Patxi Danbolin zenari omenaldi hunkigarria egin dio Orioko surf taldeak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 2a, 09:18

Surf taldearen egoitzan Patxi Danbolinen irudia eta Itxas Tresna markaren logoa jarri dituzte, herriko surfari egin zion ekarpena aitortzeko.

Patxi Oliden Danbolin-ek surfari egin zion ekarpen "handia" aitortu nahi izan zuen atzo Orioko surf taldeak, eta ekitalditxoa egin zuten hondartzan, elkartearen egoitzaren atarian. "Patxik asko zekien musikaz eta baita zientzia arloaz ere. Horregatik, esparru anitzetan egindako ekarpena omendu nahi bagenu motz geratuko ginateke", aitortu zuen Iñigo Gaiton surf taldeko kideak ekitaldian, Danbolinen familiaren, udaleko ordezkarien eta surf taldeko kideen aurrean. "Patxi Danbolin oso aurreratua izan zen bere garairako. Surf arloan, esaterako, berak bi ekarpen garrantzitsu egin zituen: batetik, 1960.hamarkadan, oraindik surfa Euskal Herrian eta Orion oso ezezaguna zenean, ikusi zuen kirol honek bazuela handitasun bat. Bera hondartzara paseatzera etorri zen egun batean ikusi zituen atzerritarrak surf egiten, eta antzeman zuen surfak bazuela zerbait berezia. Surfari proiekzioa ikusi zion, oraindik hemen garatzeke zegoenean, eta iruditu zitzaion ofizio bihurtu zezakeela. Beraz, ordura arte zuen ofizio lagatzea eta bere lanbidea horretara bideratzea erabaki zuen. Surf taulak egiten ikasi zuen. Berak askotan esaten zuen barrez, berarentzat taulak egitea erraza zela, zaila horiek saltzea zela", azaldu zuen Gaitonek.

Horrez gain, herriko gazteek surfa egiteko aukera izatea izan zen Patxi Danbolinen bigarren erronka. "Berak nahi izan zuen herriko gazteek kirol eder honetaz gozatzeko aukera izatea. Surf oholak egitea lanbide bihurtu bazuen ere, ez zuen aberasteko inongo asmorik, eta taula merkeak egitea jarri zuen helburutzat. Gure ustez hori da benetan bere ekarpena handi egiten duena, bere eskuzabaltasuna, alegia. 2008an, esaterako, Patrick Trefz Ameriketako Estatu Batuetako zinemagile ezagunak erabaki zuen mundu mailako surflari eta surf taulagile onenen artean sartzea Patxi Oliden Danbolin. Hori ez zen izan Euskal Herrian oholak egiten aurrenetakoa izan zelako, surfa herritarren eskura jarri zuelako baizik. Trefzek askotan errepikatzen zuen: Patxi made democratic surf boards [Patxik surf-ohol demokratikoak egin zituen]. Gaur hemen bagaude, gehiago da Patxik surfa herritar guztien eskura jartzeko egin zuen ahaleginagatik, surf oholak egiten aurrenetakoa izan zelako baino", azpimarratu zuen Gaitonek hitzartzen.

Patxiren irudia surf taldeko lokalean
Patxi Danbolinek herriko surf taldeari utzi zion Itxas Tresnak marka jabetzan, eta omenaldiarekin berak herriko surfari egindako ekarpena aitortu nahi izan zioten. "Gure lokalaren etxaurrean Urtzi Garmendiak diseinatutako bi panel jarri ditugu Patxi Danbolin omentzeko, eta berak gure herriko surfari emandako aitortzeko". Surf taulagilea zenaren familiak eskerrak eman zizkion taldeari omenaldiagatik, eta aitortu zuten bertatik pasatzen direnean "agian malko bat eroriko" zaiela osabaz gogoratuta.

Anuska Esnal alkateak balioan jarri zuen Patxi Oliden Danbolinek egindako ekarpena, eta azaldu zuen bat egiten zuela Gaitonek azaldutakoarekin, baina hirugarren ekarpen bat ere azpimarratu zuen. "Patxik benetan gustatzen zitzaion horretan jarduten zuen, arrakasta izango zuen ala ez inporta gabe. Seguraski Patxik bere ibilbidea hasi zuenean, ez zuen sekula pentsatuko gaur hemen omenaldi hau egingo genionik, ezta herriko musika eskolak bere izena izango zuenik ere. Hori da benetako arrakasta, egiten dena norbera aberasteko egitea, eta bidean herria aberastea".

Ekitaldia borobiltzeko zuzeneko musikaz lagunduta, Surflaria eta Paradisua liburuko pasarteak irakurri zituen Iñigo Urdinaga idazle oriotarrak. Horrez gain, haurra zenean Patxi Danbolinen tailerraren gainean bizi zen Mikel Agote surf taulagile ezagunak eta Lur Iglesias surflari gazteak ere hartu zuten hitza, Patxi Danbolinekin bizi zituzten hainbat pasadizo kontatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!