"Ikastola sortu zen bezalaxe ikusi nahi nuke hemendik 50 urtera: herriarekin lotuta"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 4a, 17:00

Orioko Herri Ikastolak 1971. urtean eman zituen lehen urratsak. Aurtengo ikasturtean 50. urteurrena ari dira ospatzen, ekimen desberdinetan festa, oroimena eta zientzia uztartuz. Iker Elolak eman ditu ospakizunen inguruko azalpenak.

2021eko urrian eman zieten hasiera Orioko Herri Ikastolan urteurrenari lotutako jarduerei, logoa aukeratzeko prozesuarekin. Ikasle guztiek hartu zuten parte, eta gurasoen artean erabaki zen irabazlea. Ondoren, Giranice taldeko zenbait kidek eta Intza Unanuek, ikasle ohiak haiek ere, 25. urteurrenerako Oihana Alkortaren abestia eguneratu zuten. 

Libduparen txanda izan zen ondoren. Bideoan, 50 urte hauetan izandako egoitzak azaltzen dira; hasi 1971eko elizako saloitik eta gaur egungo eraikinera arte. Ikus-entzunezkoan, ikasle eta irakasleek osatzen dute Ikastolaren egoitzak lotzen dituen giza katea. 

Abenduan, arropa egin zuten urteurreneko logoarekin. Era berean, udaberrian egin diren ektialdietan ikasle ohien eta ikasleen gain jarri nahi dute fokua, hala baieztatu du Iker Elola Artezkaritzako lehendakariordeak.

Zertan datza Orioko Herri Ikastolaren 50. urteurreneko argazki lehiaketak?

Bi alde ditu. Batetik, Lehen/Orain erronka deiturikoa dago. Ikastolan belaunaldi bakoitzaren argazki bana dago koadro banatan jarrita. Ikasleen egitekoa da ahalik eta jende gehien bildu eta haiek imitatzen saiatzea. Hala, emaitzak konparatu ditzakete. Ariketa polita da.

Bestetik, ikasle ohiei argazki zaharrak bidaltzeko ere eskatu diegu. Ez dute halabeharrez kintako argazkiak izan behar. Besterik gabe, erakusketa osatu eta haiek balioztatzeko balioko dute.

Non eta nola izango da erakusketa?

Arkuperekin elkarlanean egin dugu. 40 komertzio ingururen baiezkoa jaso dugu dagoeneko, benetan zoragarria izan da haien erantzuna eta hemendik bihotzez eskertu nahiko genieke prestutasuna.

Ikasleen erantzuna ere ona izan al da?

Bai, oso polita ari da izaten. Badaude parte hartu ez duten kintak, baina gehienetan mugimendu handia dago, eta argazki asko ari dira biltzen. Tabernariek ere aipatu digute aitzakiarekin bazkari ugari antolatu direla. Antzematen da argazkien kontuarekin jende asko ari dela elkartzen, bazkariak antolatzen, eta baita parranda ederrak egiten ere (barreak).

Nola sortu zen argazki erakusketaren ideia?

Iruditu zitzaigun oroimen ariketa ederra dela. Izan ere, urteen poderioz, gaztetako kontuak ahazten dira. Guztiok ditugu ikastolako argazkiak, txikitakoak, gelakoak eta abar, eta haiek bistaratzea atsegina izan ohi da. Gainera, esan bezala, jarduera honen bitartez aspaldian elkar ikusi ez duen jendea ere elkartzen ari da, eta hori gustagarria da.

Bestalde, ikasleen garrantzia azpimarratzeko modua ere bada. Azken batean, 50 urte hauetan protagonista nagusiak haiek izan direla gogorarazteko balio du. Haiei omenaldia egin nahi izan diegu.

Beste ekitaldietan, egingo duzue ezer berezirik?

Bai. Esate baterako, ikastolaren eguneko ekitaldian egurats puzgarri bat botako dugu, zerbait teknologikoa egiteko. DBH3 eta 4ko ikasleek egingo dute: 30 kilometro gora egingo ditu, eta datu atmosferikoak bildu. GPS bidez aurkituko dugu erortzen denean, eta ikasleek datu horiek bildu eta analizatuko dituzte. Ideia zientzialariak diren hiru gurasok eta irakasle batek garatu dute.

Kutxabira deituriko dinamika ere hor dago. Kutxa batean ikastolari lotutako bizipenak bildu eta hemendik 50 urtera nolako ikastola nahi duten aipatzeko eskatu zaie egungo ikastolako ikasle guztiei. Kutxa hori ere ekainaren 4ean zabalduko dugu, ea zer irteten den. Ondoren, oraindik zehaztu ez dugun lekuren batean lurperatzeko intentzioa dugu.

Gurasoen inplikazioa ere garrantzitsua da?

Noski. Kontuan izan ikasle ohi asko orain gurasoak direla. Haiek animatzen ez badira umeei ikastola zer izan den erakustera… Azken batean, ikasleek erreferenteak behar dituzte; adibidez, globoaren kasuan bezala, ikus dezatela herrian zientzialariak daudela, eta, gainera, gurasoak direla. Ithakaren kontzertuarekin ere berdina bilatu dugu: ikasleek ikastolatik kanpo egiten duten lana nabarmentzea. Askotan erreferentziak atzerrian bilatzen ditugu; bada, ikasleek ikus dezatela, euren zaletasunak garatzeko, direnak direla, herrian badaudela ereduak. Ideia horri lotutako jarduerak ere egin izan ditugu bestela. Esaterako, joskintzaren gaiarekin lotuta, Goiuri Unanue eta Jon Alkain etorri ziren lehengo urtean, baita Zorione Mendez ere panpinak egiten erakustera eta arropen jatorriari buruz hausnartzera.

Nola finantzatu dituzue ekimenok guztiok?

Orain arte, gastu osoa ikastolak hartu du bere gain. Bagenekien aurtengo aurrekontua besteetan baino handiagoa izango zela, baina, gure ustez, mereziko du. Orain arteko bizipenak ikusita, behintzat, sentsazio hori dugu.

Nola ikusi nahiko zenuke Ikastola hemendik 50 urtera?

Sortu zen bezalaxe: herriarekin lotuta. Etorkizunean herriko beste eragileekin lanean aritzen den zentroa izatea nahiko nuke, bi ikastetxeen arteko elkarlana bultzatuko duena eta herrirantz begiratuko duena. Horixe nahiko nuke oroz gain.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!