Patxi Etxeberriaren esker oneko bertsoak, Lasartetik

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 19a, 11:46

Mende bat arraunean eta bertsotan omenezko ekitaldia egin zen Arraunetxen maiatzaren 7an, herritar ugariren partaidetzarekin. Patxi Etxeberria bertsolariak ere jaso zuen ekitaldian izateko gonbita, eta ikusleen artean gozatu zuen saioa. Gonbidapena jaso izanaren esker onez, bideoan entzun daitezkeen bertsoak kantatu zituen herenegun Etxeberriak, Joserra San Sebastianen gitarraren laguntzarekin.

Bertso hauek jarri dizkio Patxi Etxeberriak maiatzaren 7ko jaialdiari:

Bi mila ta hogeita

bigarren urtean,

maiatzaren zazpia

zan larunbatean,

ni ere hantxe nintzan

askoren artean,

Orioko herriko

arraun alkartean.

----

Oriotikan egin

zidaten gonbita:

Patxi zu etortzea

nahi deguna baita

ezetza esaterik

ez genuen nahi ta

oso pozik joan ginan

semea ta aita.

---

Lasai egin genduan

herrian sarrera,

jakinik ginoazela

leku ederrera,

ezeren faltik ez zan

handikan aurrera,

gutxik egin didate

halako harrera.

---

Aspaldi Oriotik

bizi naiz aparte

nahiz ta oso urruti

ez dagon Lasarte,

gora oriotarrak

portatu zerate,

ez naiz ahaztuko buruz

ondo naizen arte.

---

Luzaroan ez nintzan

Oriora joaten,

zailtasun batzuk ere

izan ditut tarten,

baina bisitatxo bat

egin dizut aurten,

besoak zabalduta

hartu ninduzuten.

---

Ta orain amaiera

hasi dedan lanai,

zuretzat aspergarri

ez nuke izan nahi,

zuek jarrai zazute

jator eta alai,

agur ta musu bana

oriotar danai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!