Hirugarrenez jarraian, Muskuilu-Harri elkarteak irabazi du Bisiguaren Festako bisigu lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 17a, 14:32

Aurreneko aldiz herriko elkarte gastronomiko guztiek parte hartu dute lehiaketan, baina Muskuilu-Harriko Jesus Mari Bravo eta Iñaki Peral izan dira epaimahaiaren gustukoenak beste behin. Bravok ez du beren sekretua kontatu nahi izan. Luis Mari Uranga epaimahaikideak, ordea, pista eman du: "Guk parte hartzaileei beti esaten diegu ozpina eta piperra erabil ditzatela".

Gaur 12:00etan hasi da Bisiguaren Festako elkarte gastronomikoen lehiaketa. Bisigua parrilan erre eta platerean txukun jartzeko orduerdi eduki dute, eta ondoren, epaimahaikideek denak probatu dituzte banan-banan. Luis Mari Uranga, Joxe Miguel Zendoia eta Mikel Manterola parrileroak izan dira epaile, eta "guztiak onak" zeuden arren, Muskuilu-Harri elkartearena jo dute garaile. Jesus Mari Bravok eta Iñaki Peralek, hala, hirugarrenez jarraian jantzi dute lehiaketako txapela.

Bravo pozik azaldu da irabazteagatik, baina ez du kontatu nahi izan zein den beren sekretua. Hori bai, elkartean parrilan asko aritzen direla aitortu du, nahiz eta bisigua gutxitan prestatu. Bisigu zaleak badira, eta esan du arrain hori gustura jango dutela Bisiguaren Festako azken otorduan. Izan ere, sariaren barruan sartzen da irabazleek plazako otordurako txartela jasotzea.

Jose Angel Iparragirre zinegotziak azaldu duenez, "aurten aurreneko aldiz herriko elkarte gastronomiko guztiak animatu dira lehiaketan parte hartzera". Zortzi dira: Muskuilu-Harri, Aldapa, Arkaizpe, Elizpe, Gure Etxea, Toki-Alai, Balea eta Anarri".

Bikoteka aritzen dira lanean, eta ohikoa denez, gizonezkoak izan dira nagusi; emakume bakarra agertu da amaierako talde argazkian.

"Ozpina eta piperra botatzeko esaten diegu beti"

Luis Mari Urangak eta Joxe Miguel Zendoiak 40 urtetik gora daramatzate parrilero, eta irabazlea erabakitzerakoan kontuan zer hartzen duten galdetuta, zera esan du Urangak: "Aurrena itxura baloratzen dugu, aurkezpena; ondoren testura eta zaporea; refritoa ere bai; eta arraina bere puntuan eginda dagoen, ala pasata nahiz gutxi egina. Guk esperientzia handia dugu parrilan, baina elkarteetakoak ere aritzen dira, eta batzuk ia profesionalak dira, kar-kar. Guk beti esaten diegu ozpina eta piperra botatzeko, pikante pixka bat behar duela bisiguak".

Iparragirrek azaldu du dastaketan bisigu bat jaten dela gutxi gorabehera, eta gainontzekoa beharra duten pertsonen artean banatzen dela, laguntza hori ematen duten elkarteen bitartez.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!