Karela kiroldegiko oreka ekonomikoa bermatzeko hainbat neurri onartu ditu udalbatzak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko uzt. 29a, 11:06
Karela kiroldegia. (Aiora Larrañaga)

Udala egingo da Karela kiroldegiko langileen soldata igoeraren eta erregaien prezioen igoerak sortutako gainkostuaren kargu. Horrez gain, udalbatzak erabaki du kiroldegiko lan hitzarmena izenpetzea, eta hori oinarri hartzea etorkizunean egiten diren kontratuetan.

Atzo,uztaileko udalbatzarrean landu zituzten gaien artean, adostu zuten Karela kiroldegiko oreka ekonomikoa bermatzeko hainbat neurri hartzea, Orioko kirol teknikariak egindako bideragarritasun txostenean oinarrituta. Izan ere, dagokion bi urtetako kontratu luzapenari uko egin zion BPXport enpresak pasa den urrian, egoera horretan ezin duela jarraitu arrazoituta. Urtarrilaren 31an amaitu zen kontratua, eta ordutik legeak baimentzen duen bederatzi hilabeteko malgutasun luzapenarekin lanean ari da. Hala ere, urrian amaituko da epe hori, eta egoerari irtenbidea emateko bi aukera proposatu ditu kirol teknikariak: lehiaketa berria ateratzea, edo luzapen berri bat adostea enpresarekin eta denbora horretan herriko kirolaren azterketa egin eta zerbitzu berria diseinatzea, ondoren oinarri horiek kontuan hartuta lehiaketa publikoa deitzeko. 

Udaleko kirol teknikariaren gomendioa izan da luzapena bideratzea eta hala onartu du udalbatzak ere. Dena dela, kiroldegiaren oreka ekonomiko-finantzarioa mantentzeko ezinbestekotzat jo dute egokitzapenak egitea. 

Langileek, esaterako, azken hamar urtetan ez dute eguneratzerik izan soldatetan, eta horren aurrean udalbatzak erabaki du zentroko lan hitzarmena izenpetzea, eta hori aintzat hartzea etorkizuneko kontratuetan. Horrek honako kostua izango luke: 2022an 118.342 eurokoa eta 2023an 143.062 eurokoa; urteko batez bestekoa, 130.702 euro, hain zuzen ere.

Erregaien prezioa gora
Erregaien prezioen igoerari aurre egiteko neurria ere onartu du udalbatzak. Izan ere, azken hilabeteetan izandako erregaien prezioen igoerarekin, orain arte aurreikusitakoa baino gehiago gastatu da; 25.589 euroko gainkostua izan da argindarrean eta 32.586 eurokoa gasaren fakturan; guztira, 58.176 euro. Orain arteko joera urte guztira bihurtuta, gutxi gora-behera 116.000 eurotako gainkostua izatea aurreikusi du kirol teknikariak 2022rako. 

Hala, atzo udalbatzak erabaki zuen udalak bere gain hartzea Karela kiroldegiko langileen soldata igoera eta erregaien prezioen igoerak sortutako gainkostua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!