Sasoiak ez du adinik

Aitziber Arzallus 2022ko eka. 26a, 09:00
Adinekoentzako gimnasia saioa, Karela kiroldegian. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Zahartzaroaren ajeak arintzeko, ez dago jarduera fisikoa egitea bezalako erremediorik, eta  kiroldegia horretarako leku aproposa da, hirugarren adinekoen neurrira egindako saioak eskaintzen dituztelako han. 

Gipuzkoarren bizi itxaropena nabarmen luzatu da azken lau hamarkadetan. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak joan den abenduan kaleratutako datuen arabera, gizonek ia hamar urte irabazi dituzte: duela 40 urte, batez beste 71,9 urterekin hiltzen ziren, eta orain, 81,1 urte harrapatzen dituzte. Emakumeak, berriz, 78,9 urtez bizi ziren lehen; eta orain, batez beste, 86,4 urte betetzen dituzte.  

Ez dira nolanahiko zenbakiak, are gehiago jakinda orain dela gutxira arte 80 urtera iriste hutsa lorpen bat zela. Baina gauza bat da zortzi hamarkaden langa hori gainditzea, eta bestea da nola, alegia, zein osasun egoeratan. 

Horretan, noski, faktore askok dute eragina: genetikoek handia, baina baita bakoitzak eraman duen bizimoduak eta izan dituen ohiturek ere; hala nola, elikadurak, atsedenak, higieneak, jarduera fisikorako joerak... Hala ere, sekula ez da berandu ohitura osasungarriei ekiteko, "ezta 80 urteak beteta gero ere", esan du Luis Mari Garikano Karela kiroldegiko arduradunak, eta badaki zerbait horretaz.

"Urteetan aurrera goazen heinean, gure gaitasun fisikoak pixkanaka murriztuz joaten dira. Giharra galtzen dugu, hezurren dentsitatea ere bai, eta ondorioz, indarra, koordinazioa eta malgutasuna ere galdu egiten ditugu", hasi da. "Hori guztiz saihestea ezinezkoa da, baina jarduera fisikoarekin lortzen dena da funtzionalitateen galera horri aurre egitea". Haren hitzetan, jarduera fisikoak balio dezake arazoei aurrea hartzeko edo prebentzio gisa, eta baita galdutakoa berreskuratzeko edo tratamendu bezala ere. "Zientifikoki frogatuta eta baieztatuta dago, jarduera fisikoari dagokionez, bizitza aktiboa izateak funtzionalitateen galera hori hogei urtez ere atzeratu dezakeela". 

Lortu nahi denaren arabera, ariketa batzuk edo besteak egitea komeni izaten dela kontatu du Garikanok. "Adibidez, inpaktuko ariketak eginez, giharrak eta hezurrak gogortzen dira, eta horrek, oreka hobetzen, erorketak saihesten eta hezur hausturak gutxitzen laguntzen du". Gorputz jarrera edo postura egokiek duten garrantzia ere aipatu du. "Ariketak egiterakoan, ondo egiten badira behintzat, gorputza postura batzuetara ohitzen da, eta gero horiek oso baliagarriak eta lagungarriak izan daitezke eguneroko edozein jardueretan. Denean antzematen da aldea, baita erosketak egiterakoan edo etxeko lanak egiterakoan ere: errazago garraiatuko dituzte erosketa poltsak, errazago iritsiko dira armairuaren goiko apalera…".

Norbere erara edo taldean

Orioko kiroldegian ariketa fisikoa egiteko aukera ugari dituzte adineko herritarrek, baina, nolabait azaltzeko, bi multzotan bana daitezke jarduera horiek: batetik, norbere erara egin ditzaketen jarduerak daude; eta bestetik, jarduera gidatuak deiturikoak, taldean eta irakasle baten laguntzarekin egiten dituztenak. 

