraldi ederrarekin. Zoragarri zeuden zerua eta itsasoa, urdin-urdin, eta eguzkiak gogotik berotzen zuen. Eguna aprobetxatzeko, arrantza eta urpekaritza egiteko gailuak neramatzan nirekin. Anarritik aurrera egin eta Itsaspe pasatutakoan, ordea, paradisutik atera ninduen begi aurrean nuenak: bi koskor handi ikusi nituen ur-azalean flotatzen. Berehala konturatu nintzen plastiko handiak zirela, eta poliki-poliki hurreratu nintzen haiengana. Ezin nuen sinetsi: Balearen Egunerako jarritako plastikozko komunak ziren, han, itsaso zabalean, Donostia eta Orio artean. Pena dut momentuan argazkirik egin ez izana, han, naturak eskainitako edertasun haren erdian, egoerak sortu zidan begietako mina herritarrek ere sentitzeko. Lehorrera itzulita, salaketa bat ere ikusi nuen sare sozialetan, komun horiek Orioko hondartzaren inguruan ikusi zituztela adieraziz. Autopista azpian ikusi ditut haiek bezalako komunak, eta argazkia egin diet, irudiak gutun honi laguntzeko balio dezakeelakoan. Arduradunei neurriak hartzeko eskatu nahi diet, eta mesedez, bermatzeko bi komun horiek uretatik aterako dituztela ahal bezain azkarren, arroka artean kateatuta bukatu baino lehen".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!