'Juanita Larando' patatxa Oriora heldu da

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 11a, 16:19

Zumaiatik Oriorako bidea egin du ontziak, Elkano Itsas Herria ekimenaren ibilbideari jarraiki. Eguerdian ongietorria egin diote Juanita Larando ontziko tripulazioari Herriko Plazan. Hemendik eta uztailaren 15era artean, beraz, hura bisitatzeko aukera izango da; Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena ospatzeko egitasmoaren testuinguruan. Elkano Fundazioak, Itsas Museoak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatutako ekimena da.

XVII. mendeko Juanita Larando patatxea Orioko moilan lur hartu du gaur eguerdian, eta ikusmina sortu du herritarren artean. Jende dezente bildu da portu inguruan eskifaiari ongi-etorria egiteko, udaleko ordezkariekin batera, eta askok ezustekoa hartu dute Jesus Mari Perona itsasontzi maketagilea eta Esteban Gozategi ontzigilea arraunean ikusi dituztenean.

Anuska Esnal Orioko alkateak goizeko aurkezpenean “egun berezitzat” jo du patatxaren etorrera. “Opari bat”, finean, egitarauak Bisigu Festarekin eta herriko estropadekin bat egingo baitu asteburura begira. Juanita Larando Mutiozabal ontziolako planoekin eginda dagoela gogorarazi du alkateak, eta zentzu horretan, Esteban Gozategiren lana nabarmendu du, Mutiozabalgo azken langilea, “azken mohikanoa” izaki. Mutiozabal itxi ondoren, Gozategi Albaolan hasi zen lanean, harik eta jubilatu zen arte.

Orioko Kultur Etxean ikusgai dagoen Jesus Mari Peronaren erakusketari eta Perona berari ere aipamena egin die Esnalek, “itsas-ondarearen transmisiorako hainbat urtez isilean herriari egindako lan eskergaren adibidetzat”. Hain zuzen ere, hark berreskuratuak dira patatxa egiteko beharrezkoak izan ziren planoak. “Batzuetan bizitzak aukera polit hauek sortzen dizkigu, eta hemen, bost erpinok elkartuta, festa aparta sortzeko aukera eman digu”, ondorioztatu du Esnalek.

 
Historiaren ganbara

Xabier Agote itsasontziaren patroi, Albaolako zuzendari eta Elkano Itsas Herria priektuko kideak hartu du hitza jarraian. Ezer baino lehen, Juanita Larando mugiarazi duten arraunlarien “meritua” azpimarratu du: “Egun gogorra izan da, arraunean distantzia handia egin baitute Zumaitik hona, haizerik gabe, eta bero handiarekin”. Erakundeen eta fundazioen arteko lankidetzarekin sortutako proiektua izan dela azaldu du jarraian, “Juan Sebastian Elkanoren izen ona gogoratzeko”. Bere atzetik, ordea, “hainbat itsasgizon trebe” izan zirela esan du Agotek, “ezezagunagoak”. Elkano, beraz, “guztion ordezkaria” litzateke, zuzendariaren hitzetan.

Bestalde, “esker oneko” azaldu da Gozategirekin, “irakatsitako guztiagatik”. Peronari, berriz, “zorretan” daudela baieztatu du Agotek, Albaolan eraikitako hainbat txalupetan jarritako aleagatik, “itsas-ondarea berreskuratzeagatik”. Are gehiago, itsasontzien faltan, “historiarik ez legokeela” ziurtatu du Albaolako zuzendariak. “Jesus Marik ganbara hartan aurkitu zuena izugarria da, abenturazko pelikula baten hasieran bezalakoxea: jakin-min handia duen norbait ganbara batera igotzen da eta euskal itsasontzien planoz beteriko kutxa bat topatzen du”. Aurkikuntza horri esker atera du aurrera Albaolak bere lana. “Itsasontzi planoen munduko bildumarik handiena eta ederrena” izan daitekeen hartatik, 500 planoko bilduma horretatik, zortzi txalupa eraiki dituzte Albaolan.

 

Peronak ikasitakoak

“Suertez, edo gauzak bideratu ziren bezala bideratu zirelako topatu nuen plano-bilduma”, aitortu du Peronak, apalki. Izatez, “ganbaran lekua egin behar izan zutela” dio ontzizaleak, “tresna ugari baitzeuden”. Handik urte batzuetara, itsasontzien maketagintzaren afizioa zela eta, Donostiako Aquariumeko talde batean sartu zen, “bertako maisuek zekitena ikasi nahian”. Bertan atera zuen irakaspen nagusia, ordea, bestelakoa izan zen: “Derrigorrezkoa da geure itsasontzien maketak egitea, bestela inork ez ditu egingo”.

Helburu horrekin, erakusketa bat osatzekoak ziren Perona eta bere kideak. Hala, bilduma bat eskuan hartuta bilera batera joan zen. “Oso egoera kaxkarrean zeuden, urteak behar izan dira haiek txukundu eta argitaratzeko”, jarraitu du Peronak. Horri esker, Mutiozabaldarren historia kontatzen duen liburu bat argitaratu dela gogora ekarri du, “plano guztiak erakusten dituena”. Altxorra, beraz, hor datza Peronaren ustetan: “Gure nortasunarekin lotutako itsasontziak egiteko bidea, planook beste esku batzuetan erori izan balira, agian erreta bukatuko luketelako”. Horri esker, Mutiozabalen eta Aginagan egin ziren lanak ezagutu daitezke gaur egun.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!