Kiroldegiko arduradunaren hitzetan, badira beren kasa joan ohi diren adinekoak. "Beraien ohiturak hartuta dauzkate, eta beti egin ohi dute gauza bera: batzuek igeri, besteek ergometroa, oinez ibili...". Taldekoei dagokionez, berriz, uneotan bi jarduera dituzte martxan: Aktibatu eta Hirugarren Adinekoentzako Gimnasia. "Aktibatu litzateke jarduera aerobikoa. Monitore baten laguntzarekin, hondartza aldera pasieran joaten dira astean hirutan. Gimnasia, berriz, gehiago dago bideratua giharrak-eta lantzera. Astean bitan izaten dira saioak, kiroldegian bertan". 

65 urtetik gorakoek eman dezakete izena horietan, eta egun, hamar-hamabi lagun ibiltzen dira jarduera horietako bakoitzean. Eider Laskibarrek ederki ezagutzen ditu guztiak ere, bera baita irakasleetako bat. Bi jarduerak gidatu izan ditu, baina, azkenaldian, gimnasia saioez arduratzen da bera, eta beste lankide batek du Aktibatu saioen ardura. 

"Gimnasia saioetara datozen gazteenek 65 urte inguru izango dituzte, eta zaharrena 80 urteren bueltan ibiliko da. Duela bizpahiru urte, hemezortzi lagun ere ibili izan ziren, baina pandemiak kopuru hori murriztu egin du, eta orain, hamar bat izango dira. Hori bai, etortzen direnak oso gustura ibiltzen dira eta oso fin etortzen dira, ia hutsik egin gabe; lagatzen badute, ezina sortu zaielako izaten da". 

Taldean jardutearen onurak 

Gidatutako saioetara joateak onura asko dituela nabarmendu du Laskibarrek, nola fisikoak, hala psikologikoak. "Hilabete batzuren buruan emaitzak ikusten hasten dira, fisikoki hobeto sentitzen dira, eta horrek motibatu egiten ditu. Denean antzematen dute aldea; koordinazio eta oreka hobea dituztela, indar gehiago, malgutasun handiagoa... Baina ez hori bakarrik: saioek balio izaten diete jendea ezagutzeko eta harreman berriak egiteko. Hori oso aberasgarria da beraientzat, asko betetzen ditu, badirelako bakarrik bizi direnak edo denbora asko bakarrik pasatzen dutenak. Denak herrikoak izaten dira, gehienak bistaz ezagutzen dute elkar, baina hemen lagun egiten dira, tarteka kafetxo bat hartzeko geratzeko moduan". 

Horixe nabarmendu du Garikanok ere. "Oso giro ona sortzen da saioetan, eta denborarekin, talde bateko kide direla sentitzen dute; hori oso polita da, eta asko eskertzen dute. Ariketa fisikoa egiteko asmoarekin hasten dira, eta egiten dute, baina azkenean, ariketa egitea bigarren plano batean gelditzen da, horren inguruan sortzen diren beste gauzek balio handiagoa hartzen dutelako".

Joateko ohitura dutenak gustura ibiltzen dira beraz, baina ohitura hori hartzea kostatu egiten dela aitortu dute biek ala biek. Garikanoren arabera, "sekula kirolik egin ez duenari edo sekula kiroldegira etorri ez denari ikaragarri kostatzen zaio lehen pauso hori ematea". Laskibarrek uste du "lotsa" izan daitekeela arrazoi nagusia; "lotsa, ausardia falta eta ez daudela ohituta talde dinamiketara eta irakasle baten aginduetara ibiltzera". Gainera, ziurtatu du gizonei askoz gehiago kostatzen zaiela emakumeei baino, "eta horren erakusgarri da jarduera gidatuetara datozen ia denak emakumeak direla: bat ezik beste guztiak". 

Baina Garikanok mezu bat helarazi nahi die kiroldegira joateko gogoa duten baina ausartzen ez diren horiei guztiei: "Sekula ez dela berandu, eta egiten duten guztia, gutxi bada ere, beti izango dela beren onerako. Ez daitezela atzeratu gai izango ez direla pentsatuta edo taldean jende gazteagoa dabilela ikusita, ariketa guztiak norberaren gaitasunetara egokitzeko aukera egoten delako; eta hain zuzen ere, horretarako daude irakasleak: erakusteko eta laguntzeko. Beraz, ez dezatela lotsarik eta beldurrik izan, eta etor daitezela probatzera".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!