PAPEREKOA

Orain dela mende erdi hasitako bidea

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 23a, 11:27
Seddiq El Ghailani eta Abdelkader Tiar meskita aurrean.

Uztaileko KARKARA aldizkarian 70. hamarkadan Oriora iritsi ziren familia marokoarrekin erreportajea argitaratu genuen eta sarean irakur daiteke orain.

Hasiera batean abizenak despistatu badezake ere, ez du inork esango Tiar eta El Ghailani familiak oriotarrak ez direnik. Duela mende erdi utzi zuten Maroko bizimodu hobe baten bila, eta Orion aurkitu zuten beren bigarren etxean. Ordutik urte asko pasa dira eta 70. hamarkadan iritsi ziren marokoar horiek hirugarren belaunaldiari egin diote bidea.

Abdelkader Tiar eta Seddiq El Ghailani ezagunak dira oriotarren artean. 70eko hamarkadan iritsi ziren herrira, beste hainbat marokoar bezala, eta mende erdi daramate bertan bizitzen. Heldu zirenean lana egitea zuten helburu bakarra, eta ez zuten sekula pentsatu ere egin oriotartu egingo zirenik, baina seme-alabak izan zituzten eta azken horiek hirugarren belaunaldiari ere egin diote bidea. "Ia konturatu ere egin gabe, hemen errotu dugu bizimoua".

Egunero ateratzen dira bi gizonak ohiko paseoa ematera eta kontu kontari aritzen dira oriotarrekin, adineko pertsona askori bezala gustatzen zaielako garai zaharrak gogoratzea. Herrira etorri berria denari baliteke, hasiera batean, atzerritarrak iruditzea, baina beraiekin hitz egiten hasi orduko konturatu daitekee herriko familiak eta txokoak bertako adinekoek bezain beste ezagutzen dituztela. Ez da gutxiagorako, beren herrialdean baino askoz urte gehiago baitaramate Orion. Errespetuz agurtzen dituzte bizilagunek, bizitza guztian zehar ezagutzen diren adinekoei egiten zaien bezala.

Abdelkader Tiar

Tiar baserritarra zen Marokoko herrixka batean. Lurrak ematen zuenarekin bizi ezin zitekeela ikusita, Tetuan (Maroko) hirira joan zen lan bila, baina etorkizun iluna aurreikusi zuen, eta migratzea erabaki zuen. "Familiako kide batek esan zidan jendea Espainiara joaten ari zela lan bila. Ezkondu berria nintzen eta oso gogorra izan zen niretzat bizitza guztia atzean uztea, ezagutzen ez nuen herrialde berri batera etortzeko", aitortu du. 

Hasieran, Euskal Herrira, iritsi urretik, Kataluniako Roses herrian obran egin zuen lan. "Bost hilabetez bizi izan nintzen bertan, baina oso gaizki ordaintzen zuten eta, gainera, etxebizitzarik ez zegoenez, txabola batean oso egoera txarrean bizi ginen". Lagun batek animatuta iritsi zen Euskal Herrira. "Orduan ari ziren Behobia eta Bilbo arteko A-8 autobidea eraikitzen. Lagunak esan zidan berak lan egiten zuen enpresa Donostia eta Orio arteko zatia eraikitzen ari zela eta jendea behar zutela lanerako". Bi aldiz pentsatu gabe, Roses utzi eta Orio aldera etorri zen herrikide batekin.

Tiarrek gogoan du Amarako geltokian trena hartu eta Oriorako bidea hartu zuen lehen aldia. "A zer nolako zarata ateratzen zuena tren hark. Mendi artetik sartu zen, eta guztiz harrituta geratu nintzen, ez bainuen sekula horrelako paisaiarik ikusi; beste mundu bat zirudien, oso gutxi zegoen eraikia eta dena zer berdea", ekarri du gogora. 

Hasiera hartan, Txokolateneko etxean pisu bat alokatu eta bertan bizi ziren bi lagunak. "Etorri bezain pronto lanean hasi nintzen. Ez zen garai oparoa; ordu asko sartzen genituen lanean, 11 ordu eta erdi, baina bizitzeko adina ematen zuen". Aitortu du hasieran Orio nahiko herri arraroa iruditu zitzaiola; "ordurako baziren marokoarrak herri handiagoetan bizitzen, baina Orion ez zegoen etorkinik. Handik gutxira, pixkanaka hasi nintzen herrikideak ikusten. Batzuk Arozena adreilu fabrikan lan egiten zuten eta beste batzuk Aian, hoditeria sistema goitik behera jaisten. Ni urte luzez aritu nintzen autobideko lanetan, eta hori bukatu zitzaidanean beste hainbat lan izan nituen. Ez da beti erraza izan, lehen lan-baimena eta egoitza-baimena desberdin izapidetzen zirelako, baina lortu genuen aurrera egitea". Behin hemen egonkortasuna aurkitu zuenean, Halima El Emrani emaztea ekartzeko aukera izan zuen eta familia izan zuten.

