"Parte-hartzea kualitatiboki indartzea da aurtengo helburua"

Iñigo Gaiton 2022ko eka. 25a, 09:00

Herrigintzako hainbat alorretan lan egin eta gero, Miriam Garcia izango da Euskaraldiaren hirugarren edizioko dinamizatzailea. Gogotsu heldu dio erronkari: Euskaraldiko parte hartzaileen kontzientzia indartu nahi dute aurten, zenbakiez gain, egitasmoaren eta herritarren  arteko harremana sendotzeko. 

Zerk bultzatu zaitu Euskaraldian lan egitera?

Aurreneko edizioan ere jardun nuen lanean koordinazio orokorreko lantaldean. Azken txanpan sartu nintzen, hiru hilabetez, komunikazio taldeko errefortzu modura. Lantaldeko kide nintzela bizi izan nuen aurreneko Euskaraldiaren leherketa hura, dena berria izan baitzen guztiontzat. Indar handia eman zidan esperientzia hark. Baionan irekierako ekitaldian egon nintzen, eta mugarri handi bat jarri izanaren sentsazioarekin geratu ginen guztiok. 

Handik bi urtera, 2020ko Euskaraldiak ikasten eta lanean harrapatu ninduen, eta ahobizi izatera mugatu nintzen. Aurten, lanpostuak atera zituztela jakin nuenean, ez nuen bi bider pentsatu izena ematerako orduan; egitasmoa berriro barrutik bizitzeko gogoa neukan, eta hementxe nago. 

Eskarmentua duzu hainbat lan eremutan: kazetaritza, bideogintza, diseinu grafikoa, feminismoa... Urtez urte pilatutako ezagutza Euskaraldian aplikatzeko aukerarik ikusten al duzu?

Talde lanean asko ibiltzea tokatu zait euskalgintzan edota hainbat elkartetan, ia beti txikitik eragiten. Ikasten joan naizena baliagarri izango zait oraingo lanerako, hori ziur: batzordeak aktibatzeko, lan dinamikak sortzeko, boluntarioen lana kudeatzeko... KARKARAn ere egin nituen urte batzuk, eta Euskaraldirako baliagarri izango zaidan harreman sare zabala sortu nuen orduan.  

Lan profesionalaz gain, boluntario modura ere ibili naiz hainbat eragile taldetan, eta bete-betean sinisten dut herrigintzan, inguru hurbilean eragiteko bide eraginkor eta aberasgarriena iruditzen baitzait. Esate baterako, Xaltxerak talde feministarekin egindako lanarekin ikusi dut nola, urtez urtez, herria joan den gai jakin batzuen inguruko kontzientzia hartzen. Esperientziak esaten dit Euskaraldiak ere baduela indar hori, eta saiatuko gara Aian eta Orion ahalik eta gehien eragiten. 

Dagoeneko hasi zara lanean Aian eta Orion. Orain arte ikusi duzunaren arabera, zein da langile modura duzun erronka handiena?  

Parte hartzea handia izatea nahiko genuke aurten ere, baina kopurua baino gehiago, parte hartzearen kalitatea hobea izan dadin saiatuko gara, bi zentzutan: batetik, batzordeetako kideek lan boluntarioa egiten dute, eta gustatuko litzaidake taldeen dinamika eramangarria izatea, atsegina, eta karga bat ez bihurtzea. Denok gabiltza mila saltsetan sartuta, eta jendeak erreta bukatzea ekidin behar da. Hortaz, batzordeetako lagunak goxatzen saiatuko naiz, haien parte hartzea esperientzia on bat izan dadin. Orioren kasuan, gazteekin osatutako beste batzorde bat aktibatzen ere saiatuko naiz, beste taldearen paraleloan lan egin dezan, adin tarte bateko jendearengana errazago iristeko xedearekin. 

Bestalde, Euskaraldiko ariketa praktikoan zentratuz, helburua da jendeak kontzientzia handiagoarekin hartzea ahobizi eta belarriprest rolak. 

Zein zentzutan?

