Iñigo Manterola: "Lantzen dituzun artelanekin, zure bizitza kontatzen duzu"

Aritz Mutiozabal / Gipuzkoako Hitza 2022ko uzt. 9a, 11:00
Iñigo Manterola. (Aritz Mutiozabal)

Margolaritza eta eskultura lantzen ditu Manterolak, biak maila berean, baina bolada ezberdinetan. Duela hiruzpalau urtetik Zarautzen du bere estudio-tailerra, eta horrek asko erraztu dio lan egiteko modua.

Artista aktiboa da Iñigo Manterola (Orio, 1973). Ekoiztea eta berritzea arnasa hartzea bezain beharrezkoa duen sortzaile horietakoa da. Dela mihise oihalean, dela burdina okertuz nahiz ugertuz. Prozesua gertukoa izan dadin nahi izaten du, jendeak uler dezan; berak sentitzen duen moduan helaraztea. Karisma hori du, eta horregatik konektatzen du horren ongi jendearekin.

Azken urteetan egin dituzun lanen laginak jarri dituzu orain Zarauzko Arkami galerian.

Azken boladan landu ditudan sailak dira. Transito saileko margolanak eraman ditut, baita arrantzaleei buruzko obra bat ere. Hortik dator abstrakziorako nire lehen pausoa, eta gerora hiru dimentsiorako jauzia, hau da, eskulturara. Eskulturari dagokionez, Tránsito, Paseos vacios eta Paseos por el soporte sailetako lanak topa daitezke. Bestalde, toldotxo bat ere aurkeztu dut. Konfinamendu garaian Zarauzko hondartzan toldorik izan ez zenez, otu zitzaidan tamaina errealeko toldo sinple bat egitea eta malekoian jartzea. Baina Zarauzko Udala nahiko kezkatuta zegoenez eta ekintzak nolako erantzuna izango zuen ez genekienez, azkenean ez nuen aurrera atera. Beraz, maketa bat jarri dut erakusgai.

Azkenaldian ez zenuen erakusketarik egin herrian…

Ez, baina tailerra Zarautzen dut. Bost urtez eduki nuen estudioa herrian, eta, ondoren, Donostian zabaldu nuen. Hamabi urtez espaziorik gabe egon naiz Zarautzen, baina duela hiruzpalau urte pabiloi bat erosi nuen, eta bertan jarrita daukat showroom bat atarian, atzealdean eskulturen tailerra eta goialdean margolanen tailerra. Hiru zatitan banatuta daukat espazioa.

Horrek zer-nolako abantaila eman dizu artista gisa?

Nik lehen hiru gune ezberdinetan egiten nuen lan. Alde batetik, Donostian neukan showroom-a eta han egiten nituen margolan txikiak. Margolan handiak, berriz, argi naturalik ez neukan trasteleku batean egiten nituen, eta eskulturak ere hantxe okertzen nituen. Bestalde, alokatuta neukan pabiloi bateko zati batean, eskultura ertainak eta txikiak ekoizten nituen. Handiak, berriz, kanpoan egiten nituen, lauzpabost lagunen laguntza behar izaten nuelako. Tailer propioa irekitzeak erraztasuna ekarri dit, dena espazio berean dudalako, eta, alde horretatik, oso eroso sentitzen naiz.

Era berean, ikuspegi globalagoa eman al dio zure arteari?

Dudarik gabe. Bisitak edukitzen ditudanean, jendeak ikus dezake non egiten ditudan eta zertan dauden oinarrituak. Izan ere, margolan batzuek bultzatu naute eskultura lan batzuk egitera, eta baita alderantziz ere. Beraz, dena elkarrekin edukitzeak asko laguntzen du. Azken finean, artelana bera non eta nola sortzen den ikustea asko gustatzen zaio jendeari. Potenteagoa da, eta erraztasuna ematen dizu azaltzeko sortze prozesu guztia.

Emaitzaz harago, jendeari gero eta gehiago interesatzen zaio prozesu guztia?

Gero eta gehiago esango nuke. Ez dakit gainerako artistek nola egiten duten lana, baina niri prozesua bera gustatzen zait. Jatorria zein den esplikatzea. Jakina, ez da beharrezkoa. Lehenik eta behin, margolana edo eskultura lana gustatu egin behar zaizu, eta gero atzetik duen istorioak bestelako bultzada bat ematen dizu. Maiteminduarazi egiten zaitu, nolabait esateko. Gertatu izan zait obra baten aurrean norbait ezkor agertzea, baina haren esanahia azaldu bezain pronto, iritzia aldatu eta azkenean erostea. Garrantzitsua da artelanen jatorria zein den ezagutzea.

IÑIGO MANTEROLA

 Zarautz Art ekimena herriko artisten bilgune izan zen, 2009an. Herriko hainbat artista elkartu ziren kaleetan, bakoitzak bere arloan lan egiteko. Manterolak hartu zuen bertan parte.

Eskultorea margolaria baino gehiago ala margolaria eskultorea baino gehiago?

Bolada bat izan nuen marrazkia asko lantzen nuena. Orain, margolanak egiten ditut, baina ez dut aurretik marrazkirik egiten arkatzarekin edo ikatz-ziriarekin, zuzenean margoarekin hasten naiz. Margolaria naiz, baina baita eskultorea ere. Non dudan burua? Boladak izaten dira. Azkenaldian eskulturekin aritu naiz buru-belarri, baina erakusketa berri bat zabalduko dut Tarbesen [Okzitania]; margolan figuratiboak izango dira. Duela astebete itsas zeharkaldi bat egin dut belaontzian lagun batzuekin, Getariatik Santaderrera [Espainia] eta buelta, hainbat geldialdi egiten, eta bidaian argazki ugari atera ditut. Esperientzia horretan oinarrituta, margolanekin osatuko dut erakusketa.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atari digitalean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!