"Orio Eraginen erakutsi didate eskubaloiaz dakidan guztia"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 14a, 10:37

Libe Arruabarrena European Open txapelketako garaikurrarekin. (Utzitakoa)

European Open 2022 txapelketa irabazi berri du Libe Arruabarrena (Orio, 2006) eskubaloi jokalari gazteak Espainiako Guerreras Promesas taldearekin.

Europa mailako txapelketa irabazi berri duzu Espainiako selekzioarekin. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Lan ona egin dugu txapelketan zehar. Defentsa oso ona izan dugu beste taldeekin alderatuta, eta partidak nahiko erraz irabazi ditugu. Gainera, nabarmendu behar dut txandaka taldekide guztiok parte hartu dugula txapelketan, eta hori oso ona da.

Selekzioarekin jokatu duzun lehen aldia izan al da?
Bai, aurten deitu zidaten lehen aldiz Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia) egin ziren entrenamendu batzuetan parte hartzeko. 30 jokalari bildu ginen, eta apirilean Mediterraneoko Jokoak jokatzeko aukeraketa egin zuten. Lehen txapelketan ez genuen emaitza ona lortu. Izan ere, lurraldeen arteko Espainiako Txapelketa jokatu berri ginen jokalari guztiak, eta oso nekatuta iritsi ginen.

Ezustekoa izan al zen Espainiako selekzioak deitzea?
Banekien Orio Eraginekin oso denboraldi ona egiten ari ginela, baina ez nuen espero selekzioak deitzea.

Selekzioan jarraitzen duzuen dinamika desberdina al da etxeko taldekoarekin alderatuta?
Taldearekin astean hiru egunetan entrenatzen dugu, eta urte asko daramagunez elkarrekin, konfiantza giroa dugu. Selekzioarekin, berriz, martxa guztiz desberdina da. Aitortu behar dut lehenengo kontzentrazioan giroa nahiko hotza izan zela, entrenatzaileak eta lantaldea jokalariokin distantzia mantentzen saiatu baitziren; gainera, jokalariok elkar ezagutzen ez genuenez, ez zegoen konfiantza girorik gure artean. Txapelketetan, ordea, giroa desberdina izan da. Pixkanaka harremanak sendotzen joan gara, eta talde teknikoak ere dena eman du guri laguntzeko. Orain giro ona dugu.

Zein izan da egunerokoa selekzioarekin?
Europako Txapelketa prestatzeko, esaterako, Madrilen kontzentratuta egon ginen, eta egunero errutina bera jarraitzen genuen: gosaldu, entrenatu, bazkaldu, atseden hartu, entrenatu, afaldu eta ohera.

Kostatu egiten al da selekzioan talde izaera lortzea?
Bai, denbora behar izaten da horretarako, baina ezin da konparatu Orio Eragin taldean dugun giroarekin eta konplizitatearekin. Selekzioan lurralde desberdinetako jokalariak biltzen gara; gehienak dira Andaluziakoak, Nafarroakoak eta Valentziakoak, baina beste lurraldeetakoak ere bagaude: galiziarrak, kataluniarrak eta ni euskalduna. Talde izaera lortzeko ezinbestekoa da harremanak sendotzea, eta horretan saiatzen ari gara. Bidaiek asko laguntzen dutela uste dut. 

Kirol arloan antzeman al duzu exijentzia maila handiagoa Espainiako selekzioarekin?
Kontzentrazio handia eskatzen dute, eta antzematen dut koska bat gorago dagoela kirol arloan. Horrez gain, beste hainbat arlotan ere formatzen gaituzte. Kontzentrazioetan, esaterako, psikologoa izaten dugu gurekin, eta urduritasunen edo presioen aurrean zer egin behar dugun esaten digu. Nutrizioa, prestaketa fisikoa eta beste hainbat gai lantzeko hitzaldiak ere eskaintzen dizkigute, eta entrenamenduetan grabatu egiten gaituzte, bideoak ikusi eta akatsak zuzentzeko. 

Europako txapelketatik bueltatuta, orain Euskadiko selekzioarekin zaude bilduta.
Bai, astebeteko topagunea antolatu du Euskadiko selekzioak datorren denboraldia prestatzen hasteko, eta Mungian (Bizkaia) gaude kontzentratuta igandera arte. Gero, atsedena hartuko dut, eta Orio Eraginekin denboraldiaurrea prestatzen hasiko gara.

Espainiako selekzioarekin beste hitzordurik ba al duzu?
Oraingoz ez. Deituz gero, datorren urtean jubenil mailako selekzioarekin jokatzea tokatuko litzaidake, eta jakin badakit hori urrats bat gehiago dela, profesionalen aurreko etapa baita. Gainera, beste entrenatzaile batek gidatzen du taldea, eta ez dakigu zer asmo dituen. Gustatuko litzaidake bide hori jarraitzea, baina denborak esango du. 

Oraingoz, beraz, Orio Eraginen zentratuko zara.
Bai, eta aprobetxatu nahi dut Orio Eragin osatzen duten entrenatzaile eta kide guztien lana azpimarratzeko. Emaitza bikainak lortzen ari gara maila guztietan. Horrez gain, argi utzi nahi dut selekzioarekin lortu dudana Orio Eragini esker izan dela. Batetik, Orio Eraginek erakutsi didalako eskubaloiaz dakidan guztia, eta bestetik, ezinezkoa izango lizatekeelako niretzat honaino iristea nire taldekideak ondoan izan gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!