Seddiq El Ghailani

Antzeko ibilbidea egin zuen Seddiq El Ghailanik ere. Artzain lanetan aritzen zen Marokon eta etorkizunik ez zegoela ikusita, Herbehereetara migratu zuen familiako kide batzuk han zeudela aprobetxatuz. Orduan 30 urte zituen; Zainab Hammoudan emaztea Marokon utzi zuen hiru seme-alabarekin eta Europarako bideari ekin zion. "Garai horretan ez nuen lan egiteko baimenik eta turista bisatuarekin Europako hainbat herrialde zeharkatu nituen Euskal Herrira iritsi aurretik: Herbehereak, Belgika, Frantzia eta azkenik Euskal Herria. Herbehereetan poliziak dokumentazioa eskatu zidan eta turista bisatua nuela ikusi zuenean, dirurik ba al nuen galdetu zidaten. Ez neukan ezertxo ere, eta kalobozora eraman ninduten hiru egunez. Horren ondoren herrialdea uztea erabaki nuen eta lan bila abiatu nintzen, Euskal Herrira iritsi nintzen arte".  

El Ghailanik gogoan du Donostiako Gros auzoan bazegoela marokoarrak biltzen ziren taberna bat; "han nengoela enpresari bat etorri zen nork lan egin nahi zuen galdezka, eta Hernanin lan egiteko kontratatu ninduten. Garai hartan Hernanik ez zuen hoditeria sistemarik, eta hori eraikitzen lan egin nuen lehen urteetan. Aire librean lan egiten genuen eta oso gogorra zen, orduan eguraldiaren baldintzak orain baino gogorragoak zirelako. Askotan egin behar izaten nuen lan elurretan". Handik gutxira herrikide batek adreilu fabrika batean lan egitea eskaini zion, eta onartu egin zuen. "Adreiluak egosteko labe handiak genituen fabrikan eta bero handia egiten zuen. Elurretan lan egitetik bero handiarekin lan egitera igaro nintzen, baina nahiago nuen. Egun osoan zehar lan egin ondoren, bertan geratzen nintzen lotan, etxean baino epelago egoten zelako negu partean". 

Adreilu fabrikan lanean ari zela gaixotu egin zen Seddiq El Ghailani, eta Marokora bueltatzea ere pentsatu zuen. "Amore eman nuen. Etxera itzuli nahi nuen familiarekin, oso nekatuta bainengoen, baina nagusiak ez etsitzeko eskatu zidan eta lanpostu berri bat eskaini zidan".

Oriotarren laguntza

Urte asko bakarrik pasatu zituen El Ghailanik, bera Euskal Herrira iritsi eta 20 urtera lortu baitzuen Zainab Hammoudan emaztea eta seme-alabak ekartzea. "Bi-hiru urtetik behin udako oporraldian joaten nintzen Marokora bisitan. Niretzat oso gogorra zen hainbeste denbora familia ikusi gabe egotea, orduan ez baitzeuden gaur egungo aurrerapen teknologikoak". Ordurako enpresak Ubegun industriagunean zuen lantegira pasa ninduten, eta Arantzazuko Andra Mari auzoan etxebizitza alokatzeko aukera eskaini ziguten langileoi. Orduan ekarri nuen familia".

Bi familiek harreman estua izan dute oriotarrekin eta eskertuta daude "oso ondo" hartu dituztelako beti. El Ghailanik kontatu du hasieran Oriora bizitzera etorri zenean "oso herri txikia" iruditu zitzaiola. "Azken hamarkadetan asko hazi den arren, garai hartan oso gutxi zegoen eraikita, baratza besterik ez zegoen hemen".

