Galdetu zain

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 30a, 12:47

Maiatzeko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Badira lan guztiak beti garaiz entregatzen dituzten pertsonak, eta badira azken egunera arte turboa sartzeko gai ez direnak; azken horietakoa naiz ni, beti azken momentuan dabilenetakoa. KARKARAren azken zenbaki honetan, ordea, bereziki larri ibili naiz denboraz.

Haserretu naiz neure buruarekin, eta saiatu naiz ikusten zer eta zergatik egin dudan hain trakets. Azkenean, konturatu naiz ez niola aurre egin nahi Nastya eta Luba Onyschenko ahizpek kontatutakoei; ez nuen haien istorioa idatzi nahi, mingarriegia zitzaidalako horretan pentsatzea eta horretaz hausnartzea.

Izango da azal kolore bertsua dugulako eta autoz 30 ordura dagoelako Ukrainako muga, baina nik neure burua eta neure familia ikusi ditut haien tokian, eta nire seme-alabak, onyschenkotarren iloba txikien tokian. Munduko beste gerra eta inbasioetan baino askoz biziago sentitu dut hori. 

Kalean Nastya gurutzatzen dudanean, ibilkera eta begirada duin horrekin, gerraren erdian gelditu den amamaz ezer ez jakin arren, bere lana, etxea, bizimodua, dena galdu arren... benetan indar handikoa eta txalotzekoa iruditzen zait. 

Eta ahizpak ezagutu ditudanetik, gehiago hasi naiz fijatzen Orioko kaleetan gurutzatzen ditudan beste bizilagun horiengan; sarriegi niretzat ikusezin diren horiengan. Eta neure buruari galdetzen diot zenbat Nastya eta Luba ibiliko diren begirada eta ibilkera duinekin —azal kolore bertsua eduki ez arren eta beren herrialdea autoz urrunago egon arren—, barruan onyschenkotarren antzeko istorioekin, norbaitek galdetu zain.  

Jakin nahiko nuke, eta kontatu beharko genuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!