Joxemari Olasagastiren Uzbekistango argazkien erakusketa, Salatxo tabernan ikusgai

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 11a, 14:53
Argazkia: Aiora Larrañaga

2019an egindako bidaiaren argazki-sorta bat esposatu du Olasagastik, hilaren amaierara bitartean ikusgai egongo dena. Kaleratu berri duen bildumaz mintzatu da argazkizalea KARKARA-rekin, denboran zein espazioan bidaituz.

Olasagastik bi bidaia egin ditu Eurasiako herrialdera, 1987an lehena eta 2019an bigarrena. Salatxon jarri duen argazki-bildumako irudiak, zehazki, 2019koak dira. Bertan ikus daitekeen argazki-galeriako Uzbekistan “zeharo aldatuta” aurkitu zuela aitortu du egileak. Estreinakoz joan zen garaia Perestroika erreformaren eta Gorbatxoven garaia bazen ere, Uzbekistan oraindik Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) errepublika bat zela gogora ekarri du Olasagastik.

“Irekiera garaia zen Sobietar Batasunean, eta gu gazteak ginenez, ideia ona iruditu zitzaigun hara bidaiatzea”. Hala, SESBeko hainbat herrialde bisitatu zituzten astebetean. Bide batez, Zetaren Ibilbidea jarraituz, Iran ere ezagutzeko aukera izan zuten.“Ikaragarri gustatu zitzaigun, eta itzuli egin behar ginela erabaki genuen”, gogora ekarri du Olasagastik. Noiz? Garai haran oraindik ez zuten itzulera datarik finkatu.

32 urte beranduago

2019an izan zen bigarren bidaia, eta “beste herrialde bat” topatu zutela dio argazkizaleak, “oso modernizatuta”. “Ez dakit gasarekin ala petroleoarekin negozioak egin dituzten, baina nabarmena da hor dirua sartu dela”, susmatzen du bidaiariak. Eraikin tradizionalak, esate baterako, “asko txukundu dituztela” sumatu zuen. Erakusketako lehen aipamenean 1987ko argazki bakarra jarri du, baina gainontzeko guztiak 2019koak dira.

Kazakhstandarrak, tajikistandarrak, uygurrak, tartaroak, mongoliarrak… 120 etniatik gora daude Uzbekistanen. “Sekulako saltsa”, Olasagastiren hitzetan. Bada, “saltsa hori, aniztasun hori” biltzen saiatu da bere argazkietan. “Eraikinak, emakumeak, gizonezkoak eta haurrak” hilezkortu ditu, hamabi iruditan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!