Benetan eskertzen die urte hauetan guztietan lagunza eskaini dioten oriotarrei, garai zailak pasatzea ere tokatu zaiolako. "Une batean familia hartu eta Marokora bueltatzea ere pensatu nuen. Fabrikan egindako lanak eragindako biriketako gaixotasuna atzeman zidaten. Balioezintasuna tramitatzen ari ginen eta enpresak esan zidan alokairuan nuen etxebizitza erosi edo handik alde egin beharko genuela. Nik, ordea, ez neukan pisua erosteko dirurik, eta egoeraren larritasuna ikusita, Fernando Gaztañazpik eta Pilar Zalduak lagun arteko bazkari bat antolatu zuten olidendarren txabolan eta diru bilketa abiatu zuten ingurukoen artean, guk etxebizitza erosi genezan". Azkenean, El Ghailani tratu batera iritsi zen lantokiarekin eta ez zuen herritarren artean bildutako dirua behar izan etxebizitza erosteko, baina aitortu du ez zaiola sekula ahaztuko oriotarrek bere familiarengatik egindakoa.

Meskita

Orioko komunitate musulmanarentzat lorpen garrantzitsua izan zen herrian meskita sortzea. Orion bizitzen hamarkadak zeramatzaten marokoar familiak izan ziren meskita sustatu zutenak, urte luzez horrekin amets egin ondoren. "Aspalditik nahi genuen meskita bat Orion", azaldu du Tiarrek. 1982an, esaterako, Marokoko Bartzelonako kontsula izan zen Orion, Esnal Hotelean egin zen bilera batean. "Euskal Herri osoko marokoarren ordezkariak bildu ginen bertan. Alde batetik, Bilbon kontsulatua irekitzea eskatu nahi genien, garai hartan edozein izapide egitera Bartzelonara joan behar izaten genuelako. Bestetik, zer behar genituen ere ezagutu nahi zuen kontsulak. Eta bilera horretan aipatu zen lehen aldiz marokoarrontzat gune bat edo meskita bat irekitzeko beharra", azaldu du Tiarrek. Hiru hamarkada geroago bete zuten ametsa, ordea."80ko hamarkadan frankismoa bukatu berria zen eta demokrazia giroan lege berriak sortzen ari ziren herrialdea garai berrietara egokitzeko. Zenbait arlo oraindik garatu gabe zeuden eta oso zaila zen horrelako proiektu bat aurrera eramatea", azaldu du Hassan Tiar semeak. Azkenean, 2005ean abiatu zituzten meskita irekitzeko izapideak eta bi urte geroago, 2007an, ireki zituen ateak. "Hasieran ez genekien zer forma juridiko eman behar genion meskitari. Ordurako Zumarragakoa eta Eibarkoa dagoeneko irekita zeuden, eta horien esperientzian oinarrituz eta abokatu batekin hitz eginda ekin genion bideari. Mota horretako izapideek denbora asko hartzen dute: identifikazio fiskaleko kodea sortu, estatutuak egin, lokala erosi, obra lizentziak lortu, barruko egokitzapenak egin… luze jo zuen. Gainera, lokala erosteko bakoitzak ahal genuena jarri genuen, eta meskitaz meskita joan ginen borondatea eskatzera", aitortu dute.

Hasiera batean, polemikaz beteta ireki zituen ateak meskitak, zenbait herritarrek sinadura bilketa abiatu baitzuten meskita ez irekitzeko eskatuz. "Kontuan hartu behar da 2001eko irailaren 11n Al Kaedak atentatuak egin zituela New Yorken eta Washingtonen, eta handik urte gutxira, 2004ko martxoaren 11n Madrileko atentatuak gertatu zirela. Horrek islama jomugan jarri zuen eta guztiz aldatu zen gizarteak musulmanon inguruan zuen iritzia". Garai horretan giroa oso "nahasia" zegoela gogoratu du Moustapha Tiarrek, eta jendea "beldurtuta" zegoela.  

Dena dela, Tiar eta El Ghailani familiek nabarmendu dute Orion ez dutela bazterkerik sentitu marokoarrak eta musulmanak izateagatik. Gainera, azaldu dute oriotar askok ez badakite ere elizarekin "oso harreman estua" izan dutela beti. "Don Andres Garmendia apaiza zenaren laguntza handia izan genuen, eta biltzeko gunerik ez genuenean elizako saloia uzten zigun gure ospakizunetarako edo hizkuntza arabiarreko klaseak emateko. Beti eskertuko dugu elizak gurekin izan duen jarrera. Orain arte Orion egin dugun bezala, kulturen arteko errespetuan bizitzea da gure nahia".  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!