Berdin-berdinak elkarteak hamar urte

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 22a, 11:32
Berdin-berdinakeko eta Orioko Arraunketa Elkarteko kirolariak arraunean. Argazkia: Berdin berdinak.

2012an sortu zen Berdin-berdinak Kirol Elkartea, Orioko kirol praktikan "behar bereziei" erantzuteko. Partaide zein bultzatzaile ugari izan ditu hamar urteko ibilbidean zehar, Miren Salsamendi zuzendaria horietako bat. Proiektuaren une zein bertuteez aritu da KARKARArekin.

Duela hamar urte, aniztasun funtzionala duten haur zein gazte oriotarren kirol-beharrak asetzeke zeuden, eta herritik irten behar izaten ziren ariketa fisikoa praktikatzeko. Alicia Figueroa Gipuzkoako kirol egokituko zuzendaria Orion bizi denez, haren eta Blanca Arangurenen ekimenez sortu zen aurrerantzean Berdin-berdinak izenez ezagutarazi den elkartea.

Igeriketarekin hasi zuten ibilbidea, Orioko kiroldegian. Jarraian, pelota saioei heldu zieten larunbatero. Handik bi urtetara Miren Salsamendi sartu zen elkartean, eta gogora ekartzen duenez, “garai hartan pelota utzi egin behar izan genuen, Usurbilen eta Zarautzen jokatzen denez gero, kirolariak gutxitzen hasi ziren heinean”. Orduan, arraunarekin hasi ziren.

Inklusioan bidelagun

“Ez da arraun egokitua, inklusiboa baizik” azaldu du Salsamendik, hau da, ez da txapelketetan lehiatzeko helburuarekin egiten, “gizarteratzeko, kirola egiteko eta parte hartzeko baizik”. Orio Arraunketa Elkartearekin hitzarmena sinatu zuten, baina baita Donostiako Ur Kirolak Klubarekin ere. Horrela, oriotarrek Orion bertan praktikatu ahal izan dute arraun inklusiboa, eta donostiarrek Donostian. Asteburuetan, berriz, elkarrekin aritzen dira Orion.

Salsamendik azaldu duenez, adineko hainbat pertsona isolamendu arriskuan bizi dira Orion, patologia berezirik izan ez arren. Berdin-berdinak elkarteak “sozializaziorako aukera” eskaini die kirolaren bidez, aisialdi osasuntsuaz gain.

Esperientzia gozoak

Salsamendik hamar urtetako esperientziak dakartza gogora, eta “aniztasun funtzionala duten pertsonekin egotea” estimatzen du gehien. Duela bi aste, adibidez, urtero egiten duten asteburuko irteera ospatu zuten, Pirinioetan. “Gurasorik gabe egotea festa da beraientzat, eta gurasoentzat ere ona da asteburuan atseden hartu ahal izateko”, adierazi du Salsamendik. Bi urteko pandemiaren ostean, haurrak eta gazteak asteburupasa egiteko “irrikaz” zeuden. “Lan handia da, eta bolondresekin egiten dugu asteburu hori, baina gazte zein haurren aurpegiak ikusteak eta beraiekin egoteak erabat asebetetzen gaitu”, ondorioztatu du Salsamendik.

Elkarteko kirolariek bi urte daramatzate Orioko hondartzako olatuak harrapatzera irten gabe. Aurten, ordea, uretara itzuliko dira irailaren 10ean, taulak eskuetan dituztela. “Orioko Surf Kluba erabat inplikatzen da, eta gazte pila bat etortzen dira”, eskertzen du Salsamendik.

Alderantzizko inklusioa

Salsamendiren bizipenean arabera, “aniztasun funtzionala duten pertsonek ez dute epaitzen, desberdintasunak guk ikusten ditugu, ez haiek”. Ondorioz, beste pertsona guztiek aniztasun funtzionala dutenekin batera kirola egin ahal izatea, “inklusioa egiten duen pertsonarentzat da aberasgarrien, esperientzia hori bizitza osorako geratuko zaiolako”. Aniztasun funtzionala duten gazteekin batera kirola egiten dutenak pare bat lagun dira Orion une honetan, eta bizpahiru urte irauten dute batez beste. Halere, Salsamendik gogoan duenez, dozena erdi bat izatera ere iritsi izan dira, bai igeriketan, bai arraunean. “Une jakin batetik aurrera, gaztetxoak lehiaketari begira hasten dira ordea”.

Kirol egokituarekiko desberdintasuna

Kirol egokitua “beste kirolak bezalakoa” dela uste du Salsamendik, “beste multzo bateko lehiaketa mota bat”. Gurpildun aulkian dauden kirolarien adibidea jarri: “Zu gurpildun aulkian bazaude, lehiaketara joango zara zure zailtasun horrekin, zure parekoekin lehiatzera, baina funtsean, irabazi nahi duzu”. Hori ez da Berdin-berdinakek sustatzen duena, parte-hartzea baizik. “Gipuzkoako aulki mugikorreko txapelketa Orion ospatzen denean, adibidez, bertan parte hartzen dugu”. Gainontzeko kirolariekin batera jokatzea da ordea beraien sari bakarra, puntuaziorik gabe. Gauza bera gertatzen da Orioko arraun elkarteko seniorrekin neguan entrenatzen dutenean, adibidez. “Elkarren ondoan daude, parean, naturaltasun osoz”.

Finantzazioa

Bolondresez gain, soldatapeko monitore profesionalak ditu Berdin-berdinakek. Gastuoi aurre egiteko, kirolarien kuotak, diru-laguntza publikoak eta dohaintza pribatuak jasotzen ditu kirol elkarteak. Horrez gain, “kuota sozialak” ere egiten dituztela jakinarazi du Salsamendik: “Familia batek bere kuota ordaindu ezingo balu, ez legoke arazorik. Inor ez da kanpoan geratuko”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!