Libe Arruabarrenak European Open 2022ko finala irabazi du Espainiako Selekzioarekin

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 9a, 17:34

Orioko eskubaloi jokalariak eta bere kideek 19:29 garaitu zuten Errumaniako Selekzioa ostiralean. 7:16 irabazten heldu ziren atsedenaldira, eta erraz gailendu ziren.

Libe Arruabarrena oriotarrak 2022ko European Open txapelketako finala irabazi zuen ostiralean Espainiako Guerreras Promesas taldearekin. Errumaniako Selekzioa mendean hartu zuten 19:29ko emaitzarekin, atsedenaldirako markagailuan 7:16 aurreratuta.
 
Eragin Orio taldeko jokalariak urrezko domina eskuratu du txapelketa ikusgarriaren ondoren, bertan jokatutako partida guztiak irabazita. Arruabarrenaren 2006-2007 promozioak Norvegia, Polonia eta Errumaniaren tamainako puntako selekzioak gainditu ditu, nazioarteko txapelketa handi batean gainera.

Oriotarra eta bere kideak partida irabaztera irten ziren lehen unetik, eta defentsan euren mailarik onena atera zuten. Errumaniarren erasoari eustea lortu eta erasoko aukerei etekina atera zietenez,  oriotarraren taldeak laster ireki zuen aldea markagailuan: 3:8 zihoazen lehen zatiaren erdialdean. Aldea handitzen jarraitu zuten partida osoan zehar, hamar tantora iritsiz amaierarako hamar minuturen faltan (16:26).