‘Orioko balezaleak eta itsasontziak’ erakusketa estreinatu du Jesus Mari Peronak

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 6a, 18:22
Argazkia: Jesus Mari Perona (Facebook)

Miniaturazko ontzi sorta bat aurkeztu du egileak asteazken honetan, eta abuztuaren 6ra bitartean egongo da ikusgai, Orioko kultur etxean. Peronaren diseinuek historian eta itsasoan barrena bidaiatzera daramate ikuslea. Ontzien eta haien istorioen nondik norakoak azaldu dizkio KARKARA-ri.

Erakusketa berez maiatzean zabaltzekoa zela argitu du egileak, “balearen datetan”. Adrian Garcia turismo teknikaria ezagutu zuen orduan, eta hark balearen inguruko erakusketa bat egitea proposatu zion, itsas-historiaren inguruko lanak egiten ari zela. Hala, amaitu gabeko lan batzuk berrartu zituen Peronak.

1901eko maiatzaren 14ko gertakariaren omenez osatu zuen pieza nagusia, eta azkenean, erakusketa uztailera pasatzea erabaki zuten. Erdia “baleazaleei eskainia” dagoela azaldu du Peronak, eta beste erdia, aldiz, Orioko ontzigintzari.

Bale-arrantzaren ondarea

Peronak Euskal Herriko zenbait armarri ekarri ditu gogora, baina batez ere, Gipuzkoakoak: “Balearen arrantzarako erabiltzen ziren nao izeneko itsasontziak ageri dira bertan”. Ontziok irudikatzen aritu da erakusketako lau pieza berritan, haien diseinuak aitarengandik eta Oñatiko artxibotik jaso ostean. Zehatzago esanda, artxiboan topatutako horiek Selma Huxley historialari kanadarraren aurkikuntzen emaitza dira.

Orioko eredu klasikoak

Orioko ereduak Beste bi maketa herritik datozela kontatu Peronak: bata Orioko armarrian azaltzen den ontziaren inguruan Migel Laburu historialariak egindako lanean oinarritzen da, eta bestea, Karraka deituriko itsasontzia, gizaldi bat lehenagokoa da. “Elkanok halako batean eman zion munduari bira”, ekarri du gogora egileak.

Ontzi berriagoak

Antonio Gaztañetak 1716an diseinatutako San Felipe el Real Espainiako armadaren 80 kanoidun ontziaren kopia bat ere esposatu du Peronak, erakusketako handienetariko bat. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran Euskal Herritik armak garraiatzen lagundu zuen 1777ko fragata baten erreplika ere jarri du erakusketan, edota Jose Manuel Mutiozabalek Aginagan, Oria ibaiaren ertzeko Uriberri ontziolan Donostiako armadore batentzat eraikitako La Maria korbeta, 1853ko abuztuan uretaratu eta itsas-bidaia komertzialetan Donostiatik Kubako Habanara joan-etorriak egiten aritu zena. Azkenik, XX. mendeko baporezko ontziak, “Oriori ezagukera ekarri dioten traineru zahar zein berriak” eta Zumaiako ontziolan egin diren azken itsasontziak ere irudikatu ditu, besteak beste.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!