Uztailaren 15etik 17ra izango da Bisiguaren Festa

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 27a, 15:12

Anuska Esnal alkateak aurkezpenean azaldu duenez, “jatetxe erraldoi” bihurtuko dute Orioko plaza. 200 lagun ingururentzako lau otordu eskainiko dituzte bertan. Bisigua prestatzeaz, berriz, herriko zazpi parrilleroak arduratuko dira.

Bisiguaren Festa aurkeztu dute astelehen honetan, ekainak 27. Horretarako, Orioko Herriko Plazan prentsaurrekoa eskaini dute Orioko Udalak eta parrilleroek. Bertan izan dira, besteak beste, Anuska Esnal alkatea, Bakartxo Oliden Turismo batzordeburua, Lurdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakaria eta EAJko zinegotzia, Ana Priede PSE-EEko zinegotzia, Joxeangel Iparragirre Orain taldeko bozeramailea eta Adrian Garcia Turismo teknikaria.

Uztailak 15 ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria nahiz igandeko bazkaria eskainiko dute jaian. Orioko zazpi parrilleroak izango dira bisiguaren prestaketa-lanetan: Katxiña jatetxeko Joxe Migel Zendoia, Xixarioko Luis Mari Uranga, Mikel Manterola Joxe Mari erretegitik, Joseba Etxezarreta Sarasua erretegitik, Aratz eta Unai Arregi Orioko Barra jatetxetik, Iñaki Azkue El Vasquito jatetxetik eta, azkenik, Euskal Parrillako Joxe Inazio Atorrasagasti.

Tolosako zainzuriak, tomate eta hegaluze entsalada, bakailaoa kokotxak saltsa berdean, bisigua parrillan, postrea, kafea eta edaria zerbitzatuko dituzte otorduro. Dena dela, otorduez gain, bestelako ekimenak ere izango dira herrian barrena: Haurrentzako tailerrak, Jexux Mari Peronari omenaldia, marmitako-jana eta bisigu lehiaketa, besteak beste.

Uztailak 15, ostirala
  • 18:00 haurrentzako tailerrak Mutiozabalen, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eskutik.
  • 20:00 Aurkezpen-ekitaldia, Harribil dantza taldea, Salatxo abesbatza eta Pello eta Nikolasa erraldoiak.
  • Jexux Mari Peronari aitortza.
  • Plazaren irekiera, parrilleroekin.
  • 20:00 Petritegi sagardoaren dastaketa.
  • 21:00 afariak.
Uztailak 16, larunbata
  • 12:00 Petritegi sagardoaren dastaketa, Herriko Plazan.
  • 12:00 marmitakoa, 3 eurotan.
  • 14:00 bazkariak.
  • 20:00 Petritegi sagardoaren dastaketa.
  • 21:00 afariak.
Uztailak 17, igandea
  • 12:00 Orioko elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa, Herriko Plazan.
  • 12:00 Petritegi sagardoaren dastaketa.
  • 12:00 hegaluzea parrillan, Eusko Labelen laguntzarekin. Razioa 3 eurotan.
  • 14:00 bazkariak
Sarrerak

Turismo bulegoan salduko dituzte sarrerak, uztailak 5, asteartetik aurrera. Bulegoa 10:00-14:00 bitartean egongo da zabalik goizetan, eta 16:00-20:00 bitartean arratsaldez. 60 euroko salneurria izango du txartel bakoitzak, eta oriotarrek lehentasuna izango dute. Hortik aurrera, edonork egin ahal izango ditu erreserbak; zehaztu dute pertsonako mahai bat erreserbatu ahal izango dela, asko jota. Eskudiruz ala txartelarekin ordaindu ahal izango da, eta telefonoz ere egin ahal izango dira erreserbak. Hori bai, bertaratzen direnek lehentasun gehiago izango dutela jakinarazi du Garciak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!