Teink Trofeoaren partaideak Orion geratuko dira abuztuaren 4an

Mikel Eizagirre 2022ko abu. 1a, 13:29

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ur-Ikara elkartearen Teink Trofeoa batel-txapelketaren partaideak izango dira Orion, abuztuak 4 eta 5 artean. Kiroldegian egingo dute lo eta afaria herriko plazan eskainiko zaie, aurreko aldietan bezalaxe.

Teink Trofeoaren 28. edizioan parte hartzen duten batelak Castro Urdialesetik (Kantabria) aterako dira abuztuaren 1ean, eta ia 88 itsas miliako (162 km) distantzia egingo dute, harik eta abuztuaren 6an Donibane Lohizunera (Lapurdi) iritsi arte.

Bidean, Tartean, Orion porturatuko dira, abuztuaren 4an, 4.etapari amaiera emanez. Hurrengo egunean, goizez, Pasaiarko (Gipuzkoa) bidea hartuko dute. Batelak bost eta sei metro bitarteko arrantza txikiko ontziak dira, ohikoak Euskal Herriko kostaldean.

1993an lau lagunek euskal kostaldea zeharkatu zuten arraunean, bidean zenbait geldialdi eginez, Teink izeneko batel batean. Ordutik, Teink Trofeoa antolatu da urtez urte. Antolatzaileen esanetan, "Teink itsas txapelketa bat baino gehiago da". Hain zuzen ere, "Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun-gune" izan nahi du, "kultura, tradizioak eta itsasoa maite dituzten pertsonak elkartuz", bai eta "esperientziak trukatuz" ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!