Aurkeztu dute Orioko San Pedro Jaietako egitaraua

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 21a, 14:59

Ekainaren 28tik 30era ospatuko dituzte San Pedro Jaiak Orion. Anuska Esnal alkateak, Iker Apaolaza kultura teknikariak eta Xabier Ibarguren kultura batzordeburuak aurkeztu dute egitaraua gaur kultur etxean.

Pozarren azaldu da Anuska Esnal Orioko alkatea festen itzulerarekin: "Bi urteren ondoren, musukorik gabe eta jendartean lasai egon ahal izango gara", azaldu du prentsaurrekoan. Horretarako, "egitarau oparo eta anitza" iragarri du Udalak; eragileak, "emakumeen eta musika urbanoaren ikusgarritasuna" eta "kaleko alaitasuna" ardatz izango dituena.

Ekainaren 28an eta 29an, 22:00etatik 02:00etara indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko dute plazan, Puntu morea. Gainera, aurtengo jaietan berrikuntza bat izango dela azaldu du Xabier Ibarguren kultura batzordeburuak: barraketako musika ekipoak bateratuak izango dira, Udalaren irizpideen arabera.

EKAINAK 28, SAN PEDRO BEZPERA

- 10:30etik 13:00etara, jubilatuen hamaiketakoa Zaharren Babeslekuan.
- 16:00etatik 19:00etara, Zarata erakusketa interaktiboa LGTBI+ kolektiboaren inguruan kultur etxean, Ahalduntze Eskolak antolatuta.
- 15:00etatik 20:30era, 3x3 Futbol Txiki Txapelketa, Mendibeltz zelaian, Zaragueta Herri Eskolak antolatuta.
- 19:00etan, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira herrian barrena.
- 19:30ean, txupinazoa. Bertan parte hartuko dute Danbolin bandak, Harribil dantza taldeak eta Salatxo abesbatzak.
- 20:00etan, Danbolin bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
- 22:00etan, Dupla, Xsakara eta Kai-Nakai, Herriko Plazan.

EKAINAK 29, SAN PEDRO EGUNA

- 06:00etan, Gaupaseroen argazkia Oa kaleko eskaileretan.
- 10:00etatik 13:00etara, haurrentzako herri-kirolak pilotalekuan, Kahos Team Company elkartearen eskutik.
- 12:00etan, meza nagusia eta kontzertua elizan, Salatxo abesbatzaren parte-hartzearekin.
- 12:30ean, Trikitixa Txapelketa, Herriko Plazan.
- 17:00etan, Pilota Txapelketako finalak, Ospele kirol-klubak antolatuta.
- 17:00etan, alebinen estropada, Orio Arraunketa Elkarteak antolatuta.
- 18:00etan, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, herrian barrena.
- 19:00etan, Sokadantza eta txistulariak, Herriko Plazan.
- 19:30ean, Incansables txaranga kalez kale.
- 22:30etik 10:00etara, erromeria Bide Batez taldearen eskutik.

EKAINAK 30, UMEEN EGUNA

- 10:30etik 13:30era, umeentzako puzgarri eta jolasak pilotalekuan.
- 11:00etatik 13:00etara, pintxo hotzen lehiaketa Herriko Plazan, Orioko Herri Ikastolak antolatuta.
- 12:30ean, gaztetxoen dardo txapelketa 14 urtetik beherakoentzat, Bikamiotan.
- 12:30ean, Txorotxaranga kalez kale.
- 14:00etan, 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria.
- 16:30ean, helduen dardo txapelketa, Bikamiotan.
- 16:30etik 18:30era, uretako puzgarriak eta jolasak anbulatorio ondoko arranplan.
- 17:30ean, Mikra zirku garaikidea, pilotalekuan.
- 18:00etan, Estropu Festa Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, Herriko Plazan.
- 18:30ean, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, herrian barrena.
- 19:30etik 22:00etara, Trikidantz kontzertua.

Aurrekontua

Orotara, Udalak 38.356 euro inguru bideratuko ditu jaiak finantzatzeko.  Horietatik, 15.000 euro musika taldeentzat izango dira, 6.550 euro haurrei bideratutako jardueretarako, 6.269 euro azpiegituretarako, 4.817 euro kale-animaziorako, 3.640 euro kirolerako eta 2.080 euro bestelako kultur jarduerentzat.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!