Aia eta Orio euskararen arnasgune diren heinean, zenbaitek pentsa dezake ez dutela Euskaraldia bezalako ariketa baten premiarik, herri euskaldunak direlako. Uste hori okerra da. Asko dago egiteko, euskaldun zaharren kontzientzian sakontzen, adibidez. Horiengan eragitea ezinbestekoa da, arnasguneen osasuna bermatzeko. 

Euskaraldiaren dinamikari dagokionez, aurten lortu nahi da jendeak hobeto barneratzea bi rolen funtzioak. Ahobizi edo belarriprest izateak lotura gehiago izan behar du parte hartzailearen konpromisoarekin, duen euskara gaitasunarekin baino. Uste oker bat zabaldu zen aurreko edizioetan: euskara ondo menderatzen dutenek ahobizi izan behar dutela, eta ikasten ari direnek, belarriprest. Ez du zertan horrela izan. Euskaldun zahar bat izan daiteke belarriprest, adibidez, ikusten badu inguruan baduela jendea, nahiz eta ulertu, berarekin euskaraz egitea kosta egiten zaiona, ez delako gai ikusten elkarrizketa elebidunak izateko. Horregatik, euskara ondo menderatzen duten herritarrak rola modu kontzientean aukeratzera animatu nahi ditugu, beren konpromisoaren arabera. 

Zer berezitasun du Euskaraldiaren hirugarren edizioak? 

Antolaketari dagokionez, dinamika lehengo bera izango da teknikoki. Izen ematea erraztuko da; lehengo edizioetan parte hartu duten norbanako eta taldeek mezu bat jasoko dute, eta klik bakarra eginda izena emango dute aurtengo Euskaraldian. 

Bada beste berritasun bat: aurreko urteetako lorpenei ikusgarritasuna eman nahi zaie #hitzezekiteko ekimenaren bitartez, eta jendea animatu aurten ere helburu eta erronka txikiak jartzera. Pertsona batek konta dezake, adibidez, nola Euskaraldiari esker pasatu den dena gaztelaniaz egitetik elkarrizketa elebidunak izatera eguneroko bizitzan. Lorpen indibidual horiek dira Euskaraldiaren benetako eraginkortasunaren islada, eta garrantzitsua da zabaltzea, ezagutzera ematea, jendea egitasmora erakartzeko. 

Euskaraldiko lehen ediziotik azpimarratu da euskalgintzako eragileen eta administrazioaren arteko elkarlanaren garrantzia. Zer balio ematen diozu? 

Lankidetza hori ezinbestekoa da halako egitasmo batean. Batzordeak eta boluntarioak dira ekimenaren arima eta bihotza; hor daude norbanakoak eta gizarte eragile desberdinen ordezkariak, baina aldi berean, hanka instituzionala ere bai. Esango nuke euskalgintza dagoela egitasmoaren muinean, eta administrazioaren parte hartzeak ematen diola babes sinbolikoa eta praktikoa, haiek jartzen dituztelako baliabide asko (ekonomikoak, pertsonalak, azpiegiturak...). Babes horri esker hartzen du Euskaraldiak dimentsio handiagoa. Urola Kostan, kasu, UKUEk kontratatu gaitu hiru dinamizatzaileak, mankomunitatearen eta Topagunearen arteko hitzarmen bati esker. Aurreko edizioetan ikusi da dinamizatzaileak dauden herrietan Euskaraldiak indar handiagoa hartu duela, dinamika eraginkorragoak gauzatzeko aukera eta denbora egon delako. Horregatik da garrantzitsua administrazioaren babesa, besteak beste. 

Zer jarduera aurreikusten dituzue datozten hilabeteetarako? 

Aian oraindik ez dugu ezer zehaztu, batzordea aktibatzeko lanetan ari garelako oraindik. Orion, hil honetan zerbait egingo dugu ziurrenik, eta gero irailetik aurrera gehiago. Oraindik airean ditugu gauza asko, eta ezin dugu ezer aurreratu. Argi dagoena da kaleak berreskuratzen saiatuko garela. Aurreko edizioak zapore gazi-gozoa laga zuen, pandemiagatik ezin izan baitzen nahi bezala aurrera eraman. Egoerak hobera egin duela aprobetxatuz, Euskaraldiak berriro kalean presentzia izatea ezinbestekoa da guretzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!