PAPEREKO EDUKIA

Dibertimendua eta kultura, 'Baleatik baleara'

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 5a, 11:00

Zaragueta Herri Eskolako komunitateak Baleatik baleara mahai-jokoa sortu du, eta haren nondik norakoak azaldu ditu, egitasmoa kaleratu berritan. "Kulturaren eta Orioko ondarearen eta herri nortasunaren arloan ikastetxean landutako edukiak" ditu oinarrian jokoak, Ruben Iglesias gurasoaren hitzetan. "Herritarren parte hartzearen garrantzia" azpimarratu dute proiektuaren gakoen artean.

Herriko hainbat eragile eta norbanakok Orioko Curriculuma sortu zutenetik, Zaragueta ikastetxea lanean aritu da herriko historia eta ondarea transmititzeko eta ikasgelan aplikatzeko. Hori borobiltzeko, mahai-joko bat egitea otu zitzaien, beste herri batzuetan tokian tokiko historia jasoz egin duten antzera. Hala, "Orioko kultura zein nortasuna bildu, eta modu pedagogikoan aurkeztea" izan da egitasmoaren ideia nagusia. 

Bigarren oinarria, berriz, "herritarren parte hartzea" izan dela aipatu du Ruben Iglesias eskolako gurasoak. Profesionalei ordaindu eta proiektua haiek gauzatzea aukera bat izan arren, Zaragueta ikastetxean "auzolanaren alde" egin dute. 

Hirugarrenik, Baleatik baleara "euskal curriculumari ekarpena egiteko asmoz" jaio dela ere azaldu du Iglesiasek, hezkuntzaren inguruko eztabaidaren erdian. Oinarriok hartuta, ikasle, irakasle zein gurasoak ideiak ematen, maketatzen eta lanak antolatzen aritu dira. Irakasleek, zehazki, sustapen lana egin dute ikasgeletan. 

Aitortza eta elkarlana

Herriko eragile zein pertsonen aipamena egiten du jokoak. Historikoak batzuk, garaikideak besteak, baina herriko pertsonaia esanguratsuak dira den-denak; emakumeen presentzia bermatuta, betiere. Ainhoa Zumeta zuzendariaren aburuz, antzematen da "transmisio-haustura" bat badagoela herrian, hau da, etxean ahoz aho jasotzen ziren narratiba ugari "eteten" ari direla, alegia. Zentzu horretan, ikasleei "nondik gatozen eta nora goazen" kokatzeko balio diezaieke eskola egitasmo honek.

Jolasaren prestakuntza lanetan murgilduta, "ikasleengana iristeko moduaz" hausnartu zuten iniziatibaren bueltan bildu zirenek. Zehazki, DBHko ikasleek landu dute gaia, haiek gazteagoei oparitzeko aurreikuspenarekin. Hala, gazteek balorazio positiboa egiten dute. Ander San Sebastian eta June Azkargorta ikasleek jolasa prestatzeko jarraitu zituzten urratsak azaldu dituzte. "Gizarteko irakasgaian irteera bat egin genuen proiektuaren inguruko azalpena jasotzeko, eta ikasgelan bertan ekin genion lanari", kontatu du Azkargortak.

Proiektu globala bistatik ez galtzeko, ikastetxeak beharrezkotzat jo du "elkarlanean aritzea".  Hala, ikasle zein irakasleak aritu dira pertsonaiak kokatzeko araketan, adibidez. "Guretzat garrantzitsuak diren herriko pertsonaiak hautatu genituen lehenbizi", azaldu du San Sebastianek. Horien inguruko informazioa biltzeaz beste ikasgela bateko ikasleak arduratu direla kontatu du, eta San Sebastianek zein bere kideek transkribatu egin zutela.

Lan horren emaitza da mahai-jokoaren laukietan azaltzen diren figuren liburuxkako deskribapena, esate baterako. Teknikoki, guraso batzuek jokoaren diseinu lanak bete dituzte. Ataza grafikoetarako, berriz, Eñaut Aiartzaguena komikigilearengana jo zuten. Marrazkilaria Zaraguetan izan zen, ikasleei bere teknika erakusteko. Gazteak oso pozik azaldu dira Aiartzaguenak mahai-jokoan egindako lanarekin nahiz irakatsitakoekin. "Marrazketa eskola bat eman zigun, eta oso polita izan zen", dio San Sebastianek. 

Oriaren ibilbidea

Mahai-jokoaren 62 laukietan lekuak eta "ehun soziala josi duten oriotarrak" bildu ditu Zaragueta ikastetxeak, Oria ibaiaren ibilbideari jarraiki. Salatxo Abesbatza, adibidez, Salatxo plazarekin; Kaxilda Garate, Etxeluze gaztetxearen aurreko Kaxilda plazarekin; Martzelo, adreilu fabrikarekin, eta abar. 

Lanak amaituta, Zaraguetako ikasleek jada herrian barrena salgai ikusi dute beraiek sorturiko jolasa. "Ez genuen espero horrela geratuko zenik", dio Azkargortak harrituta. Zentzu horretan, "ikasleek eskolan egindako lanaren esangura ikustearen garrantzia" azpimarratu du Iglesiasek. Zehazki, 400 ale kaleratu dituzte oraingoz, 15 euroko salneurriarekin. "Helburua ez da dirua irabaztea", azpimarratu dute arduradunek.

Metodologia berriak

Aurrera begira, zentroko heziketa ziklo osoak bestelako proiektuen bueltan elkartzea aurreikusten dute Zaragueta ikastetxean. Balorazioen atarian, "curriculum berriak bide horretatik jarraitzea eskatzen duela", ondorioztatu du Zumetak. Maila akademiko guztiekin batera ez bada ere, ikasleak "helburu amankomunetarako lanean jartzea" aurreikusten dute irakasgai desberdinetan, epe motzera begira. Zuzendariak gogorarazi duenez, adin arteko elkarlana "gaur gaurkoz lantzen ari diren filosofia da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!